NAIZ

Baztango alkateek elkartasuna adierazi diote Lekarozko herriari Aroztegiaren aurrean

Baztango alkate talde batek elkartasuna adierazi dio Lekarozko herriari Aroztegiaren egitasmoa dela eta. Baztango beharrei erantzuten ez diola nabarmendu eta enpresaren ondasun gosea salatu dute. Lekarozen bizi duten presentzia polizialaren kontra egin dute ere.

Aroztegian egun hauetan obrak gelditzeko kanpaldia egiten ari dira. (AROZTAK)
Aroztegian egun hauetan obrak gelditzeko kanpaldia egiten ari dira. (AROZTAK)

Baztango alkate talde batek dokumentu bat sinatu du Aroztegiaren lanen aurrean Lekarozko herriari elkartasuna adierazteko.

«Ezagutu berri dugu lekaroztarren eta baztandarren borondatea errespetatu gabe, Aroztegiko egitasmo urbanistikoaren lanak abiatu direla. Inposatutako lan hauei poliziaren etengabeko presentzia eta jazarpena gehitu behar zaizkio, Lekaroztik libre ibiltzeko aukera eragozten dutela, noiznahi ari baitira bertatik ibilki dena identifikatzera behartzen», salatu dute. Zazpi egun bete ditu gaur kanpaldiak.

Aroztegia inguruko bide publiko guztiak itxi dituztela eta herritarrei pasoa galarazi egiten diotela nabarmendu dute. Identifikazioak herrian barna eta herriko plazan bertan ere identifikazioak izan direla gaineratu dute.

Duela urte batzuk Kisuako lurretan, Amaiur aldeko Arizkungo eremuan, Aroztegiaren antzeko egitasmoa aurkeztu zela gogoratu dute. «Ez zen proiektu egokia Baztanerako. Orduan garai hartako erakundeek bat egin zuten Arizkun eta Amaiurko batzarren adierazitakoarekin. Egun, eremu horretan Baztani egokitzen zaion eta bideragarria den proiektu bat dago, sagar ekologikoei dagokiena», azaldu dute.

Herritarren hitza errespetatu

Oraingoen ere lekaroztarren hitza errespetatu behar zaiela aldarrikatu dute. «Lur zabal eta aberats eta historiaz betetako eraikinaren jabea den Palacio de Aroztegia S.L. ez da duenarekin konformatzen. Bere ondasun gosean bertze jabeen lurrak bere menerako nahi ditu eta baztandar guziona den lur komunala ere bai. Pizti bat bihurtu da Palacio de Aroztegia S.L., bere ondasun gose ezinean, munstro bat», aldarrikatu dute.

«Hemen agera ez da hotela bai edo ez, edo golfa zertarako, edo etxeak soberan daudela. Hemen afera da enpresa honek den dena nahi duela beretako, berea ez dena ere bai. Eta horrelakoei alto eman bertze biderik ez dago», gaineratu dute, maiatzaren 15an egingo den manifestazioari sostengu emanez.

Dokumentua sinatzen duten alkateak hauek dira: Kaiet Itoitz (Erratzu), Imanol Etxeberria (Arizkun), Ixabel Aleman (Amaiur), Kristina Fernandez (Aniz), Carlos Garaikoetxea (Berroeta), Jorge Oteiza (Oronoz Mugairi), Joxelu Retegi (Arraioz), Pello Iriarte (Irurita) eta Joseba Otondo (Baztan).

Mozioa Baztango Udalean

Honekin batera, Baztango Udalak atzo onartu zuen mozioan ere elkartasuna adierazten zaio Lekarozko herriari eta egitasmoaren kontra aritzen diren herritarrei. EH Bildu eta Baztango Ezkerraren aldeko bozekin eta Navarra Suma eta Geroa Bairen aurkakoekin onartu zen.

Aroztegiko proiektuari desadostasuna agertzearekin batera, egitasmoa aurrera ateratzen udalez gaindik plan sektoriala erabili dela salatu dute. Honekin batera, Nafarroako Gobernuari utzikeria leporatu d¡ote gai honetan, poliziaren presentzia itogarria salatu dutelarik ere.