Kopako azken txapeldunaren aurka neurtuko ditu indarrak Bera Berak Kopako final laurdenetan. Malaga izango da aurkaria Kanarietan jokatuko den azken fasean. Hasiera batean, aurtengo edizioa Gipuzkoak jaso behar zuen baina pandemiaren ondorioz, Teldera lekualdatu da. Datetan ere aldaketak eman ziren eta azkenean, maiatzaren 21ean jokatuko dira final-laurdenak, hilaren 22an finalerdiak eta 23an final handia.
Lehen neurketa hau irabaziz gero, Elx eta Granollersen arteko norgehiagokaren irabazlearen aurka jokatuko du finalerdia. Final hipotetiko batean, Atletico Guardes (Zuazo kanporatu zuen aurkaria), Gijon, Rocasa (anfitrioia) edo Aula Valladolid izango du arerio.
Malagak irabazitako Kopako azken edizioan –talde andaluziar batek eskuratzen zuen lehendabiziko Kopa izan zen–, Bera Berak kolpe gogorra eraman zuen final laurdenetan Elx taldearen aurka galdu ostean.
Iazko Koparekin alderatuta, egoera oso ezberdinean
Egoera oso ezberdinean iritsiko da talde donostiarra aurtengo txapelketara. 25 urteren ondoren, Gipuzkoan jokatu behar zen azken fasea eta beraz, zuzenean sailkatua zegoen. Azkenean, baina, pandemiaren egoeragatik Teldera lekualdatu da eta donostiarrek Morverdre kanporatu behar izan dute azken faserako txartela eskuratzeko.
Liga garaikurra atzamarrekin ukitzen daude, lan erdiak egin dituzte –Rocasa, bigarren sailkatua, sei puntura dago partida bat gutxiagorekin– liga amaitzeko 4 jardunaldiren faltan. Iaz Malagan jokatu zen Kopako azken fasea denboraldiko lehenengo txapelketa izan zen, martxotik neurketarik jokatu gabe egon ostean. Orduan, gainera, Cesareo ez zegoen guztiz osatuta (geroxeago operatu zuten atzamar potolotik) eta Boadaren lesio larria egun batzuk lehenago gertatu zen; beraz, taldea oraindik ere moldatu gabe zegoen egoera berrira.
Bestalde, Malagak asteburu honetan jokatuko du EHF Cup txapelketako finala. Andaluziarrak hasiera batean –eta are gehiago Kopa eta Superkopa irabazi ostean (hain zuzen ere, talde donostiarra garaitu zuten)– Bera Beraren arerio zuzenenak izatera deituak zeuden baina Europako txapelketa tarteko, ez dute lortu ligak eskatzen duen erregulartasuna eta hor, momentuz, gipuzkoarrak ari dira gailentzen. Oraindik ez dute neurketa bat bera ere galdu.
Bera Berak sei Kopa garaikur eskuratu ditu. Mar Valencia taldearen atzetik, Kopa gehien irabazi dituen taldea da. Guztira, 12 final jokatu ditu eta beraz, erdietan izan da irabazlea. Azkena, 2018-2019 denboraldian eskuratu zuen Lasesarren, Aula Valladolid 30-17 menderatu ostean.