NAIZ

Aldaera berri bat atzeman dute Tanzaniatik atera den bidaiari bati egindako frogan

Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Afrikako Zentroek (CDC) koronabirusaren aldaera berri bat atzeman dute Tanzaniatik Angolara iritsitako bidaiari bati egindako froga batean. Tanzaniak pandemiari buruzko daturik eman gabe hilabeteak daramatzala ohartarazi dute.

Foto de archivo del funeral del expresidente de Tanzania John Magufuli. (AFP)
Foto de archivo del funeral del expresidente de Tanzania John Magufuli. (AFP)

Afrikako Batasunaren (UA) menpe dagoen Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Afrikako Zentroek (CDC) ostegun honetan baieztatu dutenez, koronabirusaren aldaera berri bat atzeman dute Tanzaniatik Angolara iritsitako bidaiari bati egindako froga batean. Egoera zehaztea zaila dela adierazi dute, Tanzaniak ez baitu pandemiari buruzko daturik partekatzen 2020ko maiatzetik.

John Nkengasong erakundeko zuzendariak bideokonferentzia bidez emandako prentsaurreko batean adierazi du ez dakiela nola dagoen zabalduta koronabirusaren aldaera hori, eta Africa CDC egoera aztertzeko lanean ari dela gaineratu du.

Halaber, Tanzaniako agintariek informazioa berriro ematen hasi zirela baieztatu du, baina oraingoz ez dutela datu publikagarririk jaso gaineratu du. «Agintariekin harremanetan gaude laguntza teknikoa eman dezakegun ikusteko», adierazi du.

Albiste hau Samia Suluhu Hassanek herrialdeko presidente kargua hartu ostean dator. Izan ere, aurreko presidentea, John Magufuli, martxoaren 17an hil zen, ofizialki bihotzeko gaixotasun batengatik, baina oposizioak uste du koronabirusaz kutsatu zela eta atzerrira eraman zutela egoera kritikoan.

Magufulik hilabete luzez esan zuen Tanzaniak ez duela kasurik, eta otoitz egitea eta eraginkortasunik gabeko erremedioak gomendatu zituen. Urtarrilaren amaieran, gainera, koronabirusaren aurkako txertoaren aurkako iritzia eman zuen.