«50 bat herritatik iragan eta hamaika amets zein aldarri jaso ondotik», azken txanpara «indartsu heldu» da ‘Bizi gira kutxa bira’ ekimeneko kutxa, antolatzaileek iragarri dutenez. Argentinako Patagones hiritik abiatu zen martxoaren 20an Iparra Hegoa fundazioaren ekimena eta maiatzaren 30ean amaituko da Seguran.
Azken egunetan, zehazki, Barrika, Plentzia, Gernika, Gautegiz-Arteaga, Lekeitio, Larrabetzu, Urkabustaiz, Durango, Agurain, Arabako mendialdea, Altsasu, Arbizu, Gares, Oibar, Irunberri, Burlata eta Iruñean izan da.
Era berean, apirilaren 27an Argentinako, Patagonia iparreko Viedma eta Patagoneseko senideek Udale banatan manifestu bat aurkeztu zutela jakinarazi dute ekimenaren bultzatzaileek. Manifestuak, ‘Bizi gira kutxa bira’ ekimena eskertzearekin batera, euskara zein euskal kulturaren ondarea goraipatzen ditu.
Asteburuan Bartzelonara
Ondoko egunetan, berriz, Euskal Herritik barna ez ezik, Bartzelonan ere egingo du bira kutxak, hango Euskal Etxeko eta herrialde katalanetako adiskideekin eskuz-esku. Ondoko lerroetan, antolatzaileek prestatu duten egutegia:
Otsegunean, Gracian, Raspall Plazan, 20.00etan Ball de Bot dantzaz kutxari harrera eginen zaio.
Ostiralean, Sants auzoan, Santseko komunalean, kutxari ongi etorria eta 20.00etan kontzertua egingo dute Kilimak taldearen eskutik.
Larunbatean, Casc Anticen, Passeig del Bornen, 11.00etan haurren txokoan jolasen txanda izango da, eta 12.00etan ekitaldia egingo da: euskal dantzak, glosak naiz bertsoak eta herrialde katalanen ametsen kutxa ezagutzeko aukera egongo da: Omnium Cultural, CAL, Sindicat d’habitatge del Casc Antic eta Sindicat de Mantersen parte-hartzearekin.
Igandean, Clot Camp de l’Arpan, l’Anonima Casalean, 12.30ean ‘Los deportados de ETA. Los olvidados del conflicto’ liburuaren aurkezpena egingo dute Susana Panisello idazlearekin. 14.00etan Vermuta hartzeko hitzordua eta, azkenik, Bartzelonako kutxa birari agurra emango diote.