Maitane Aldanondo

Eraikinen azalberritzea barrualdea hobetzeko beste bide bat da

Fatxada eraikinaren azala da, etxebizitza kanpoaldetik babesten duen lehen elementua. Eraikuntza berriak egitean, ezaugarri onenekin altxa daitezke, oinarrien gainean hamarkada ugari egin dituztenek, itxura aldatzeaz gain, bide bakarra dute hobetzeko: birgaitzea.

Donostiako Intxaurrondo auzoan eraberritutako etxea.
Donostiako Intxaurrondo auzoan eraberritutako etxea.

Etxebizitza parkea eguneratzeko helburuarekin, 50 urtetik gora dituzten eraikinak behartuta daude 2018tik Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa pasatzera eta horren arabera zenbait hobekuntza egitera. Halakoetan dihardu Donostiako Jobilan enpresak. Kooperatiba txikia fatxaden, teilatuen eta eraikinen birgaitzean berezituta dago. Aurretik sektorean eskarmentua zuten bi profesionalek abiarazi zuten eta bi hamarkadako ibilbidean makina bat proiektu egin dituzte.  

Pandemiak zerikusirik izan duen seguru ez badakite ere, lan eta lan ibili dira azken urtean. Eraikinen kanpoaldean eta teilatuan lan egiten dutenez, beste gremio batzuek ez bezala, ez dute beharrean jarraitzeko arazorik izan. Bertako bazkide den Bittor Gorosabelek aipatu duenez, «lan askori ezetz esan behar izan diogu, egiteko denborarik ez daukagulako. Itxaron zerrenda daukagu». Langile bat gehitu behar izan diote taldeari, baina, hala ere, lanez lepo daude. Ez dira eurak bakarrik. «Une bat heltzen da biltegietan ezer ez dagoena eta ezin dute materiala ekarri, beraz, ezer gabe gelditzen zara».

Eraberritzeek eraikina gaurkotzea dute xede, estetikaz harago, eraginkortasun energetikoa areagotu eta erosotasuna emanez bertan bizi direnei. Eraikuntza ondo isolatzeak kontsumo txikiarekin tenperatura egonkor mantentzen laguntzen du; eta hori lortzeko aldagai erabakigarrienak fatxadak eta teilatuak dira.

Aurrealdeen kasuan, azken urteetan aukera nagusi bilakatu dira SATE kanpoko isolatze termiko sistemak nahiz fatxada aireztatuak. SATEak panelak dira; isolatzailea panelotara erantsi eta zuzenean eraikinaren kanpoaldean itsasten dira, sarez babestutako estaldura gainean. Fatxada aireztatuak, berriz, plakak dira, profil batzuen gainean aurrealdean jartzen direnak. Horrela, aireztatutako ganbera bat sortzen da estalduraren eta fatxadaren artean, eta tarte horretan isolatzaile termikoa jarri ohi da. Akabera desberdinak daude, ohikoenak, arbel itxurakoa, zeramika eta fibrozementua dira.

Kontsumoa

Sistema hauei esker, energia kontsumoa %50etik gora murrizten da, bai berogailuari bai aire egokituari dagokionez. Isolatze termikoari esker, neguan, beroa barruan mantentzen da  eta udaran, gelak ez dira berotzen; une oro tenperatura egonkor mantentzen da, alegia. Ondorioz, gainera, ingurugiroa babesten du berogailu eta klimatizazio kontsumoa murrizten baitu. Gorosabelen hitzetan, «isolamendua duen fatxada oso erosoa da. Plaka jartzen duzun unetik sentitzen duzu etxebizitza beste modu batera dagoela».

Teilatuetan eta estalduren kasuan, aldiz, egon daitezkeen arazoak konpondu, akustikoki nahiz termikoki isolatu, eta inpermeabilizatu ere egiten dituzte.

Isolatua eta osasuntsua

Edonola, isolatzerakoan kontuan hartu behar da aireztatzea egokia dela. Hermetikoegia bada, beroa eta hotza pilatu daitezke eta hezetasuna agertu. Hezetasuna osasun arazoen iturri izan daiteke, akaroak eta lizuna agertzeko aproposa baita. Arnas aparatuari eragin diezaioke hezetasunak, asma, alergiak, arnasbideetako infekzioak nahiz biriketako gaitz kronikoak eraginez; halaber, erreuma eta hezurretako arazoak areagotu ditzake.

Arazoaren sorburua kondentsazioa, kapilaritatea edo filtrazioa izaten da; konponbidea, berriz, erreformak edo konponketak egitea hormetan, edo, kasu zailenetan, fatxada eta teilatua berritzea. «Eraikin bat osasuntsu egotea, hezetasunik gabe, ondo isolatuta, oso garrantzitsua da osasunerako», baieztatu du profesionalak.

Eraikuntza baten eraberritzea sei-zazpi hilabeteko lana da, azpiegituraren ezaugarrien arabera. Aukera baten edo bestearen alde egitean, bezeroek hainbat alderdi kontuan hartzen dituztela dio Gorosabelek: konforta, energia aurrezpena, salneurria... Baita erabilitako isolamenduak dirulaguntzen kopuruan eragina duela ere. Alor guztiei buruzko azalpenak ematen dizkiete bezeroei, baita dirulaguntzak lortzeko egin beharrekoez ere.

Aurrekontu neurtua egin arren, batzuetan udalen eskakizunekin topo egiten dute eta kopuruetan moldaketak egin behar izaten dituzte. Donostian, esaterako, arropa zabaltzeko esekilekuak itxitura batek estaltzea behartzen dute, su itzalgailuak jartzea atarian, larrialdietarako argiak... «Horrelakoek aurrekontua izugarri puzten dute. Bizilagun bakoitzak 18.000 euro jarri baditu, horiek sartuta, 3.000-4.000 euro gehiago dira», argitu du Jobilaneko kideak.

Inbertsio garrantzitsua dela badakite, horregatik, ordaintzeko erraztasunak ematen dituzte: obra beraiek finantzatzen dute eta ordainketa kuotak zehazten dituzte. «100.000 euro badira, hasieran %40 ordaintzen dute eta gainerako %60a zortzi edo bederatzi kuotatan».