Jon Ormazabal

Hasi bezala amaitu dute Binakakoaren ligaxka Elezkano eta Zabaletak (7-22)

Aimar Olaizolak eta Ibai Zabalak nola hala eutsi diote partidari 5-6kora arte, baina gero Aspekoak oso nagusi izan dira eta lehen postua eta beraz, finalerdietarako zuzeneko txartela arazo handirik gabe ziurtatu dute.

Partida hasieran ondo antzean eutsi badio ere, azkenerako Zabaleta erabat nagusitu zaio Ibai Zabalari. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Partida hasieran ondo antzean eutsi badio ere, azkenerako Zabaleta erabat nagusitu zaio Ibai Zabalari. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ezkurdia eta Ladis Galarza (22-3) egurtuta hasi zuten Binakakoaren lehen ligaxka Elezkano eta Zabaletak eta beste garaipen eroso batekin amaitu dute, Aimar Olaizola eta Rezustaren ordez aritu den Ibai Zabala zazpian utzita ostiral honetan Bilbon. Jokoan ezer gutxi izanda, tentsio oso desberdineko partida izan da ostiral honetakoa, baina, bide batez, Uranzu pilotalekuan hartu zuten lehen postua ziurtatzeko balio die Aspekoei Bizkaian lortutako puntuak. Aimar Olaizola eta Rezustak, euren aldetik, laugarren postuan jarraituko dute, Ezkurdia eta Ladis Galarzak bakarrik ken diezaiekete laugarren postu hori eta, kasu horretan, Aspeko nafarrak izango lituzkete arerio playoff-ean.

Partida erabakigarri horretarako bere ezkerra ahalik eta hobekien osatzeko asmoz atseden hartu duen Rezustaren hutsak erabat baldintzatu du gaurko Bilboko partida eta hasieran Ibai Zabalak ondo antzean eutsi dion arren, azkenerako hotz xamar aritu den Jose Javier Zabaleta erabat nagusitu zaio atzeko koadroetan eta partidak kolore bakarra izan du, Aspeko urdinena. Pentsa, denera bi tanto baino amaitu ez dituen Aimar Olaizolak ez du bakarra ere airez lortu eta hori oso gutxitan gertatzen den zerbait da.

Esan bezala, partidari emozioak dozena bat tanto iraun dio eta gero espero zen gidoia izan du, hau da, erabat Elezkano eta Zabaletaren aldekoa. Arerioen huts batzuk baliatuta, tartean 3-4koan Elezkanok egindako piedrea –bolea indartsu batekin tantoa amaitzera joan da eta ihes egiteko astirik gabe, pilotak aurpegian jo dio frontisetik bueltan– Baikokoek eutsi diote, nola hala, markagailuari, baina Goizuetakoak bi paretaz lortutako 5-6koaren ostean, partida erabat hautsi dute Zaratamokoak eta etxarrendarrak 14-0eko partzial batekin.

Aspekoak erabat nagusitu dira, aurrean zein atzean. Zabaletak erabat mendean hartu du azkenerako lanak pilatu zaizkion Ibai Zabala, Berrizeko atzelaria oso maila handian ari zen azkenaldian baina beste exijentzia maila bat zuen gaurko lehiak eta azkenerako igarri du, eta bere bikotearen nagusitasun hori bikain baliatu du Elezkano oldarkor batek. Hasieratik tantoa amaitzeko asmoz kantxaratu da bizkaitarra eta azkenerako 11 ere lortu ditu, horietatik ia erdiak (5), airez. Hemendik aurrerakoak oso bestelakoak izango dira finalerdietarako txartela zuzenean eskuratu duen bikotearentzat, baina gaurkoak konfiantza ez galtzeko balio behar izango lieke.

Larunbek negatibo eman du

Bestalde, Baikok jakitera eman duenez, covid-19arekin positibo eman duen pertsona batekin harreman estua izateagatik bere etxean bakartuta dagoen Mikel Larunbek negatibo eman du egindako PCR proban. Hori bai, osasun protokoloek diotenari jarraituz, Galdakaokoak bakartuta jarraitu beharko du eta ezin izango du datozen egunetan entrenamendu eta partidetan parte hartu.

 

FITXA TEKNIKOA:

Olaizola II.a-Ibai Zabala: 7

Elezkano II.a-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 337. Iraupena: 45,30 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-4, 3-4, 3-6, 5-6, 5-20, 7-20, 7-22. Sakeak: 2 Elezkano II.ak. Tantoak: 2 Olaizola II.ak, 0 Ibai Zabalak, 11 Elezkano II.ak eta 2 Zabaletak. Hutsak: 5 Olaizola II.ak, 2 Ibai Zabalak, 3 Elezkano II.ak eta 2 Zabaletak. Gorabeherak: Binakakoaren ligaxkako azken jardunaldia Bilboko Bizkaia pilotalekuan hasi da.