Ritxi  Aizpuru
Musika argitaratzailea

Musikaren goganbeharrak

Asmakeriak, amen-omenak, sasi-gezurrak, balizko omenak, omen eta omen errepikatuak susmopean utzi behar dira. Goganbeharrez hartzekoak dira. Bakoitzak bere egiak bizi ditu, edo biziarazi nahi ditu, nahiz eta jakin sasi-egiekin ez dela egiaren azpiko maldetara baino iritsiko, egiaren tontorretik nahikoa urruti. Intxaurrekin esaten den esaldia egiaztatuz, urruneko hamalauak gerturatutakoan lau direla.

Zenbat aldiz entzun dugu, batez ere gaztetxoen ahoan, ‘Lepoan hartu’ RIP taldearena dela? Edo, ‘Kantuz’, hau adinduen artean, Mikel Laboarena dela? Egileak, hurrenez hurren, Telesforo Monzon eta Jose Mendiage dira.

Azken boladan maiz etorri zait belarrira esamesa Zetak taldearen bizkarrean dagoela euskal elektronikaren muina. Badirudi hori esan dutenek ez dutela kontuan hartu euskal elektronikaren urteetako soinu zaparrada. Amen-omen hauek errotik deseraikitzekoak dira.

Euskal Herriko erritmo elektronikoen hiru adibide. 1972an, William S. Fisher-en ‘Akelarre sorta’ diskoari dagozkion abestiak entzuten nituen Azkoitiko Baztartxo zinemako atse’enaldietan, bobinen aldaketak egiteko sortutako tarteetan. ‘Bat, bi, hiru, lau’ tradizionala moog sintetizadorearekin interpretatua. Ez dut inoiz jakin nor dagoen William S. Fisher izenaren atzean. Ordudanik naiz soinu elektronikoen zale. Kaki Arkarazoren bakarkako ‘Matxinadak 1’ 1987an argitaratu zen. ‘Moogy Moogy’ bakalao bortitza egin zuten Dani Riañok eta Jorge Gonzalezek 1992an. Bateragarritasun bat, hiru diskoetan agertzen dira ‘bat, bi, hiru’ izenburuak.