NAIZ

Elkano fundazioak postalak, bizikleta ibilbideak eta ikastaroak jarriko ditu martxan

Txile eta Euskal Herriko ikasleen arteko postalen trukaketa, Lurraren inguruan egindako lehenengo nabigazioari lotutako bizikletaz egiteko ibilbide berri bat edo udako ikastaro bat dira, besteak beste, Elkano Fundazioak 2021erako prestaturiko egitarauaren osagaiak.

Elkano Fundazioko kideak, San Telmon egin den aurkezpenean. (NAIZ)
Elkano Fundazioko kideak, San Telmon egin den aurkezpenean. (NAIZ)

Elkano 500 Fundazioak 2021erako ardatzak aurkeztu ditu Donostiako San Telmo museoan emandako prentsaurrekoan, egitarau anitz baten aldeko apustua egin baita, beste herrialde batzuekin harremana sustatzeko eta itsasoari lotutako ondare komunari balioa emateko. Aurten olgeta-, akademia- eta dibulgazio-jarduerak konbinatzen dituen programa bat diseinatu da. 

Aurkezpenean, Haritz Alberdi Fundazioko presidentea eta Getariako alkatea; Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Fundazioko kidea; Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Fundazioko kidea eta Ion Irurzun Fundazioko zuzendaria izan dira. Bertan izan dira, baita ere, Lourdes Salsamendi, Urola Kostako Udal Elkarteko presidentea eta Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua, biak Fundazioko patronokideak.

Txiletik Euskal Herrira

‘Postalak mundu biran’ proiektua da azpimagarrienetarikoa, honi esker Gipuzkoako eta Txileko ikasleek 500 postal trukatuko dituztelako, eta, bide batez, itsasoaren ikuspegia eta horrekiko lotura partekatuko. Txileko Kultur Ondareko Zerbitzu Nazionalaren arteko lankidetzari esker egingo da, Magallanes eta Antartikoko eskualdeak hartuko ditu eta hamalau ikastetxetako 8tik 12 urtera bitarteko neska-mutilek, Euskal Herriko ikasleekin batera 500 postal sortu eta trukatuko dituzte. 

Bestalde, ‘Euskal Herri barneko mundu birak’ ekimenak bizikletaz egiteko ibilbide berriarekin elkartuko ditu herrialde desberdinetako herriak, kostaldekoak eta barrualdekoak. Ibilbide pilotua zirkuitu egonkor bihurtzeko bokazioarekin egin zen, eta Ander Izagirre idazle eta kazetariak liburu batean jasoko du euskal itsas ondarearen ikuspuntutik proiektuaren kontakizuna. 

Jarraian, ‘Mundu biraren ubera’ hitzaldien zikloari eutsiko zaio, eta Getariatik irtengo da munduko lehenengo birarekin zerikusia izan zuten beste udalerri batzuetarantz. Hitzaldietan gai anitzak jorratuko dira, hala nola kultur aniztasuna, astronomia edo hizkuntzen hedapena.

Liburuak eta ikastaroak

Esparru akademikoan, aurtengo doako udako ikastaroak hausnarketa egingo du Elkanoren garaiko Euskal Herriari eta bidaiaren ondorioz izandako eraldaketa globalari buruz. Liburu batean jasoko dira lehenengo zirkumnabigazioaren inguruko nazioarteko ekarpen guztiak. Irailaren 6an eta 7an, duela bi urteko mintegiarekin jarraitzeko, ‘Un viaje por la Euskal Herria de Juan Sebastián Elkano’ udako ikastaroa egingo da.

Urtean zehar, Estatuan hainbat sinposio eta ekitaldi burutuko dira. Aipatu ere, munduko lehenengo biraren V. mendeurrena dela eta, arlo akademikoan egin diren ekarpenak bildu eta zabaltzeko nazioarteko biltzarra antolatuko dela, nahiz eta 2022. urtean izango den. Zientzia-maila gorenarekin aurrez aurre egin nahi da udazkenean, lehen zirkunnabigazioaren mugarri historiko unibertsalaren testuinguruan Elkanoren irudia hobe ezagutu eta goresteko funtsak ezarriz.

2022ari begira, Getaria

Eta 2022ari begira ere, Getarian antzezpen historiko horren lehenengo mendeurrena den horretan, ‘lehorreratze’ eguneratua antzezteko prestaketa lanak hasi dira dagoeneko.

Ikuskizunak ‘Elkano battela, xumea baina gurea’ izena izango du eta Euskal Kultura Institutuaren laguntzaz burutuko da. Adin nagusikoentzako kontakizun- eta musika-ikuskizuna da, Koldo Amestoy ipuin kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak batera egina.