NAIZ

Arbaizenea garbitzeko eta basoa zaintzeko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari

Arbaizeneako basoa (Amara-Aiete inguruan) zaborrez garbitzeko eta inguruak dituen balore historiko eta ingurmenekoak babesteko eskatu dio Donostiako Udalari. Zonalde horretan Donostiako lehen ur-ekarria egin zela 1609an gogoratu du talde ekologistak.

Arbaizenea inguruan pilaturiko zaborra. (EGUZKI)
Arbaizenea inguruan pilaturiko zaborra. (EGUZKI)

Arbaizeneako basoa garbitzeko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari; izan ere, bertan eratutako kanpaleku bat hustu ondoren, ingurua hondakinez beteta geratu da (plastikoak, zabor-poltsak, arropa, koltxoiak, etab.). Horietako batzuek Morlanseko erreka estaltzen dute partzialki.

Erreka horren gainean, Eguzkik gogoratu duenez, egin zuen Donostiak bere lehen ur-ekarria 1609an, eta oraindik ere geratzen dira bertan balio historikoa duten aztarnak; esaterako, bere baitan iturri bat duen etxola bat. Etxola honen goiko plaka hautsi egin da eta hura konpontzea premiazkoa dela deritzo.

Ingurua txukuntzeko plana

«Bada proiektu bat, Lur Paisajistak enpresak idatzita, egun inolako babes legal edo funtzionalik ez duten aztarna historiko horiek txukun jartzeko. Baina Udalak ez du aktibatu, antza denez, diru kontuengatik», gogoratu du talde ekologistak.

Eguzkiren iritziz, «premiazkoa da Arbaizeneako basoari balioa emango dioten proiektu hau eta beste batzuk martxan jartzea. Izan ere, baso hau oso denbora laburrean lursail handiak galtzen ari da, hainbat proiekturen ondorioz (Txanpuene baserria eraistea eta ‘villak’ eraikitzea; metroa; etxebizitza gehiago, etab.)».

«Arbaizeneako basoa birika bat da Donostiarentzat, eta aisialdirako gune bat Morlans eta Amarako auzokoentzat; gainera, gorde beharreko kultura- eta ingurumen-ondare aberatsa du», nabarmendu du Eguzkik.