Mixel Berhocoirigoin.
Mixel Berhocoirigoin.
1999an, Donostian egindako agerraldian.
1999an, Donostian egindako agerraldian.
Donostian, 2009ko urtarrilean.
Donostian, 2009ko urtarrilean.
2014an, Udalbitzaren konferentzian.
2014an, Udalbitzaren konferentzian.
2016ko abenduan atxilotu egin zuten, armagabetzean parte-hartzeagatik.
2016ko abenduan atxilotu egin zuten, armagabetzean parte-hartzeagatik.
Harrera beroa, atxiloketaren ondotik.
Harrera beroa, atxiloketaren ondotik.
2017ko abenduan, Parisen.
2017ko abenduan, Parisen.
Harold Goodekin batera.
Harold Goodekin batera.
Militante handia joan dela errepikatu dute askok.
Militante handia joan dela errepikatu dute askok.
Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Mixel Berhokoirigoin militante eta bakegilea zendu da, eritasun larri baten ondorioz

ELB sindikatuaren sortzaile, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sustatzaile eta, azken urteetan, bakegileen eragile nagusietarikoa izan den militantea atzo, maiatzak 7, zendu zen eritasun larri baten ondorioz, Kazetak iragarri duenez.

Gamarteko Uhartia baserrian sortu zen 1952. urtean eta han hazi, hezi eta bizi izan zen, hil arte. Hiru seme-alaben aita, nekazaria, sindikalista eta bakearen artisaua. ELB sindikatuaren sortzaileetako bat, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehen lehendakaria eta Parisekin hitz egiteko sortu zen Euskal Delegazioko kidea.

Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartzen zuen Euskal Laborantza Ganbaren lehen lehendakaria izan zen eta, horregatik, Gobernu frantsesak epaitegietara eraman zuen. Azken urteetan ordea, laborari militante gisa baino, bakearen artisau gisara ezagunagoa izan zen, ETAren armagabetzean eta euskal gatazkaren konponbidean hartu zituen konpromiso eta ardurengatik.

Herriko eskolan egin zituen lehen ikasketak, Donibane Garaziko Mayorga kolegioan eman zituen ondorengo urratsak, eta jarraian, Hazparneko laborantza lizeoan izan zen. Gazteria Katolikoaren Nekazal Mugimenduan (Mouvement Rural de Jeunesse Chrétienne MRJC) murgildu zen eta han ezagutu zuen 1972. urtean Mikele Hirigaray, Aldudekoa, gerora bere emazte eta bidaia lagun izango zena.

1974ean Laborantzako teknikari titulua esku artean, sendiko etxaldearen lekukoa hartu zuen, eta bi urteren buruan ezkondu egin zen. Hiru seme-alaba izan zituzten (haietako bat oso gazte zendu zen)  eta Mixelek sindikalgintzan bestelako ardurak hartu behar izan zituenean, Mikele izan zen Uhartia baserriko lanen zamaren zati handi bat beregain hartu zuena.

Sindikalgintzan

Ordurako Estatu frantseseko laborarien sindikatu nagusia den FNSEA (La Fédération nationale des syndicats d’exploitants agricoles) sindikatuan engaiatua zen, baina beste laborantza eredu bat sustatzeko bertako sindikatu baten beharra ikusi zuen eta inguruko beste hainbat kiderekin hausnarketa partekatu ostean, ELB sindikatua sortu zuten. Sindikatuen arteko akordioen aldekoa izaki, lehenengoz akordioak bultzatu zituen Confédération Paysan sindikatuarekin.

Desobedientzia zibila Okzitaniako Larzac herrian ezagutu zuen, 1971 eta 1981. urteen artean lurraren defentsan garatu zen borrokaren lekuko izan baitzen. Esperientzia hark eragin sakona izan zuen beregan. Sasoi hartan, besteen artean, Jose Bove laborari eta ekintzaile ekologistarekin harremana izan zuen.

Europan nagusi zen nekazaritza eredu intentsiboaren aurrean Paueko Laborantza Ganberak jarrera epela zuela iritzi zion eta desadostasunak geroz eta jasangaitzagoak ziren. Ondorioz, beste nekazaritza eredu bat defendatuko zuen tokiko egitura bat sortzeko ideia forma hartzen hasi zen.

ELBko batzar batean iragarri zuten 2004ko urtarrilean, Ipar Euskal Herriko gehiengoak aldarrikatzen zuen moduan, Estatu frantsesak bertako ganbera ofizial bat plantan jartzen ez bazuen, beraiek osatuko zutela. Gobernu frantsesak entzungor egin zuen eta urte baten buruan EHLG sortu zen.

Horrela sortu zen laborantza herrikoia eta iraunkorra bultzatzea helburu duen Euskal Herriko Laborantza Ganbara. Besteen artean ELA sindikatuaren laguntzarekin egoitza erosi zuten eta 2005ean bulegoa ireki zuen Nafarroa Behereko Ainiza-Monjolose herrian. Hots, Berhokoirigoin izan zen elkarteko lehendakari 2005etik 2015 urtera arte.

Hastapenetik EHLGak antolatu dituen ekimen artean Lurrama azoka aurkitzen da. 2006etik antolatzen den ekimena Ipar Euskal Herrian urtero antolatzen den ekimen esanguratsuenetako da, milaka pertsona biltzen ditu eta egun Iñaki Berhokoirigoin da ekimeneko zuzendaria.

Baionako epaitegian

Norberak hautatzen dituen arerioen tamainaren arabera neurtzen omen da pertsona baten izatea, eta zentzu horretan Berhokoirigoinek kurrikulum esanguratsua izan zuela esan daiteke. Euskaldun eta laborari bezala, bere bidea egin zuen, eta agian berak horrela hautatu ez bazuen, Gobernu frantsesak mehatxu gisara ikusten zuen Gamarteko laboraria.

Pirinio Atlantikoetako prefeta lehen unetik EHLGren kontra agertu zen eta salaketa judiziala abiarazi zuen. David eta Goliaten arteko borroka zirudien hark, munduko estaturik boteretsuenetako batek baliabide urriak zituen herritar talde batek sortutako ekimen baten kontra egin zuen eta elkarteko lehendakaria jarri zuen jo puntuan, Mixel Berhokoirigoin.

Baionako epaitegiak 2009ko martxoan eman zuen aditzera lehen ebazpena, Berhokoirigoin «errugabea» zen. Bigarren epaiketa bat ere izan zen, 2010eko otsailean, eta behin betiko errugabe jo zuten EHLGko lehendakaria. Hain zuzen ere, egun Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza den Jean-René Echegaray izan zen Berhokoirigoinen abokatua auzi haietan.

2017ko urtarrilean eratu zen Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerak izan zuen aurrekari garrantzitsuenetako bat izan zen EHLG-ren sorrera, eta hain zuzen, hastapenetik jo zuen Gobernu frantsesak Berhokoirigoinen kontra, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ordezkatuko zituen agitura ofizial batek Ipar Euskal Herriaren aitortzari atea irekiko zionaren beldurrez.

Ordea, kalean bakarrik ez, epaitegietan ere bataila irabazi zuen EHLGko lehendakariak. «Guk bagenekien arrazoi genuelako irabazi genuela, baina zenbait jendek uste du arrazoi dugula auzia irabazi genuelako». Azaldu zion Fermin Munarriz kazetariari 2010eko irailaren 19an GARAn argitaratu zen elkarrizketa batean.

Elkarrizketa esanguratsua izan zen hura. Bigarren epaiketa irabaztetik zetorren laboraria, eta aro berri bat irekitzear zen IEHko laborarien egiturarentzat, baina batez ere, orduan oraindik inork ez zekin arren, Euskal Herri osoan ere aro berri bat irekitzear zen. Hots, urte baten buruan Aieteko konferentzia burutu zen Donostian eta ETAk borroka armatua uzteko erabakia hartua zuela iragarri zuen.

Parisko epaitegian

2016ko abenduaren 16an Ipar Euskal Herriko bost pertsona ezagun atxilotu zituen Polizia frantsesak Luhuson,  Jean Noel Rtcheverry, “Txetx”, Demo eta Bizi mugimenduetako kidea eta Laborantza Ganberako sortzaileetakoa, Michel Bergouignan, Irulegi sormarkako presidentea, mahastizaina eta EHLGko sorreraz geroztik biltzar orokorretako kide zena (2017ko maiatzaren 3an hil), Béatriz Molle-Haran kazetaria, Stéphane Etchegaray kameraria eta musikaria, eta Mixel Berhokoirigoin bera.

Izugarrizko elkartasun uholdea sortu zuten atxiloketek, eta gizarte zibilak hartuko zuen bide berrian mugarri bat izan ziren. 2016ko abenduaren 20an aske geratu ostean, Paristik mintzatu zen Berhokoirigoin Info7 irratian: «Izugarrizko mugimendua izan dela jakin ahal izan dugu abokatuen bitartez, pretentziorik gabe, eta oraindik informazio guztia ukan gabe, uste dut ekintza honek panorama aldatu duela».

«Erakunde armatu batekin harremanak izan eta armak eduki eta garraiatzea» egozten zieten arren, atxiloketa ostetik Bakearen Artisauak goitizena jaso zuten akusatuak ez ziren kikildu, eta lehen baino babes eta determinazio handiagoarekin ekin zioten armagabetze prozesuari.

2016ko abenduaren 23an, Ipar Euskal Herriko 600 hautetsik baino gehiagok armagabetzean eta konponbidean engaiatzeko eskakizuna luzatu zioten Gobernu frantsesari. Hiru hilabete geroago, 2017ko apirilaren 8an armagabetze eguna antolatu zuen gizarte zibileko ordezkaritza zabal batek eta egun horretatik aurrera armarik gabeko erakundea zela jakin arazi zuen ETAk.

Aske geratu ostean Info7 irratian egin zioten elkarrizketan honakoa nabarmendu zuen Berhokoirigoinek: «Ipar Euskal Herriko berezitasun bat da, beren diferentziak gainditu dituzte amankomunean duten zerbaiten inguruan  elkartzeko, lehen ere ikusi dugu antzeko fenomenorik, adibidez Euskal Herriko Laborantza Ganbarak problemak izan zituelarik, Edo Aurore Martinen kasuan. Hori zaindu behar dugu, altxor bat baita». 

Behartuta hartu zuen, beraz, Berhokoirigoinek Parisera atxilotuta eraman zion hegazkina. Ordea, aske geratu ostean ere sarritan itzuli zen «Argien Hirira», euskal presoen afera konpontzeko sortu zen delegazioko kide moduan, baina ingurumena ahalik gutxien kaltetzearren, beti trena hautatu zuen garraiobide moduan.

Parisen euskal ordezkari

Parisen elkarrizketa bidea irekitzeko Euskal Delegazioak egin zuen lehen bilkura 2017eko uztailaren 10ean izan zen. Berriki izendatua izan zen Emmanuel Macron presidente frantsesari konponbidean engaia zedila galdegitera abiatu ziren eta ordezkari gehienak hegazkinez joan ziren, ez ordea Berhokoirigoin, trenean joan baitzen motxila bizkarrean zuela.

Bilkura garrantzitsua izan zen hura, Ipar Euskal Herriko gehiengoak zuen nahia ordezkatzen zuen delegazio bat parez-pare Estatu frantseseko ordezkaritzarekin ofizialki biltzen zen lehen aldia izan baitzen. Bilkura hartatik itzultzean Berhokoirigoinekin topo egin zuen trenean Maite Ubiria GARAko kazetariak , eta honela esan omen zion: «Jendeak gauzak alda ziten bere baitan duen indarraz ohartzen delarik nehork ezin du luzaz herriaren nahikeria mespretxatu».

Gauzak aldatzeko lehenik sinetsi behar dela behin eta berriz errepikatzen zuen Berhokoirigoinek eta  inoren zain egon gabe norberari dagokion urratsak ematearen garrantzia ere sarritan nabarmentzen zuen, hona Luhusuko urtemugaren kari GARAn egin zioten elkarrizketan esandakoa: «Ez gara egoten ahal beti gauza bat eskatuz, eta badelarik beste bat eskatuz, eta beti aitzakia berri bat plazara ekarriz urratsik ez egiteko. Sinistu behar da bakeak behar duela bide bat, eta bide horretan sartu behar dela, hobeki izanen garelarik bihar bake bide horretan, ezinez eta atzoko egoeran baino».

Pragmatismoa eta metodologia

Aro berri horretan bere esperientzia eta lan egiteko moldea gatazkaren konponbidean urratsak emateko baliatu zituen Berhokoirigoinek eta metodologia horrek emaitzak eman zituen. EHLGren sorreran zein Gobernu frantsesaren itxikeriaren aurrean izan zuen pragmatismo bera erabili zituen euskal gatazkaren konponbidean eta bizikidetzan urratsak emateko.

Auzi berak ikuspegi anitz biltzen ahal dituela kontuan hartua, desberdinen artean puntu komunak bilatu eta indarrak metatzeko gaitasuna erakutsi zuen Berhokoirigoinek eta oinak beti lurrean zian zituen. «Beti pentsatu izan dut oin bat lurrari atxikia izan behar dela, zeren horrek ematen dio zentzua gainontzeko beste lanei, baita bulegokoari ere, lurra da koherentzia», adierazi zuen.

Laborari zen eta laborariekin ikasten zuen. «Baserritar gehienak oso pragmatikoak dira. Ez dute ideologia bategatik edo besteagatik eragiten, egiten dugun lana ona dela eta haientzat onuragarria dela ikusten badute, arrazoi genuela aitortzen dute, baina hori frogatu egin behar da», nabarmendu zion GARAri Berhokoirigonek, eta zera gaineratzen zuen, «jendea biltzeko arrazoi edo motibazio bakar bat onartzen bada, ez da gauza handirik lortuko».

Aspaldi ikasi zuen Berhokoirigoinek denetariko jendea biltzeko malgutasun apur bat ezinbestekoa zela. Bigarren aldiz Baionako epaitegian auzia irabazi zuenean jende desberdina biltzeko modua zein den azaldu zuen: «Mugimendu honetan ikusten dugu denak ez direla arrazoi berberengatik etorri, denek ez dute bide bera jarraitu eta ez dituzte denek helburu berdinak, eta beraz, zerbait irabazi nahi bada, onartu behar da bakoitza bere arrazoiengatik etorriko dela. Aukera guzti horien gainetik elkarrekin lan egiten jakin behar da».

Esan daiteke duela 20 urte laborariek erabili zuten jarduteko molde bera erabili dela Ipar Euskal Herrian azken urteetan, baina ez soilik euskal presoen aferan, baita beste zenbait auzitan ere. Izan ere, Berhokoirigoinen ustez herri txiki bat izateak, baditu zailtasunak, baina baita abantailak ere. «Herri txiki bat gara, baina txikitasun horrek gauzak burura eramateko ahalmena ere ematen digu»,

Azken egunera arte eutsi zion lanari, lanerako laborarien metodologiari eta etengabeko lanean murgiltzera bultzatzen zuten ametsei. Zer nolako etorkizuna nahiko lukeen galdetuta honakoa erantzun zuen 2010ean GARAn egin zioten elkarrizketan: «Bere etorkizuna gauzatzeko eskubideak eta baliabideak dituen Euskal Herria nahiko nuke nire seme-alabentzako. Euskal Herria euskalduna, bere gaitasunekin, bere instituzioekin, beste herrialdeei irekia.... ». Baina ohartarazpen bat ere egin zuen: «Euskal Herri hori gauzatzeko guztiok izan behar dugu aktore».