NAIZ

‘Zirgariak’ eskultura-multzoa Bilbon, emakumeen lanari aitortza eta berdintasunaren aldarri

Maiatzaren Lehenaren karietara inauguratu dute Bilbon Dora Salazarren ‘Zirgariak’ eskultura-multzoa, emakumeen lanaren garrantzia nabarmentzeko eta berdintasunerako bidean urratsak ematen jarraitzeko beharraren adierazgarri.

‘Zirgariak’ eskultura-multzoaren inaugurazioa. (BIZKAIKO ALDUNDIA)
‘Zirgariak’ eskultura-multzoaren inaugurazioa. (BIZKAIKO ALDUNDIA)

Emakumeen lau irudik osatzen dute Bizkaiko hiriburuko Uribitarte pasealekuan kokatu duten ‘Zirgariak’ eskultura-multzoa. Emakumeetako bakoitzak 2,5 metroko garaiera du eta, guztira, 9 metroko luzera hartzen du multzoak.  

Bilboko itsasadarretik zirga baten eta indar fisikoaren laguntzaz itsasontziak atoian eramaten zituzten emakumeei omenaldia egiten die Dora Salazarrek sortutako artelan honek.

Ostiralean, Maiatzaren Lehen honen bezperan inauguratu zuten eta, noski, aukeratutako data ez da kasualitatea izan. «Zirgari hauek hemen horretarako ere egongo dira, emakume langileoi gogorarazteko, gizartea eraikitzen lagundu duen emakumeen lan ikusezina, oparotasuna ekarri duena, historia osoan horrenbeste familiari aurrera ateratzen lagundu diena» azpimarratu zuen inaugurazio ekitaldian Teresa Laespada Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak.

Gaineratu zuenez, emakume hauek «ausartak izan zirela eta estereotipoak hautsi zituztela» eta «gaur egun tiraka jarraitu behar dugun» zirgaren metafora direla, «berdintasuna ez baita aukera bat», ezpada «duintasunaren eta justizia sozialaren balio bat».

Azkenik, oraindik ere genero-arrakalak pisu handia duela oroitarazi zuten.