Jon Ormazabal

Perfekziotik bertan, Binakako finalean dira Elezkano-Zabaleta (22-8)

Etxarrengo atzelaria egundoko erakustaldia eman du eta Danel oldarkor batek ondo lagunduta ez diete inolako aukerarik eman Peña eta Albisuri.

Zabaletk adjetibo guztiak agortu ditu gaur Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Zabaletk adjetibo guztiak agortu ditu gaur Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaletak euren ibilbideko hirugarren eta laugarren Binakako finalak jokatuko dituzte, txartela eskuratzeko izan duten lehen aukeran Peña-Albisu txikituta. Lehen jardunaldian Altuna-Mariezkurrena zazpian utzi bazituzten, gaur Baikoko gipuzkoarrek tanto bakar bat gehiago egin ahal izan dute eta finalisten aurka bi jipoiak eraman dituzten bikoteek euren artean jokatuko dute, hurrengo igandean, Bilbon bertan, maiatzaren 9ko finalean egon ahal izateko txartela.

Emaitzak oso antzerakoak izan badira ere, Elezkano-Zabaletaren bi garaipenek ez dute elkarren arteko batere antzik izan. Aurreko astekoa batere graziarik gabekoa izan bazen, aurkarien akatsek asko erraztu zieten bidea, gaurkoa erakustaldi hutsa izan da, batez ere Zabaletaren eskutik.

Perfekzioa existitzen den edo heldu ezinezko utopia bat izan daiteke, baina perfekzioa benetan existitzen bada, atzelari bati dagokionean bederen, Zabaletak gaur egindakoarekin antz handia izan behar du derrigorrez. Bi eskuekin, ezker-eskuin, beste askok palaz baino gehiago eman dio, pilota abiadura berezian irten zaio eskutik, baina agintzeaz gain, partida irakurtzen, defentsan zuloak betetzen... denetan asmatu du eta egindako bi akats bakarretako bat ere hala egin du, txokoan erantzundako dejada bat txaparen kontra botaz. Eta azken aspaldion halakoak sarri xamar ikusi badizkiogu ere, partidaren garrantziak eta arerioaren mailak, ezin inola esan huts bakarra pilatu duen Albisuk partida txarrik egin duenik, bien arteko piloteo batzuk zoragarriak izan dira, lustre berezia eman diote gaurkoari. Hobetzekoen zerrendan, ezkerrez erantzun beharreko bi sake jarri dizkio Zabaletak bere buruari, baina ziurrenik bera da gaur bi horietaz akordatzen den bakarra.

Hasi eta buka

Partiden hasieretan behar bezala sartzea izan ohi zen Zabaletaren zulorik nabarmena, hala egin zieten ihes ligaxkako bi partidek gaurko aurkarien kontra, baina gaurkoan horretan ere bikain aritu da, 5-0 aurreratu baitira Aspekoak. Zabaletak emandako erakustaldiarekin, Danel Elezkanoren lanak itzalean geratzeko arrisku larria dauka, baina ezin da aipatu gabe utzi, Zaratamokoa bere atzelariaren mailuak eraginkorragoa izateko beharrezkoa duen zizela izan dela. Oldarkor, baina erasorako uneak oso ondo aukeratuta, bizkaitarrak oso partida ona jokatu du eta elkar oso ondo hartu dute.

Peña-Albisuk, batez ere euren boteko pilota jokoan jartzeko aukera izan dutenean, izan dute euren unea, markagailuan 5-6 ere aurreratu dira, baina ezer gutxi egin ahal izan dute parean izan dute bikotearen aurka. Partidak aurrera egin duen eran, Zabaletak ezarritako erritmoari ezin izan diote jarraitu, etxarrendarra erruz nagusitu da eta euren mailarik onena eman izan balute ere, zail izango zuten gaurko sakandarra geratzea.

FITXA TEKNIKOA:

Elezkano II.a-Zabaleta: 22

Peña II.a-Albisu: 8

Pilotakadak: 466. Iraupena: 53,06 minutu. Markagailua: 5-0, 5-6, 13-6, 13-7, 14-7, 14-8, 22-8.  Sakeak: 2 Elezkanok eta 2 Peñak. Tantoak: 7 Elezkanok, 4 Zabaletak, 2 Peñak eta 1 Albisuk. Hutsak: 2 Elezkanok, 2 Zabaletak, 8 Peñak eta 1Per Albisuk.  Gorabeherak: Finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia Bilboko Bizkaian amaitu da.