Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Aberri Eguna, batasuna, askatasuna eta maitasuna irudikatzeko eguna

Apirilaren 4an dozenaka ekitaldi izango dira Euskal Herriko udalerrietan Aberri Eguna ospatzeko. Euskal Herria Batera ekimenak seinale bat zabalduko du 12.30ean herritarrek ​«Gernikako arbola», «Txoria txori», eta «Ikusi mendizaleak» abestu ditzaten.

Euskal Herria Batera ekimeneko kideek martxoaren 13an Donostian egindako agerraldia. (Andoni CANELLADA)
Euskal Herria Batera ekimeneko kideek martxoaren 13an Donostian egindako agerraldia. (Andoni CANELLADA)

Pasa den urteko Aberri Eguna berezia izan zen, erabat arraroa. Urte hasieran inork ez zukeen pentsatuko martxoan konfinamendua ezarriko zela ekialdetik heldutako pandemiari aurre egiteko. Ez ziren egon egun horretan ohikoak ziren manifestazioak, ezta ekitaldi politikoak ere. Etxean eta etxetik bizi izan zen 2020ko Aberri Eguna, eta milaka herritarrek ikurrinak eta Nafarroako banderak balkoietan eta leihoetan zintzilikatu zituzten Euskal Herriaren subiranotasuna aldarrikatzeko, Euskal Herria Batera ekimenaren deiarekin bat eginez.

«Iazko udaberrian ez genuen asko pentsatuko urtebete geroago oraindik pandemia borrokatzen arituko ginenik. Baina hemen jarraitzen dugu, lehentasunez gaitzari aurre egiten eta, aldi berean, larrialdi luze honek izango dituen ondorio sozial eta ekonomikoen beldur», nabarmendu du ekimenak 44 lagunek sinatutako agirian. Bertan adierazten dute sinetsita daudela «komunitatea trinkotuta gai izango garela aurrera egiteko. Izan ere, 2020ko Aberri Egun bereziak erakutsi zuen Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna».

«Gizarte konplexuetan handia da aniztasuna eta zail bihurtzen da batasuna, helburu bakarra eta ibilbide bera partekatzea. Posibleago da bateratasuna, jomugak hurbiltzea eta ibilbideak sinkronizatzea, tarteka batera jardunda elkar indartzea eta komunitatea aniztasunaren gainean eraikitzea», ohartarazi dute «talde sustatzailea» osatzen duten lagunek.

Haiek ere aipatutako bateratasun horren adibide dira, kirol, kultura eta gizartearen arlo ezberdinetako norbanako direlako. Haien artean daude, esaterako, Aitor Servier bertsolaria, Amaia Merino zinemagilea, Anabel Arraiza kultur ekintzailea, Dorleta Kortazar ipuin kontalaria, Eduardo Gaviña (Yogurinha Borova izenarekin ezagutzen dena), Gaizka Aranguren kazetaria, Ierra Agirre pilotaria, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakari ohia, Maddalen Arzallus bertsolaria, Markel Susaeta futbolaria, Kike Amonarriz euskaltzalea, Mario Zubiaga EHUko irakaslea, Nerea Loron ‘La Furia’ abeslaria, eta Ximun Fuchs antzerkilaria.

Manifestuan diotenez, «mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko, lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko»; eta beraiek nahiko lukete «Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko».

«Bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar du Euskal Herriak, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko. Herrigintza horretan erabili beharko dugu eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan, herritarron, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko», adierazi dute eta, iragarri dutenez, beraien esku dagoena egingo dute «bide horretan aitzinatuko gaituen dinamika sortzeko, eta Euskal Herri bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko».

Covid-19ari dagokionez egoerak okerrera egin du Hego Euskal Herrian, eta ez dago argi zer-nolako neurriak egongo diren indarrean apirilaren 4an. Arazoak saihesteko, aurten ere ez dira manifestazioak eta ekitaldi jendetsuak egingo, eta manifestuaren sinatzaileek ere ez dakite oraindik «ea aukerarik izango ote den kalean egiteko. Guk, egoera edozein dela ere, keinu bat batera egitea proposatzen diegu euskal herritarrei, eragileei, alderdiei eta sindikatuei: apirilaren 4an kantuan egitea, denok batera Euskal Herri osoan, 12.30ean igorriko dugun seinalea jarraituz».

Hala, martxoaren 13an egindako agerraldian azaldu zutenez, Internet eta irratien bitartez hiru abesti jarraitu ahal izango dituzte herritarrek: “Gernikako arbola” batasuna adierazteko, “Txoria txori” askatasuna aldarrikatzeko eta “Ikusi mendizaleak” maitasuna irudikatzeko. 12.30ean Euskal Herriko plazetan biziko da «une bat euskal herritarrok elkarrekin partekatzeko; une bat sintonizatzeko. Gure mugikorretan bozgorailuen bolumena igo eta emisioa sintonizatuz. Euskal ikurrak jarriz».

Aurten ere herritarrok leiho eta balkoietan Euskal Herriko banderak, bai ikurrina bai Nafarroako bandera, zintzilikatzeko deia egin du Euskal Herria Batera ekimenak, euskal gizartearen bateratasuna irudikatzeko. «Herrigintzan batera jardunda garatuko baitugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa».

Eragileen babesa

Hainbat eragilek babestu dute Euskal Herriak Batera egindako deia, besteak beste, EH Bilduk eta koalizioa osatzen duten alderdiek. «Iaz, etxealdi betean, leiho nahiz balkoietatik ospatu genuen Aberri Eguna, Euskal Herria Batera ekimenaren deialdiari jarraituz. Aurten, ekimen berak balkoietatik plazetara irteteko egindako deialdiarekin bat egiten dugu. Apirilaren 4an, nazio gisa agertuko gara munduaren aurrean. 12.30ean, Euskal Herri osoan, une berean eta bat eginik, Euskal Herriaren burujabetza eta askatasuna aldarrikatuko ditugu, osasun neurri guztiak zainduta. Izan ere, bere burua gobernatuz herritarrak zainduko dituen herria izan nahi dugu», nabarmendu du Sortuk.

Horixe nabarmendu du Udalbiltzak ere, Euskal Herria Bateraren proposamenarekin bat egin eta bere hautetsi eta udalak animatzen ditu apirilaren 4an «keinu bat batera egitera».

Dozenaka ekimen Euskal Herriko hamaika txokotan

Dozenaka ekimen izango dira Euskal Herrian Aberri Eguna ospatzeko. Euskal Herria Baterak iragarri duenez, Irunen, esaterako, kalejira 11.15ean abiatuko da Urdanibia plazatik, eta 12.15ean ekitaldia egingo da Etorbidearen zubian. Herritarrek “Gernikako arbola”, “Txoria txori” eta “Ikusi mendizaleak” abestuko dituzte Gipuzkoa eta Lapurdi batzen diren zubian. Iruñean zutabeak osatuko dituzte Arrotxapean, Txantrean, Mendillorrin, Donibanen eta Alde Zaharrean. Guztiak batuko dira Gazteluko Plazan, 12.30ean. Baionan, Marilou Lapeyradek eta Eneko Lamonthek parte hartuko dute eguerdian Merkatu Plazan izango den ekitaldian. 

Bakaikun ere herritarrek bat egingo dute, eta gauza bera egingo dute Arrasate, Oteitza, Hernani eta Sestaon. Azken udalerri honetan hitzordua 12.00etan izango da, Kasko plazan. Erandion ere kalejira eta ekitaldi xume bat egingo dute eguerdian. Lizartzan kalejira 12.00etan hasiko da, eta ordu erdi beranduago ekitaldia egingo da. Uharten ekitaldia San Juan plazan izango da, 12.30ean; eta Lizarran kalejira 12.00etan abiatuko da San Martin plazatik; ekitaldia Santiago plazan izango da. 13.00etan hasiko da Algortako San Nikolas plazan antolatuko den ekitaldia. Kanpaina berri bat aurkeztuko dute bertan. Eskoriatzan kotxe karabana antolatu dute, «egunari behar bezalako hasiera emateko».

Ekimen hauetan, eta beste udalerrietan egingo direnetan, entzungo da Euskal Herria Baterak zabalduko duen seinalea. Nerea Loron La Furia, Dorleta Kortazar, Mirari Martiarena, Iker Villa, Mattin Rafu Ruiz de Alda, Garazi Hach Embarek, Josu Camara eta Gotzon Barandiaranek hiru abestietan hartuko dute parte, beste lagun batzuekin batera. Haien artean daude Ainhoa Tabuyo, Fermin Balentzia, Gontzal Mendibil, Julia Jimenez La Txula Potra eta Iratxe Aguilera Kai Nakai.