«Partida hau finala da talde honentzat» sarritxotan darabil kirol kazetaritzak, baina inoiz gutxitan hala izaten da. Eta gaitzerdi «final» bat irabaziz gero titulu bat eskuratzen bada, beti ez baita horrela izaten, ezta irabazita ere. Acunsa Gipuzkoa Basketek TD Systems Baskoniaren aurka euskal derbia jokatu behar du ostegun honetan Illunben, iluntzeko 20.30etatik aurrera. Bestela ere nahikoa balentria izango litzateke Marcelo Nicolarenek gasteiztarrei irabaztea, baina ez dute beste erremediorik, baldin eta matematikoki maila galduko ez badute.
Hori ez da okerrena gipuzkoarrentzat, ordea. Balizko garaipen horrek Gipuzkoa Basket maila mantentzeko borrokan mantenduko luke, bai, baina falta zaizkion beste bi neurketak ere –Unicajaren aurka Illunben; Andorraren aurka etxetik kanpo– nahitaez irabazi beharko lituzke, maila ez galtzeko aukera izateko. Aukera!, izan ere Estudiantesek Burgosen aurka galtzea eta Bilbao Basketek azken sprint luze honetan bi garaipen baino gehiago ez lortzea derrigor beharko luketelako Marcelo Nicolarenek maila ez galtzeko.
Miraria dirudiela donostiarrek datorren denboraldian ACB Ligan jarraitzea? Matematikak aztertuta miraria ez baldin bada ere, ez dago oso urruti, ez.
Eta hala, donostiarrek ostegunean beren aurreneko «finala» jokatuko dute Saski Baskoniaren aurka. Gasteiztarrak ere ez daude kukurruku askotarako, asteartean Joventuten aurka ikusi zen moduan. Azken emaitza, 71-79 Joventuten garaipena Dusko Ivanovicenen aurrean, ez zen hain txarra izan, porrota beti porrota den arren. Gasteiztarrek defentsan sekulako lana egin zuten eta Badalonako taldeak makina bat baloi galdu zituen, aurreneko eta hirugarren laurdenean batik bat. Alabaina, Baskoniak berak hankasartze erraz larregi egin zituen: pase errazak, uztaipeko jaurtiketak, hirukoak... aurkariari 19 baloi oparitu zizkieten Ivanovicenek eta eraso estatikoan aurredenboraldi kutsua izan zuen Saski Baskoniaren jokoak.
Hori gutxi ez eta, Alec Peters eta Youssoupha Fall ez ziren jokatzeko moduan izan, covid-19ak jota. Gainera, Giedraitisek –batez ere– eta Dragicek koronabirusaren erasana oraindik ere gainean zutela ezagun zuten, baina Quino Colom fitxatu berriak ere, denbora asko ez dela covid-19a pasa baitu Andorrako antolatzaileak.
Ikusi egin behar ostegun honetan Fall eta Peters Baskoniak errekuperatu ditzakeen, edota Frantz Massenat fitxatu berriak minuturik izaten duen Illunben. Gipuzkoa Basketen aldetik, asteazken honetan egin diote belauneko ebakuntza Xabi Oroz kapitainari, eta hurrengo 6-8 hilabeteetan kantxetatik at egongo da.
Baskoniaren uztaipeko jokoa ez dabil sanoegi, nahiz eta Jekiri nbehintzat errekuperatu den. Hala ere, ez da ahaztu behar joan den asteburuan Okouo bikain aritu zela Manresan –Gipuzkoa Basketek 91-83 galdu arren– eta Jardunaldiko Jokalari Onenaren saria irabazi du Brazzavilleko pibotak. Agian hortik joan litezke Gipuzkoa Basketen aukerak.
Aurkezpena Gasteizen
Oroz operatu duten bitartean, Saski Baskoniak Quino Colom aurkeztu du Buesa Arenan. Andorrako jokalariak debut oso petrala izan zuen Joventuten aurka, baina Baskoniari «behar duena» emateko gertu azaldu da Bilbao Basketeko jokalari ohia.
«Esperientzia berri hau bizitzeko gogotsu nengien eta ziur nago azkenean kapaz izango naizela taldeari ekarpen on bat egiteko», onartu du aurkezpenean Colomek. «Niretzat urte hau arraroa izan da, urtea Valentzian hasi eta Belgradeko Izar Gorrian minuturik gabe geratu ondoren. Baina gauzak zeozergatik gertatzen dira eta hara, Baskonian nago orain. Talde hau benetan da handia eta jokalari askok nahiko lukete bertan jokatu. Ziur nago laguntzeko moduan izango naizela», gaineratu du.
Pierria Henryrekin batera, antolatzaile bikote kuriosoa osatzen du Quino Colomek, Pierria Henryk txispa, abiadura eta bolada onak jartzen dituelako, Colomek patxada eta jokoa beti ongi irakurtzea jartzen dituen bitartean. «Oso ezberdinak garelako, oso ondo ezkonduko garelakoan nago», iritzi dio Colomek.
«Nire betebeharra garbia da: Gure erasoa ordenatuago izaten lagundu behar dut eta taldekideek ahalik eta jaurtiketa erosoenak izan ditzaten taldea mugitzen asmatu behar dut», azaldu du.
Trantsizio egunak
Quino Colomekin pozarren azaldu da ere Felix Fernandez Saski Baskoniaren manager orokorra. «Saskibaloia ondo ezagutzen du eta entrenaldi bakarra nahikoa du joko sistemak ulertzeko; ‘elgorri’ hori erraz pasako du eta ziur nago jokoan behar dugun patxada hori emango digula», saldu du fitxaketa.
Alabaina, Fernandezek Baskoniak uneotan bizi duen trantsizio egoera aztertu behar izan du. Hasteko, Vildoza NBAra joatea «oso arin» gertatu dela azaltzeaz gain, «klubarentzat eta jokalariarentzat mesedegarri» izan dela adierazi du. «Jokalaria oraindik gaztea da eta saskibaloian buelta asko izaten direnez, Vildozaren eskubideak gureak dira, NBAtik noizbait baletor».
Alegia, Vildoza NBAtik kanpoko talde baten jokatzera joango balitz, Baskoniak lehentasuna izango luke. Bestela, beste talderen batek fitxatu nahiko balu, talde gasteiztarrak diru apur bat irabaziko luke horren kontura.
Horrez gain, aurtengo denboraldia amaitu ostean Pierria Henry eta Achille Polonararekin zer gertatuko ote den ere argitu behar izan du Fernandezek. Eta ez du argitu. Jakina da Henry Real Madrilek «fitxatutzat» publiko egin duela Real Madrilengandik hurbil daude zenbait hedabideren bidez. Polonarak, berriz, Boloniako Virtus atzetik omen du, besteak beste. Baita Baskoniaren beraren eskaitza ere nonbait, beste bi urterako.
«Kontratu berritze kontu horietaz orain aritzea ez litzateke egokia izango», adierazi du horren harira Ferlix Fernandezek. «ACB Ligako egungo txapeldunak gara eta playoffetara iritsi eta txapeldun izaera hori defenditu behar dugu», azpimarratu du.
Hala ere, ez ditu Fernandezek galdutzat ematen ez Henry ezta Polonara ere. «Jokalariek badakite biek Gasteizen biek jarrai dezaten nahi dugula», onartu du.
Bestalde, bai Vildozaren –NBAren «harrapakari» senari buruz– eta baita Henry eta Polonarari buruz ere iritzi berbera eman du azkenean. «Gasteiztik jokalari bikain askoak joan dira eta taldeak aurrera egiten jarraitu du. Horretarako du Alfredo Salazarrek zuzentzen duen Idazkaritza Tekniko bikain hori», amaitu du.