NAIZ

Enplegu publikoaren aldeko bilera eta mobilizazioak iragarri ditu euskal gehiengo sindikalak

Apirilaren 22an enplegu publikoa babesteko grebara deitu zuten sindikatuek bilerak eskatuko dituzte Lakua, Eudel eta alderdi politikoekin, «haien esku dagoelako zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagoren enplegua bermatzea».

Zerbitzu publikoen aldeko mobilizazio eta bilerak eginen ditu euskal gehiengo sindikalak. Ostiral honetan aurkeztu dituzte, Bilbon. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Zerbitzu publikoen aldeko mobilizazio eta bilerak eginen ditu euskal gehiengo sindikalak. Ostiral honetan aurkeztu dituzte, Bilbon. (Monika DEL VALLE/FOKU)

ELA, LAB, CCOO, Satse, ESK eta Steilas sindikatuek greba eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko dutela jakinarazi dute ostiral honetan, Lakuako Gobernuak eta alderdi politikoek «enplegu publikoa sortzeko eta sendotzeko beharrezko pausoak eman eta zerbitzu publikoak indartu arte».

Gaur egin duten agerraldian iragarri dutenez, bilerak eskatuko dituzte berehala Lakua, Eudel eta alderdi politikoekin, «haien esku dagoelako zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagori enplegua bermatzea».

Horrekin batera, datozen asteetarako honako mobilizazio hauek adostu dituzte: maiatzaren 25ean manifestazioa Gasteizen; ekainaren 1ean elkarretaratzeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publiko osoko lantokietan; eta ekainaren 5ean manifestazioak Donostia, Bilbo eta Gasteizen.

Grebaren balantzea positiboa da; eskaeren erantzunarena ez

ELA, LAB, CCOO, Satse, ESK eta Steilasek EAEko sektore publiko osorako deitutako mobilizazioei eta apirilak 22ko grebari buruzko «oso balorazio positiboa» egin dute. «Milaka langile publikori greba eskubidea ukatzen zieten gutxieneko zerbitzuak ezarri eta pertsonen mugikortasuna asko baldintzatzen zuen pandemia egon arren, 18.000 langilek baino gehiagok parte hartu zuten EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan», nabarmendu dute.

Ez dute balorazio bera egin Lakuak, erakundeek eta alderdi politikoek horietan egin ziren eskaerei eman dioten erantzunari buruz.

«Eusko Jaurlaritzak, propaganda-adierazpenak alde batera utzita, euskal sektore publikoko 60.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen du, eta, Europako behin-behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du», kritikatu dute. «Ez du enplegu publikoa kontsolidatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen», erantsi dute.

Gainerako erakundeei eta alderdi politikoei dagokienez, ez dute «benetako proposamenik» ikusten hemen, gure herrian, zein zerbitzu publiko nahi eta behar diren erabakitzeko eta euskal enplegu publikoa sendotzeko.