Gaizka Izagirre Brosa

Russell T Davies eta pertsonaien garrantzia

Europar telebistako autore txalotuenetako bat da. Ikuslearen eta kritikaren oniritzia lortzeaz gain, telesail ingelesen gorakadaren arduradun nagusietako bat ere izan dela esango nuke. Galestar jatorriko gidoilari, «showrunner» eta telebista ekoizle Russell T Davies sortzaileaz ari naiz.

«A very English Scandal»
«A very English Scandal»

It's a Sin

HBO

Nortasun handiko pertsonaiez osaturiko istorio bizi eta entretenigarriak osatzeaz gain, drama zein umorearen artean nabigatzen duen bitartean, eta gizarte kritika inteligentea zabaltzeko duen behar hori erabiliz, hausnartzeko parada ematen duten ekoizpenak sortzeko duen trebetasuna ere erakutsi du Daviesek. Hori guztia, gainera, miniserie formatuan eta ireki eta ixten diren istorio mamitsuak jorratuz. Pet Shop Boys talde mitikoaren izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion “It's a Sin” (Bekatua da) telesaila estreinatu du aurten eta oraingoan ere aurreko lanetan funtzionatzen zuten tekla berak zanpatu eta telesail bikaina gauzatzea lortu du.

Londres, 80ko hamarkada. Hirian elkar ezagutzen duten hiru gazte homosexualen istorioa kontatzen da, hiesaren eragilea den GIB giza immunoeskasiaren birusaren kalteak ezagutzen hasi den gizarte atzerakoi batean –“gay minbizia” etiketa jarri zioten gaixotasunari, pentsa beraz–. Bost ataletan, 1981ean hasi eta hamar urtez luzatzen da fikzioa. Hamarkada igaro ahala, eta hiesaren itzala gero eta gertuago sentituz, hazten eta heltzen ikusiko ditugu, inoiz baino indar gehiagoz eta maitasun irmoagoz bizitzeko helburuz. Beren sexualitatea aztertzea, aktore izatearen ametsa gauzatzea, lana lortzea eta noski dibertitzea, hamarkada liluragarri honen testuinguruan. Desinformazioak, ezjakintasunak eta homosexualitatea oraindik begi onez ikusten ez zuen gizarte atzerakoi eta apur bat ozpinduaren atzaparrek ordea, bide hori maldatsua, bidegabea eta gogorra bilakatuko dute. Lotsa da telesailak jorratzen duen beste elementu narratibo bat, eta azpimarratzekoa iruditzen zait. Hau Ritchie Tozer pertsonaiaren eta bere familiaren bitartez ikusten dugu bereziki, pertsonaia guztiek protagonismo orekatua duten telesail korala den arren, nire ustez, pertsonaia horren istorioa baita argigarriena.

Hamarkada liluragarria aipatu dut, pertsonaia magnetiko eta berezi horiez gain, telesaila maisuki girotua dagoelako. 80ko hamarkadako estetika berezi hori oso ongi pantailaratzea lortu dute, estetikoki agerikoak diren elementuak erabiltzeaz gain (jantzitegia, argiztapena…) hein handi batean soinu banda bikain baten laguntza alboan izan dutelako, hala nola: Enola Gay, Pet Shop Boys noski, Kelly Marie, Patrick Cowley edo Eurythmics.

Dibertigarria da, baina batez ere gogorra. Liluragarria eta aldi berean urratzailea. Russell T. Daviesen obrarik pertsonalena dela esango nuke. Ikuslearen bihotzera zuzenean doan telesail paregabea. Ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko kronika bikaina. Urtean zehar telesail gutxi ikusten dituen horietakoa bazara, hau da aukeratu behar duzunetako bat.

Years and Years

HBO

Koronabirusaren eztanda honen barruan irmotasunez gomendatzen dizudan izenburua, bertan ikusiko dituzun irudiak fikzio hutsa diren arren, zoritxarrez, gero eta ezagunagoak egingo zaizkizulako. 15 urteetan zehar, Lyon familiaren istorioa ikusteko aukera izango duzu, betiere urte horietan gizarte britainiarrean –eta munduan– ezinbestekoak izango diren gertaera politiko, ekonomiko eta teknologikoek izango duten eragin ikaragarria kontua izanda.

Sinopsia drama familiar arrunt baten inguruko istorio jasanezin eta errepikakorra irudituko zaizun arren, topatuko duzuna guztiz kontrakoa izango da. Errazago azaltzen saiatuko naiz. Hartu irabiagailua eta sartu: “Black Mirror” telesailaren xafla batzuk, “Sense8”-ren eta “This is Us”-en pertsonaien mamia, drama, umore beltza eta distopia esentzia apur bat. Alexa, Brexita, transhumanismoa, errefuxiatuak, gidoi biraketa harrigarriak eta erritmo frenetikoa. Guztia ongi nahastu. Emaitza, HBOn ikusgai daukazun “Years & Years” telesaila. A zer harribitxia!

A Very English Scandal

AMAZON

Stephen Frears zuzendari ezagunaren gidaritzari eta Russell T Daviesek idatzitako gidoiari esker, telesail motz bikaina osatu dute. Osagarrien artean gainera, Hugh Grant eta Ben Whishaw aktoreak. Hilketa saiakeragatik auzipetu zuten lehen politikari britainiarraren benetako istorio zirraragarria ardatz duen miniserie aparta da. 1960ko hamarkadaren amaieran, homosexualitatea despenalizatu eta gutxira, Jeremy Thorp Alderdi Liberaleko buruak eta Erresuma Batuko alderdi politiko bateko buruzagi gazteenak zabaltzea nahi ez duten sekretu bat gordeko dute. Jeremy Thorperen epaiketak bertako politika betiko aldatu zuela esan daiteke. Atalak aurrera egin ahala gero eta kutsu surrealistagoa hartzen joango den istorio hau kontatzeko, Frearsek komedia beltzaren printzak erabiltzen ditu, garaiko gizarte britainiarraren hipokrisia eta moral bikoitza irudikatzeko, baita boterearen trikimailuei edo hedabideen sentsazionalismoari eraso egiteko ere.

Cucumber, Banana eta Tofu

FILMIN

XXI. mendeko sexu kultura aztertzen duten telesail trilogia. Hiru telesail independente, baina elkarrekin lotuak (pertsonaiei esker), Manchesterreko homosexual talde baten sexualitatea eta sentimenduak aztertzen dituztenak. Izenburuak zakilaren gogortasun egoerei egiten die erreferentzia, eta gizarte maila eta adin desberdinetako LGTBI talde baten errealitate poliedrikoa islatu nahi du, estereotipoetatik haratago joanez eta pertsonaien sentimenduak eta pertsonalitateak haien sexu identitatearen gainetik islatuz. Bata bestearen jarraian ikusteko beharrik ez dagoen arren, trilogiaren ezaugarri aipagarrienetako bat istorioak nola osatzen diren da; horregatik, interesgarria da modu paraleloan ikustea, batez ere “Cucumber” eta “Banana”. Bikote batek biziraun dezake sexuak funtzionatzen ez badu? Maitasuna, errespetua eta miresmena nahikoak izan al daitezke bi pertsona elkarrekin mantentzeko, hain fisikoa, oinarrizkoa eta animaliazkoa den sexuak funtzionatzen ez duenean? Galdera interesgarriak dira eta erantzuten zailak. Telesailak ez du erantzunik eman nahi, baina berrogei urte inguruko pertsona batzuen bizitza erakusten digu, zalantza horien baitan mugitzen diren bitartean.

Doctor Who

AMAZON

Aitortuko dizut ez naizela telesail honen oso zalea, baina telebista britainiarraren historiako ezinbesteko izenburua dela ezin ukatu. Historikoa eta ikaragarria da telesail honek lortu eta egin duen guztia, britainiar pop kulturaren ikur bilakatzen amaitu duen arte. Who Doktorea 750 urteko adina eta jatorriz Gallifrey planetakoa den estralurtar bat da, gizaki itxura hartu eta denboran nahiz espazioan atzera-aurrera bidaiatzeko gaitasuna duen izakia. Horretarako, ikono bilakatu den Tardis izeneko britainiar polizia kabina urdin bat erabiltzen du. Zientzia-fikziozko kontakizun horretatik abiatuz, telesailak bi aldi edo aro izan dituela esan daiteke: lehena, aldi klasikoa, 1963-1989 bitarte, eta bigarrena, aldi modernoa, 2005. urtetik gaur egunera arte. Urte horietan guztietan, aktore protagonista gorpuzten, hamahiru aktore desberdin igaro dira, eta 2017tik hona, historian lehen aldiz, emakume batek gorpuztu izan du gainera, Jodie Whittakerrek, hain zuzen ere. Munduko zientzia-fikziozko telesail luzeena bezala agertzen da Errekorren Guinness Liburuan. 800 atal baino gehiago eta 38 denboralditik gora.