Ipar Euskal Herriko ikastolen festa ezin izan da ospatu, osasun egoera dela eta. Hala ere data modu ezberdinetan ohoratu da, alde batetik 30 herritako ikastolek ekimen ttikiak antolatu dituzte. Bestalde, ohi bezala, Seaskari eta euskarari haien sostengua emateko hautetsiekin egin ohi den prentsaurrekoa ere ospatu da. Erakunde guztietako ordezkariak, eta berriki hizkuntza gutxituak babesteko onartu den legearen alde bozkatu parlamentariak hurbildu dira bertara. Denek gogorki salatu dute legearen kontra Kontseilu Konstituzionalean ezarri den helegitea.
Senpereko Larreko gelan, normalean herriko aintziraren inguruan elkartu ohi diren hautetsiak bildu dira igande honetan, eta Dominique Idiart herriko auzapezak egin die harrera. Beñat Bidegain eta Emile Negueloua Herri Urratseko presidenteek, festa ospatu ezin den honetan Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak behar duen bosgarren kolegioa eraiki ahal izateko eta dirua biltzeko antolatu den Boga kanpaina aipatu dute, eta oraindik egun batzuetan bertan parte hartzeko aukera badela nabarmendu dute.
Beraien ondotik, Peio Jorajuria Seaskako presidentea, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, Jean-Jacques Lasserre Pirineo Atlantikoak departamentuko presidentea, Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Euskal Elkargoko presidente ordea, Max Brisson senataria, Vincent Bru diputatua, Florence Lasserre David diputatua, Mathieu Berge Akitania Berria Eskualdeko kontseilaria, eta azkenik Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko presidenteak hartu dute hitza.
‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ legearen kontra 61 diputatuk Kontseilu Konstituzionalean ezarri helegitea «indar satanikoek» eta «deabruak» ezarria izan dela baieztatu dute Etchegarayk eta Brissonek, besteak beste. Baina hitz gogorrak bezala, Ikastolen Federazioari sostengua emateko ere baliatu dute, euskararen alde egindako lana nabarmenduz. Larunbatean zendu zen Mixel Berhokoirigoin bakegilea eta ELB sindikatuaren sortzaile, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sustatzailea, izan dute gogoan, eta euskararen alde egindako lana laudatu dute.
Jorajuriak hizkuntza gutxituen babeserako legearen alde egindako lanarengatik bertan presente ziren parlamentariak eskertu ditu. Estatuko «indar zentralista jakobinoek adierazpen demokratikoa ezeztatu» dutela salatu du. Kontseilu Konstituzionalak emango duen erantzunaren zain, eta aldeko deliberoa ematen badu ere, legearen aplikapenean Gobernuaren eta Hezkuntza Ministeritzaren izanen duten jokabideari zain egin beharko zaiola nabarmendu du.
Hautetsien sostengua Seaskari eta salaketa helegiteari
Etchegarayk legeak Asanblea Nazionalean eta Senatuan bozkatua izan zelarik izan zuen indarra kontuan izanik, horren kontra dauden «indar satanikoak» agerian eman daitezela eskatu du. Eta Euskal Herrian indarra euskararen alde dagoen batasuna dela gaineratu du.
Jean-Jacques Lasserrek 1993. urtean jada euskararen alde izan zen indarra eta batasuna izan du gogoan, Euskal Herria 2010 plana egin zen garaian. Berak ere Pariseko «jokabide jakobinoak» salatu ditu, helegitearen egile gisara.
Curutcharryk «momentu erabakigarria eta historikoa» dela baieztatu du, eta orain arte politikoki ez dela hainbeste batasunik izan ere nabarmendu du. Helegitea «ulertezintzat» jo du, eta bretoiaren, okzitanieraren eta katalanaren beste Erakunde Publikoekin batera egindako adierazpen bateratua ekarri du gogora.
Brissonek hartu du hitza ondotik, eta Jorajuriak bere hitzartzean esandakoa eskertu du, izan ere parlamentariek egindako lana izan du gogoan, baina bereziki aipatu du Brisson, Senatuan bera izan baitzen hezkuntza legearen baitan berriz hezkuntzari loturiko artikuluak ezartzeko desmartxako protagonistetako bat. Estatu mailan «Molac legea gisara ezagutzen dena, Euskal Herrian Molac-Brisson legea» bezala izendatu daitekeela esan du.
Senatariak helegitearen kontra egin duten «deabruei» zuzenduz, murgiltzea aukera bat ez dela, baizik eta betebehar bat esan du . Legea bozkatua izan aitzin, azken hilabeteetan bizitakoa «positibotzat» jo du, Estatuko eskualde ezberdinetako parlamentariak elkartu direlako haien herrietako hizkuntzak defenditzeko. Berak ere Ipar Euskal Herrian dagoen «kontsentsua» dela bertako indarra azpimarratu du, baita bi ganbaretan legeak izan zuen gehiengo zabala ere.
Bru diputatuak ere Asanblean izan zuen gehiengoa ekarri du gogora, eta bertan egun horretan bizi izan zen «emozioa» aipatu du, baita Hezkuntza Nazionala ekartzen ari den «krispazioa» salatu ere.
Bere ondotik, Florence Lasserrek Kontseilu Konstituzionalak aldeko erabakia ematen badu ere, borrokatzen jarraitu beharko dela esatearekin batera, «Ni zuekin borroka horretan izanen naiz» baieztatu du.
Bergek helegitea «ideologia jakobino nazionalistaren» ondorio dela salatu du, baina horren aitzinean egon den eta baden erresistentzia publikoa azpimarratu du.
Azkenik Tellituk ikastolak beti aitzindariak izan direla gogoratu du, eta helegiteari buruz gaineratu du: «Legeen zain egongo bagina ez genuen ikastolarik izango». Bukatzeko, Herri Urratseko “Boga”ren ondoren, maiatzaren 30ean Sopela eta Leioako ikastolen aldeko Ibilaldiko “Kala kalatan!” aipatu du, nahiz eta osasun egoera dela eta nola eginen den oraindik ez dakitela aitortu.
Seaskak 52 urtetan egindako lana zoriondu
Murgiltze ereduak Ipar Euskal Herrian duela 52 urte abiatu zen ikastolekin, baina gaur egun 20 eskola publiko eta pribatu katolikotan ere bada. Molac legeak bereziki eskola publikoetako murgiltze eredua laguntzen badu ere, hiru sailetako eragileak bildu dira horren alde lan egiteko. Hori dela eta hautetsiek euskararen alde, eta beste hezkuntza motako eragileekin batera egindako lanarengatik laudatu dute Ikastolen Federazioa.
Curutcharryk Seaska nabarmendu du euskarak azken hamarkadetan izan duen garapenean, eta egungo egoerara ailegatzeko «aitzindari, eredu eta akuilu» izan dela baieztatuz. «Orain boga eta arraun egin behar dugu denek» hitzekin bukatu du bere hitzartzea.
Bergek, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ohi gisara Seaskaren «paper historikoa» nabarmendu du. «Badakit euskararen alde zer lan egiten duzuen, ez bakarrik ikastolen alde, hori ikusi zen Hiriburuko eskola publikoan murgiltze eredua ezartzearen kontrako debekua izan zelarik».
Aurtengo Herri Urrats Seaskarendako 5. kolegio baten eraikuntzarako dirua biltzeari zuzenduta dagoela eta, bigarren hezkuntzako zentro horien ardura duen departamentuaren esku izanik, Lasserre presidenteak Seaska pribatua izanik ere, haien sostengua izanen dutela jakinarazi du: «Elkarrekin lan egingo dugu, konponbide bat atzemateko».
Berhokoirigoin
Larunbatean zendu zen Mixel Berhokoirigoin ere izan dute gogoan beraien hitzartzeetan, bere lana laudatu dute, eta egindako guztiarengatik eredu gisara ere emana izan da.
Jorajuriak «ikastolako gurasoa, militante nekaezina eta bakegilea, berak emandako lekukoa hartu behar da orain». Etchegarayk beste eremuetan bezala euskararen aldeko borrokan egin zuena gogora ekarri du. Curutcharryk eremu ezberdinetan «akuilu» izan zela nabarmendu du. Tellituk Berhokoirigoinen «elkartasuna» azpimarratu du.