NAIZ

Eurokopan San Mamesek 13.000 ikusle hartzeko erabakia azaltzea eskatu du EH Bilduk

San Mamesek jasoko dituen Eurokopako lau partidatan 13.000 ikusle inguru, estadioaren edukieraren %25, hartzeko «konpromisoa» hartu du Bilboko egoitzak, Udaleko iturriek adierazi legez. Albistea hau jakitean, EH Bilduk bere «harridura» adierazi du eta erabaki honen inguruko azalpenak eskatuko ditu. 

San Mames, Athletic eta Betisen arteko ligako norgehiagokan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
San Mames, Athletic eta Betisen arteko ligako norgehiagokan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Eurokopako partidetan ikusleak sartzea baimentzeko erabakia azaltzeko osasun sailburuaren eta kirol zuzendariaren agerraldia eskatuko ditu EH Bilduk. 

EH Bilduk bere «harridura» azaldu nahi izan du Espainiako Futbol Federazioak eta Lakuak ekainean San Mamesen jokatuko diren Eurokopako partidetan 13.000 lagunentzako gehienezko edukiera ahalbidetzeko hartutako erabakiarekin. «Pandemia batean murgilduta gaude, egunetik egunera kezkagarriagoak diren datuekin, eta Eusko Jaurlaritzak erabaki du milaka pertsona bil daitezkeela kirol ekitaldi batean», adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak.

Ildo horretan, EH Bilduk Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren eta Jon Redondo Kirol zuzendariaren agerraldia eskatuko du Legebiltzarrean, erabaki hori hartzeko arrazoien eta datuen inguruan azalpenak eman ditzaten.

Uberak esan du ez duela ulertzen Gasteizko Gobernuak nola hartu ahal izan duen erabaki hori, pandemiaren egoerak eta bilakaerak ez baitute pentsarazten milaka pertsona bildu daitezkeenik. «Osasun publikoa jokoan dagoen egoera larrian egonda, erabaki koherenteak, gardenak eta argiak hartuko dituzten agintariak behar ditugu. Ezin da egun batean herritarrei erantzukizuna eskatu eta pilaketak eta mugikortasuna saihestu, eta hurrengo egunean futbol-estadio batean milaka pertsona bildu ahal izatea sustatu. Inkoherentea da eta herritarrek ez dituzte horrelako erabakiak ulertzen», adierazi du Uberak.