Zaleak harmailetara gerturatu zitezkeen garai hartan, ohikoa zen «Lalalalalala Athletic Club» oihuak entzutea Athleticen partida orotan. Oihu hori bera jokalariek ere abestu zuten urtarrilean Superkopako garaikurra eskuratu berritan, Villalibreren tronpetaren erritmoari jarraituz.
Orain, oihu tradizional hori abesti motibazional bihurtzeko urratsa eman du klubak. Fernando Velazquez musikari getxoztarrak jarri dio doinua eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Koral Elkartea batu dira musika jartzeko.
Zaleen irudiak, kolore zuri-gorriz apanduta balkoiak, jokalarien ospakizuna eta San Mames uztartzea nahikoa izan da bideo hunkigarri bat sortzeko larunbat honetan Bartzelonaren aurka jokatu behar duten Kopako finalaren atarian. Gainera, urtarrilean Superkopako finalean Bartzelona garaitu osteko irudiak ere agertzen dira, larunbatean balentria egitea posible dela iruditzeko.
«Lalalalalala Athletic Club» hitzak nahikoak dira giroa berotu eta «taldeari arnasa emateko»; asmo horrez argitaratu du bideoa klub bizkaitarrak hitzordu handirako egun baten faltan.
Klubak adierazi duen moduan, duela aste batzuk atera zen argitara Velazquezen doinua (2017an jatorrizko musika onenaren Goya saria jaso zuen ‘Un monstruo viene a verme’ lanagatik eta beste hiru aldiz izendatu zuten)
«Konpositorearen lanak sinfonikoaren eta abesbatzaren ekarpenekin bat egin izanak eta Athletic Clubek balkoi koloretsuetan islatuta jaso duen babesaren irudiak balio izan dute larunbat honetako finala baino lehen babes eta omenaldi bideo bat osatzeko», gaineratu du Athleticek.