Funtsezko hiru puntu batu ditu astearte honetan Alavesek. Elx bezalako arerio baten aurka 0-2 irabazi du –gol diferentzia partikularra ere berdintzea lortu du– eta hala, gaur gaurkoz, jaitsiera postuak, bost puntura utzi ditu. Huesca eta Eibarrek distantzia hau murriztu dezakete asteazkenean eta ostegunean jokatuko dituzten neurketetan.
Nolanahi ere, bere lanak bete ditu Alavesek, duela 10 egun talde armaginaren aurka egin ez bezala (3-0 galdu zuen Ipuruan, kasik hilda zegoen Eibar bat berpiztuz). Jardunaldi honetan, Rioja bikain baten bitartez eta Joseluk bere lehenengo errematean asmatu izanari esker, garaipen ezin hobea marraztu du Gasteizko taldeak.
Gasteiztarrek hiru bider bota dute atera eta hiru aukera horietatik, bi gol egin dituzte eta beste bat zutoinera joan da –oraindik markagailua hutsean zela–. Hasiera-hasieratik bi jokalari hegalekoek, Edgar zein Riojak –eta batez ere andaluziarrak– protagonismo handia hartu dute, hein handi batean zelai erdian fin aritu baitira baloia errekuperatzerako garaian. Eta hori, Battaglia falta zela. Argentinarra zigortuta zegoen neurketa honetarako –hamargarren txartel horia ikusi baitzuen Levanteren aurka– eta bere lekua Pere Ponsek txukun bete du. Kataluniarrak berak izan du talde babazorroaren aurreneko aukera, Riojaren erdiraketa batean.
Almeriako jokalariaren bizkortasunak eta argitasunak asko eman dio Alavesi arerio zuzen baten aurka jokatzerako garaian. Jokaldi guztietan egon da, izan ezkerreko hegalean edota korner bateko aldaratzea jasotzen. Halaxe etorri da neurketako lehen gola. Riojak iskin egin dio Palaciosi –kolonbiarrak gogotik sufritu du, izerdi nahikoa bota du– eta bere erdiraketa Joseluk sareetara errematatu du. Gazzaniga ezustean harrapatu du bat-bateko erremateak.
Aurrelariaren aurreneko aukera izan da eta ez du hutsik egin Alaveseko golegile nagusiak, denboraldia sentsazio onekin bukatzen ari dela erakusteko eta iazko marka apurtu dezake –bederatzi gol egin ditu, iaz baino bi gutxiago–.
Joselu eta Riojaren konexioa
Ate aurrean ez ezik, golak ematen ere abila dela erakutsi du galiziarrak. Izan ere, neurketa bat apurtu daitekeen une egokienean Elx-en huts bat probestu eta Riojari erdiraketa neurtua eskaini dio 0-2koa egiteko. Bi golak, biak ala biak, une egokienean iritsi dira eta horrek ere lagundu du partida beste lasaitasun batekin hartzen, Elx-ek egin ez duen bezala.
Eta Alacanteko taldeak ez du lortu Alavesen urduritasun apur bat eragiterik, hein handi batean Pachecok ere izugarrizko lana egin baitu. Lanerako traje eleganteena izerdiz zikindu du Extremadurako atezainak, honek ere merituzko bi geldiketa une egokienean eginez: bata, oraindik markagailua hutsean zegoela eta bestea, 0-2koa egin eta gutxira. Biak Lucas Boye aurrelariari, honen desesperaziorako.
Azken sprinta
Elxek Alavesek baino jaurtiketa bat gehiago egin du atera eta guztiek Pachecoren eskuekin egin dute topo. Asmatu ala ez asmatu, hor dago koska. Hau da, 31 erdiraketa eginda 8 aldiz aurkitu baduzu errematatzailerik (%29) eta erremate horietariko lau Pachecoren eskuetara joan badira, gauzak hobetu beharrean zaudela adierazi nahi du. Alavesek, 11 erdiraketa eginda hiru aldiz lortu du errematatzaileren batekin konektatzea eta horietariko bi behar izan ditu 0-2 irabazteko. Hor dago koska futbolean eta hor dago koska jaitsiera saihesteko azken sprintean.
Calleja iritsi denetik beste itxura bat hartu du taldeak eta lehenengo finalean –Eibarren aurkakoan– huts egin bazuen ere, baloratzekoa da honek egin duena: zuzendu dituen zazpi neurketetako balantzea hiru garaipen, hiru berdinketa eta porrot bat izan baitira; 12 puntu 21etik, alegia. Azken sailkatua izatetik, jaitsiera bost puntura aldentzea ahalbidetu dion balantze onuragarria.