NAIZ

Glovo eta bere plantillaren arteko harremana lan-arlokoa dela ebatzi du Bilboko epaile batek

Glovoren aurka Gizarte Segurantzak abiarazitako prozesua eta LAB eta ELA sindikatuek defendatutako demanda aintzat hartu du Bilboko Lan Arloko 11. epaitegiak, eta Glovo eta bere plantillaren arteko harremana lan-arlokoa dela ebatzi du.

Glovo enpresako banatzaile bat, Iruñeko Gaztelu plazan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Glovo enpresako banatzaile bat, Iruñeko Gaztelu plazan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Bilboko Lan Arloko 11. epaitegiak ostiral honetan jakinarazi duenez, Glovo eta bere plantillaren arteko harremana lan-arlokoa dela ebatzi du, Gizarte Segurantzak abiarazitako prozedura eta LAB eta ELA sindikatuek defendatu duten demanda aintzat hartuz. Martxoaren 26an hasitako epaiketaren sententzia ez da irmoa, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkez daiteke helegitea.

ELAk ohar baten bitartez adierazi duenez, sindikatuek eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak hasieratik defendatzen zutena baieztatu du epaiak: «Glovoren banatzaileak autonomo faltsuak direla eta, ondorioz, Glovoren eta haien arteko harremanak lan-izaera duela».

Aipatu epaia sektore honek pairatzen duen eta beste esparru batzuetara hedatzen ari den prekarietatearen aurkako «urrats garrantzitsua» dela nabarmendu du ELAk.

«Gauzak horrela, eta Glovo eta hantzeko enpresetako banaketa-lanak egiten dituztenen langile izaera eztabaidaezina izanik, erronka da langile hauei babes-esparru berri bat ematea, Langileen Estatututik eta lanbide arteko gutxieneko soldataren aplikaziotik harago joango dena», nabarmendu du sindikatuak.

Ildo horretan, ELAk ekimen bat jarriko du martxan langile hauek ostalaritzako hitzarmen probintzialen aplikazio eremuan berariaz sartu daitezen, «1.200 euroko gutxieneko soldata bermatuz».

Horrez gain, Glovoko langile horiek autonomo gisa ordaindutako kuotak eta BEZa itzultzeko prozedurak hasiko ditu ELAk, eta enpresak azken urteetan egin ez dituen kotizazioak erregularizatzeko ere exigituko du.

«ELAk borrokarako bide sindikal eta juridikoak bilatuko ditu beti lan-merkatuaren liberalizazioaren aurka eta langileen prekarizazioan eta esklabizazioan oinarritutako enpresa-ereduen aurka», esan du sindikatuak oharrean.

LAB sindikatuak ere, sare sozialen bitartez, poza adierazi du epaiaren aurrean. «Borrokak merezi du», nabarmendu du sindikatu abertzaleak. 

Lan-harreman horien gai praktikoak jorratzeko konpromiso irmoa duela adierazi du LAB sindikatuak, «hala nola harreman horien arau-esparrua definitzea».

«Lehen urratsa da kolektibo horiek duten babesgabetasun egoera iraultzeko bide luze batean. Langile klasea sektore horietan sindikatu gisa antolatu ahal izateko lehen urratsa», nabarmendu du LABek.