NAIZ

Gazteak larrialdi egoeran daudela salatuko du Ernaik kaleetan maiatzaren 7an

Gazteak larrialdi egoeran daudela salatuko du Ernaik Hego Euskal Herriko hiriburuetan maiatzaren 7an egingo diren mobilizazioetan. Egoera larri hau iraultzeko formula eraldaketa soziala eta burujabetza direla aldarrikatuko du kaleetan gazte erakundeak.

Ernairen mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Ernairen mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

«Gazteok larrialdi egoeran gaude. Langileriaren eta modu zehatz batean gazteriaren prekarizazio prozesuak azken hilabeteetan azeleratu egin da. Kapitalak, covid19aren osasun krisialdia baliatu du gazteon bizi baldintzetan atzera urratsak emateko eta era berean aurretik zetorren krisi sozial, ekonomiko, ekologikoa... ikusarazi eta azkartu egin da», nabarmendu du Ernai maiatzaren 7rako deitu dituen mobilizazioak aurkezteko zabaldu duen oharrean.

Maiatzaren 7ko mobilizazioak 18.00etan egingo dira hurrengo tokietan: Donostian (Bulebarrean), Iruñean (San Frantzisko plazan), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazan) eta Bilbon (Jesusen Bihotza plazan).

Egun horretan, «larrialdi egoeraren aurrean neurriak har daitezen eta baita gure alternatiba nondik garatzen den aldarrikatzeko mobilizatuko gara. Maiatzaren 9an bukatzen den ‘estado de alarma’ elementu koiunturala baliatuz, gazteon ezinegon eta prekarizazio prozesu estrukturalei erantzungo diegu», nabarmendu du Ernai.

«Batetik, gazteok larrialdi egoeran gaudela salatuko dugu. Gazteon prekarietate egoera larriagotzen ari da, ez dugu ez etorkizun ez orainean modu duinean bizitzeko aukerarik. Etxebizitza eta enpleguaren problematikak larriagotuz doaz. Horri gehitu egoera honek zein eragin duen gazteon osasun mentalean: harremantzea debekatuta, gazteon kriminalizazioak... depresioa eta suizidio kasuak gora egin dute azken hilabeteotan gazteon artean», adierazi du Ernaik.

«Egoera hau iraultzeko ordea, gazteok badakigu zein den formula edo alternatiba: eraldaketa soziala eta burujabetza. Testuinguru honetan, eraldaketa sozialean urratsak ematea inoiz baino beharrezkoagoa da, eta horretarako gehiengoak artikulatzea egokitzen zaigu. Era beran, indar horiek burujabetzaren bidean jartzea dagokigu», gaineratu du.

«Urrats horiek emateko, ordea, antolakuntza eta borroken artikulazioa ezinbestekoa da. Datorrenaren aurrean antolatu eta kapitalaren ofentsibaren aurrean elkarrekin ekiteko prestatzea dagokigu. Oraina gurea da eta esku artean daukagu», erantsi du.