Festa giroan, baina batez ere egungo gizartean puri-purian dauden arazoei begira egon da Bilboko Areatzan eguerdian burutu den Aberri Eguneko ekitaldia. Euskal Herria Baterak deiturik, ehun bat lagun bildu da historiaz beteriko txoko honetan.
Han bertan, Balendin Enbeita (1906-1986) bertsolariaren hitzen magalean («Hizkuntza dogu herri batentzat bateoko oinarria./ Hizkuntza dogu herri bateko nortasun ezaugarria./ Euskalerriak euskara dauka ez dakigu noiz jarria./ Eta euskarak adierazten dau hau dala Euskalerria» irakurri daiteke bere omenezko eskulturan), Josu Kamara antzerkigile beteranoak eta Ane Zabala kazetari eta aktoreak gidatu dute euskara nagusi izan zen ekitaldia.
Komunitatea sortu, landu eta etorkizunean pentsatzen jarri gaitezen proposatu dute antolatzaileek. Pandemiak eragindako krisiaren aurrean, «aniztasunaren gainean eraikitako komunitatea» eraiki dezagun aldarrikatu dute.
Parte hartu dutenen artean mezua antzekoa izan da. Langile soziosanitario bat zaintzaren inguruan mintzatu da, eta zein motako eredua inposatzen ari den adierazi du: «Zaintza publikoa beharko lukeena izan, familia arteko zaintza bihurtu baita».
Etorkizuna eraikitzen
Langile-borrokaz eta migrazioari buruz aritu dira oholtzatik, era berean. Beste herrialdeetatik etorritakoen ‘ordezkari’ gisa, Alexis izeneko Barakaldoko galiziarra izan da. Hamar bat urte darama Euskal Herrian eta gaur egun LABeko Ezkerraldeako Industria Federazioaren arduraduna da. Bera bezalako hainbat galiziarrek Euskal Herria egin dutela esan du, haien lana eta borrokari esker altxatu baita komunitatea, eta horren harira zenbait izen ekarri nahi izan ditu gogora; esaterako, Pepe Rei kazetaria –«bera gabe ‘Egin’ egunkaria ez zen egunkari bera izango», aipatu du– eta Jose Miguel Beñaran, Argala. Haien hitzak ekarri ditu gogora: «Euskaldunak dira hemen bizi, lan eta borrokatzen dutenak».
«Gaur egungo immigranteak herri honen etorkizuna izan daitezke», nabarmendu da oholtzatik.
Amanda Berrones gazte brasildarra ere izan da bertan. Urtebete darama euskara ikasten, eta gaurkoa jendaurrean eta euskaltegitik kanpo eman duen lehen hitzaldia izan da.
Hitzaldi mamitsua bota du brasildar langile eta sindikalisten alaba honek. Feminismoa, langile-borroka, aniztasuna… «jendeak kontrakoa uste duen arren, migratzaileen errealitateak asko eta anitzak dira». Konplexutasun horretatik aritu da, hausnarketarako bideak zabaltzen.
Aniztasun horri buruz mintzatzen da, alegia, ekitaldiaren bukaeran kantatu den Mikel Laboararen kanta: «Hegoak ebaki banizkio/ Nerea izango zen,/ Ez zuen alde egingo. Bainan, honela/ Ez zen gehiago txoria izango/ eta nik…/ txoria nuen maite».