Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak Araban gertatutako 14 LGTBI+fobia gertakarien berri izan du. Horietatik 11 Gasteizen gertatu dira, bat Añanako koadrilan eta bi Arabatik kanpo, baina herrialdeko pertsonak izan dira gertakariaren xede.
Aurreko urteetan baino intzidentzia gutxiago jaso dira. Ikusguneren arabera, beherakada hori egoera pandemikoarekin estuki lotuta dago, eta horrek zaildu egin du indarkeriazko egoerak salatzea, bai eta tradizionalki eraso asko (jaiak, aisialdiak, etab.) gertatu diren gunerik ez egotea ere.
Erasoen tipologiari dagokionez, 6 transfobia kasu, 4 homofobia kasu, 2 lesbofobia kasu, LGTBI+fobia kasu bat eta intragenero kasu bat ezagutu dira. Kasu honetan, transfobia gertakarien %43 da.
Trans kolektiboan izandako intzidentzien hazkundea handituz doa Ikusgunek erabiltzen dituen datuen arabera; hala, 2017-2018an intzidentzien %7 ziren, 2018-2019an %15, 2019-2020an %12 eta gaur egun %43.
Eraso motari dagokionez, jasotako gorabeheretatik 6 gorroto-diskurtsoari dagozkio, 3 eraso, 3 zisheteropatriarkatuaren ugalketari, 1 diskriminazioa izan da eta bat genero barrukoa.
Ikusguneren iritziz, nabarmentzekoa da erasoen eta gorroto-diskurtsoaren gorakada nabarmena; izan ere, 2019-2020ko aurreko txostenean %12 eta %24 ziren, hurrenez hurren, baina azken urte horretan %21 eta %43raino igo dira.
Covid-19ak sortu duen testuigurua kontutan hartuta, «lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak (LGBTI+) elkarren artean gurutzatutako diskriminazioei aurre egiten» ari direla azaldu du Ikusgunek, bai genero-identitateagatik edota sexu-orientazioagatik, bai desberdintasun-faktore batzuengatik ere: migratzaileak izateagatik, edo gazteak eta nerabeak, adinekoak, dibertsitate funtzionala izateagatik, eta abar.
Hala, Ikusgunek kezkaz behatzen ditu kolektiboan izaten diren desberdinkeria-, bazterketa- eta alboratze- egoerak.
«Familiaren etxea ez da segurtasun- eta zaintza-espazio bat LGTBI+ diren pertsonentzat, familian onartuak ez izan arren familiarekin bizitzera behartuta daudenenean», nabarmendu du. Horrek areagotu egiten ditu etxeko indarkeriaren eta abusu fisiko eta emozionalaren tasak, bai eta osasun mentalaren kalteak ere.
Zentzu horretan, «familiaren etxera, zaharrak zaintzera, itzuli behar izan duten pertsonen egoera» mahainganeratu du Ikusgunek, horren ondorioz «armairura itzuli behar izan dutenak edo beren genero-adierazpena mugatu behar izan dutenak» gogoratuz.
Trans Legea onartzearen alde
Azkenik Kongresu espainolean erregistratu den trans legearen inguruko balorazio egin du Ikusgunek. «Gasteizen LGTBI+fobiaren intzidentziaren inguruko datuak jasotzen hasi ginenetik 12 dira jasotako transen aurkako gertakaerak. Kasu gehienak dokumentazioarekin zerikusia duten erakunde-esparruko gatazkei dagozkie. Lan-arloan ere sortzen dira gatazka handiak. Aipatu dugun lege-proposamenak gatazka horiek guztiak arinduko lituzke», azpimarratu du.
Gainera, errekonbertsio-terapien gaia ere landuko luke legeak, kezka handia sortzen dutenak Ikusgunen, Gasteizen iragarri baitira.
Gauzak horrela, Ikusgunk egun Diputatuen Kongresuan erregistratutako trans legea onartzearen alde dagoela nabarmendu du, legea «trans pertsonei dagozkien Europako estandarrak bermatzeko bidean» dagoelako.
Datorren asteartean erabakiko da Diputatuen Kongresuan tramiterako onartzea, eta Ikusguneren ordezkaritza bat bertan egongo dela iragarri du, haren jarraipena egiten.