Txertoen patenteen liberalizazioaren eskaera erakundeetara eramango du EH Bilduk. Espaniako Senatuan eta Diputatuen Kongresuan, Europako Parlamentuan eta Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan bi ekimen aurkeztu ditu, eztabaida ganbera horietara eramateko eta erakunde horien patenteak aldi baterako kentzearen aldeko jarrera lortzen saiatzeko.
Patenteen liberalizazioa nazioarteko erakundeetan sustatzeko Pedro Sanchez presidente espainiarrak egindako iragarpena positiboki baloratu du Mertxe Aizpuruak, modu horretan EH Bildurekin hartutako konpromisoa bete duelako.
«Helburu nagusia txertoen ekoizpena, banaketa eta txertaketa bizkortzea da mundu osoan. Positiboki baloratzen dugu Sanchezek emandako erantzuna. Izan ere, txertaketa prozesua azkartzeko premian bat egiteaz gain, txertoen aldi baterako liberalizazioa sustatzeko prestutasuna adierazi zuen. Eta horrek esfortzuak biderkatzera garamatza, hitz horiek ekintza bihur daitezen ahalik eta azkarren», azaldu du EH Bilduko diputatuak.
Pasa den astean, Aizpuruak eskaera zuzena egin zion Sanchezi patenteen liberalizazioaren alde ager zedin eta eztabaida bultzatu zezan Munduko Merkataritza Erakundean. «Gaur esan dezakegu Sanchez presidentea prest agertu dela EH Bildurekin hitzemandako konpromisoa betetzeko», adierazi du. Hala iragarri zuen atzo Iberoamerikako goi bileraren ostean. Sanchezek jakinarazi zuen datozen asteetan txertoen patenteak liberalizatzeko proposamena aurkeztuko duela bai Europako Batasunean eta baita Munduko Merkataritza Erakundean ere, iragan asteazkenean EH Bilduk eskatu zion bezala.
Bere aldetik, Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak aldarrikatu du «txertaketa-kanpaina ezin dela farmazia-enpresa handien esku egon, eta ezin dute pandemia hau probestu irabaziak biderkatzeko». Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak berak txertoak «ondasun publiko global» gisa garatzeaz hitz egin zuen, «baina hitz horiek ez dira ekintzetan bihurtu», uste du Barrenak.
Horretarako, lehen urratsa «jabetza intelektuala eta patenteak liberalizatzea» dela aldarrikatu du Barrenak, «txertoa mundu mailako ondasun publiko bihurtuz eta edozein erakundek eta estatuk txertoa sortzeko aukera izan eta munduko txoko guztietan ekoizteko aukera izan dezaten, txertoaren eskuragarritasuna mundu mailan biderkatzeko eta txertaketa kanpaina azkartzeko, Hegoafrikako gobernuak iradoki moduan, esaterako».
Ildo horretan, Europa mailako oinarrizko sendagaien ekoizpen publikoa garatzeko eskatu du eurodiputatuak, enpresa pribatuen eskuetatik kanpo. Eta bide beretik, herrialde ezberdinek garatutako txertoak eskuragarri izateko beharra gogoratu du, «Sputnik V errusiar txertoa, esaterako».