NAIZ

Makineria erretiratuta, Aroztegia makroproiektuaren aurkako kanpaldia bukatutzat jo dute

Duela hamaika egun Aroztegia makroproiektua gelditzeko asmoz Lekarozen egiten ari ziren kanpaldia bertan behera utzi dute, iragan ostiralean Tex enpresak makineria erretiratu eta gero. Halere, borroka ez dela amaitu ohartarazi dute eta maiatzaren 15ean Elizondora joateko deia egin dute.

Kanpaldiaren amaiera iragartzeko agerraldia, umore ukituarekin.
Kanpaldiaren amaiera iragartzeko agerraldia, umore ukituarekin.

Hamaika egun igaro dira Lekarozen egin nahi duten Aroztegiako makroproiektuaren aurkakoek, kanpaldiari ekin ziotela, hotela, golf zelaia eta luxuzko 200 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko lanen hasieraren harira.

Egitasmoa eten arte «erresistentzia» egingo zutela ohartarazi zuten lehen egunetik eta hala izan da egun hauetan: makinak martxan jarri eta berehala lanak eten baitituzte.

Iragan ostiralean, baina, lanak egin behar zituen Tex enpresak makineria guztia Lekaroztik erretiratu zuen eta hori, proiektuaren aurkakoek ohar bidez nabarmendu dutenez, «borroka luze hoentan ospatzeko garaipena izan da».

Tex enpresak alde egin duela ikusita, beraz, kanpalekua altxatzea erabaki dute, «gure indarrak maiatzaren 15ean Elizondoko plazatik abiatuko den manifestazioari indarra emateko helburuarekin».

«Ez gara zozoak –gaineratu dute–, badakigu proiektu honen bulkatzaileak ez direla horretan geldituko, baina jakin behar dute gu ere prest gaudela behar den guztietan itzultzeko». «Txikizio honekin segitzeko tentazioa edukiz gero, itzuliko gara eta berriz ere geldituko ditugu», azpimarratu dute.

Gobernuari eta alderdiei deia

Era berean, gogoratu dute afera honetan «gose aseezina duten kapitalista hauek baino ardura handiagoa» dutela «Nafarroako Gobernuak eta bera babesten duten alderdi politiko guztiek»: «Inposizio hau ez delakoz posible eroskerian eta ustelkerian oinarritutako sistema bat onartzen duten eta horren parte diren ordezkari politikorik gabe».

Horregatik, nafar Gobernuari zein «zuzenean edo zeharka hura babesten duten alderdi guztiei» dei egin diete, Udalez Gaindiko Eragina duen Plan hau (UGEP) «bertan behera uztea beren lehentasun bihurtu dezaten. Hortik aparte egiten diren eskaera guztiak itxurakeria eta zurikeria bertzerik ez dira».

Egitasmo honen aurkako borrokan parte hartu duten guztiei esker ona ere adierazi diete.