Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Mutriku kolore bereziarekin eta giro aberatsarekin esnatu da

Bizkaiarekin muga egiteak kolore berezi bat eskaini dio Mutrikuri. Asier Illarramendiren lesioarekin guztiak penatuta esnatu badira ere, kolore txuri-urdin eta zuri-gorriak ederki uztartu daitezkeela erakutsi dute mutrikuarrek. 

Mutrikuko lagun talde bat. (NAIZ)
Mutrikuko lagun talde bat. (NAIZ)

Indiatik itzuli berritan da Joseba Beitia futbolaria, Asier Illarramendirekin batera Realeko harrobian jokatutakoa eta bere kuadrilakoa. Indiako ligan laugarren postuan amaitu du denboraldia eta Reala animatzeko prestu iritsi da Mutrikura. Kuadrila guztiak bazkari berezi bat egin eta athleticzale zein errealzaleak batera final historiko honetaz disfrutatuko dute. «Pike sanoa daukagu, ondo pasako dugu», dio futbolariak. Athletic eta Realeko harrobietan jokatutakoa da baina argi dauka gaurkoan bere lagun Illarrari babestu beharrean dagoela. «Noski, ni Realaren alde; bertan lagun asko dauzkat», adierazi dio NAIZi. 

Gustora kaleratu da kuadrila hau, kolore zuri-gorri eta txuri-urdinekin. "Illarra"-ren anaia kaleratzean besarkadak ez dira falta izan, mutrikuarrek nortasuna dutela eta garrantzitsua zer den badakitelako. Asier Illarramendiren lesioarekin penaz baina aberats dago herria bera ere, Bizkaiarekin muga egitearen ondorioz. Aberats dago Mutriku eta giro sanoa egongo dela diote hainbatek. Izan ere, euskal derbiak berezi bizitzen dira, zer esanik ez euskal final bat. 

Illarraren kamisetak nonnahi ikusten dira eta ezin dute pena ezkutatu. «Espero dut, Realak irabaziz gero, Asierrek altxatzea Kopa, Oyarzabalekin batera bada ere», onartu du Joseba Beitiak. 

Bi taldeen koloreaz gain, baina, «Sevilla tiene un color especial» kantuak dioen moduan, Mutrikuk ere kolore berezi bat hartu du. Andaluziar kutsua nabari zen kaleetatik, nahiz eta euskara eta «Erreala ale, irabazi arte, beti egongo gara zurekin» oihuak ere nonnahi entzuten diren. Lagun talde batek, originaltasunari bide emanaz, andaluziar jantzia eta Athletic eta Realeko kamisetak uztartu ditu. Final hau ez delako edozein final; euskal taldeetan arteko lehia izateaz gain, pandemiak herrian, etxean, geratzera derrigortu ditu eta horrelakoetan, imajinazioa da lagunik onena. «Duela urtebete Sevillako hegaldia hartzen geunden», dio Klemen Santosek.

Ondo pasatzeko asmoz daude, ez besterik. Ez dago lehiakortasunik, laguntasuna dago eta hori helarazten dute Mutrikuko kaleek. Bikote, kuadrila eta familian normalena da errealzale eta athleticzaleak egotea eta horrek xarma berezi bat dauka. 

«Athleeeeeeetic» oihuekin entzunak izan nahi dute Gipuzkoako herri batean baina Bizkaiarekin mugan dauden zuri-gorriek. Eta Realekoek irribarrez hartzen dute, talde bateko zein besteko zaleek uneoro gurutzatzen baitira. Guztiak daude irribarrez eta hori baino ezer hoberik ez da pandemiak bizitzera eraman gaituen egoera tristean. 

«Giro polita egongo da», dio mutrikuar batek, elkartasunean bizitzeko gai direla erakutsi nahi baitute. Euskal derbiak ezberdinak direla erakusteko prest daude eta egiaz ari dira, ez itxurakeriatan. Horrek herri baten aldeko elkartasuna ere adierazten du. 

Oraindik mutrikuarrak ez ditu erasan urduritasunak baina gero eta ordu gutxiago falta da final handirako. Orain laguntasuna nagusi da kaleetan, festa giroa dago –beti ere neurriak errespetatuz– eta edonolako finala ez dela ondo erakutsi du Mutrikuk. 

Emaitzarekin oraindik ez dira pentsatzen hasi, lehendabizi disfrutatzea egokitzen delako. Urduritasunak zenbait herritar erasan ditu baina oraindik zutik mantentzen dira. Edonola ere, Kopa Euskal Herrira dator eta horrek, nahi ala ez, kutsu berezi bat eskaintzen du.