NAIZ

2.335 isun jarri dituzte EAEn Aste Santuan zehar osasun araudia ez betetzeagatik

Lakuako Segurtasun Sailak adierazi duenez, Aste Santuan zehar ertzainek eta udaltzaingoek 2.335 isun bideratu dituzte pandemiari aurre egiteko ezarri diren neurriak ez betetzeagatik.

Ertzainak Donostiako erdigunean artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ertzainak Donostiako erdigunean artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ertzaintzak eta EAEko udaltzaingoek kontrolak egin dituzte Aste Santuan zehar, covid-19aren aurrean justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun neurriak betetzen direla zaintzeko. Bada, zaintza dispositibo horietan, agenteek 2.335 isun bideratu dituzte joan den asteazkenetik astelehen honetara arte, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Isun horien artetik, 831 izan dira gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik, 447 eremu publikoetan edo pribatuetan gehienez lau pertsona elkartzeko muga ez errespetatzeagatik, eta 18 erkidegoko sarrera-irteerak ez errespetatzeagatik.

Halaber, musukoa ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik 485 isun bideratu dituzte ertzainek eta udaltzaingoek, eta kalean alkohola kontsumitzeagatik 227 isun bideratu dituzte. Gutxiago dira beste kontzeptu batzuengatik jarritako isunak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxeetan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Azkenik, herrialdeen banaketari dagokionez, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agenteek 471 isun bideratu dituzte Araban, 1.254 Bizkaian eta 610 Gipuzkoan.