Julen Madariaga ekintzaile, politikari eta abokatua zendu da gaur gauean, Berriak jakinarazi duenez. Ekin taldearen sortzaileetakoa izan zen, ETAren hazia izanen zena, eta erakunde honen zuzendaritzan ere izan zen.
Madariaga Bilbon jaio zen 1932ko urrian, 36ko gerraren ondoren Txilera erbesteratu behar izan zuen familia batean. Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, Oviedon eta Cambridgen; azken honetan egin zen doktore. Deustun zegoenean hasi zen haren jarduera politikoa eta 1952an Ekin taldea sortu zuen Jose Maria Benito del Valle, Goritz, Txillardegi, J.M. Agirre eta beste batzuekin. Ekin taldea eta EAJren EGI batu egin ziren aurrerago Eusko Gaztedi taldean, baina EAJrekin zituzten desadostasun handiak tarteko banatu egin ziren eta 1958ko abenduan Madariagak, Txillardegik, Del Vallek eta Iñaki Larramendik ETA sortu zuen.
Madariaga, Eneko Irigarai eta Txillardegi. (Eneko Irigarai artxiboa)
Handik urtebetera atxilotu zuten Madariaga lehen aldiz, eta 1961an preso sartu zuten beste hainbat lagunekin batera, Donostiara militar ohiak zeramatzan tren baten aurkako ekintzaren ostean. Espetxetik atera ondoren Parisen gordeta egon zen, Lucio Urtubia anarkistaren etxean hain zuzen ere.
Iruñean, sasian zela, mozorrotuta 1962an. (Julen Madariaga artxiboa)
Madariaga hainbat aldiz atxilotu zuten, eta torturak eta espetxea ere pairatu zituen. Meliton Manzanasek torturatu egin zuela ere salatu zuen. Baionan izan zuen epaiketa baten ostean Algeriara erbesteratu zen 1965ean eta han bizi izan zen 1966ko urrira arte.
ETAren IV Asanbladaren ostean erakundean izan ziren lehen zatiketa ideologikoen ondoren Belgikara joan zen, 1971n Euskal Herrira itzuli zen arte. Belgikan zegoelarik Ipar Euskal Herrira itzuli zen bisita bat egitera baina atxilotu egin zuten eta aurretik ezarri zioten sei hilabeteko espetxe zigorra bete behar izan zuen.
Julen Madariaga Belgikako telebistan, Burgoseko Prozesuari buruz hitz egiten.
1971tik aurrera Ipar Euskal Herrian ezarri zen, nahiz eta 1972an aldi baterako Txilera kanporatu zuten. Atzera Euskal Herrian, 1989an ere kartzelaratu egin zuten; ETAri laguntzea leporatuta lau urteko zigorra ezarri zioten. 1995ean Herri Batasuna uztea erabaki zuen, ETAk PPko agintari Gregorio Ordoñezen hil ostean.
Juan Jose Etxaberekin Ipar Euskal Herrian. (Jose Goitia)
Geroago Aralar alderdiarekin bat egin zuen eta Bizkaiko Aldundirako hauteskundeetarako (2003ko maiatzean), Senaturako eta Europako Parlamenturako (2004an) zerrendetan aurkeztu zen Madariaga. 2006an berriz ere atxilotu zuten, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz, baina fidantzapean aske geratu zen.
Bere bizitzan familia galera latzak izan zituen: lehenengo emaztea eta gero seme bat hil zitzaizkion Julen Madariagari.
Autobiografia
2014. urtean argitaratutako ‘Egiari zor’ autobiografian honela azaldu zituen Madariagak ETAren sorrera eta borroka armatuaren aldeko hautua: «ETAren sortzaile gehienen hasierako kezka nagusia, hauxe izan zitzaigun: ‘Zerbait egin behar dugu’. Erran nahi baita, joan zen mendean, 1950 eta ondoko urteetan, gure euskal gizartean hondamendi osoa bertzerik ez genuela ikusten: 1936-37ko gerla erabat galdua, euskara –gure herri-hizkuntza– hilzorian, herri-independentzia guztiz desegina eta abar hondagarri luze bat. Eta, berez doa, ez genekien nondik has hainbertze hondamen konpontzen. Zinez, etsigarria zen».
«Borroka armatuarez arazoa aurkeztu zitzaigun –aipatzen du Madariagak liburuan–. Honetaz, soil-soilik pare bat xehatasun, borroka armatua zergatik eta zertarako sortu genuen galderei erantzuteko. Lehenik, gure burua, Euskal Herriarena, defendatzeko, etsaiaren (edo etsaien) erasoen aurka. Bada, honetaz gain, bigarren arrazoi bat: herriaren duintasuna lortzea, gure herriari hain eskas zuen adorea lortzeko eta emateko, alegia».
(Julen Madariaga artxiboa)
Sorturen doluminak
Sortuk doluminak helerazi dizkie, ohar baten bidez, Madariagaren senide eta adiskideei. «Ekintzaile historiko honen heriotzak atsekabea eragin du du ezker abertzalean. Madariagari eta haren belaunaldiari asko zor diegu, haien lan militanteak pizkunde kultural eta politiko oso bat ekarri zuelako Euskal Herrira, eta haiek abiatutuko askatasunaren aldeko borrokari milaka euskal herritar borrokara lotzea lortu zutelako», adierazi du Sortuk.
«Julen Madariagak beti jardun du gure herriaren askatasunaren alde. Eredu izan zen eta gure esker ona erakutsi nahi diogu. Agur eta ohore, Julen», gaineratu du alderdi abertzaleak.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere doluminak helarazi dizkie senide eta lagunei. Gogoratu duenez, «gure herriaren askatasunarekin konprometitua» zegoen Madariaga.
Julen Madariaga zendu da, ETAko sortzailea, HB eta Aralarreko kidea. Abertzalea eta gure herriaren askatasunarekin konprometitua.
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) April 6, 2021
Nire doluminak senideei eta lagunei.
Irabazi arte! pic.twitter.com/UXIHjfznd5
Patxi Zabaletak ere gogoratu du Madariagaren ibilbidea, batez ere Aralarren izandako harreman estua, eta abertzaletasunari buruz honek zuen ikuspegia nabarmendu du. «ETA sortu zutenek, Julen Madariagak ere bai, abertzaletasunak anitza behar zuela, plurala dela, eskuina eta ezkerra dituela, eta bere lehia, dialektiba, akordioak eta borrokak behar dituela aurrera egiteko».