NAIZ

Sansek, Bilbao Athleticek eta Amorebietak Bigarren Mailara igotzeko fasea hasiko dute

Guztira 16 taldek parte hartuko dute Badajozeko herrialdean jokatuko den igoera fasean, horietatik hiru euskaldun: Sanseri berdinketa balio dio; Bilbao Athletic eta Amorebietari, ordea, ez. Zortzi onenek hurrengo asteburuan neurtuko dituzte indarrak datorren denboraldian Bigarren Mailan aritzeko.

Sansek garaipena eskuratu zuen Lezaman Bilbao Athleticen aurkako partidan. (ATHLETIC CLUB)
Sansek garaipena eskuratu zuen Lezaman Bilbao Athleticen aurkako partidan. (ATHLETIC CLUB)

Iritsi da Bigarren B Mailako taldeen helburua betetzeko asteburu garrantzitsuenetariko bat. Izan ere, larunbat eta igande honetan hasiko da Bigarren Mailara igotzeko fasea. 16 talde arituko dira lehen kanpotaketa honetan, eta horietatik hiru euskaldunak dira: Sanse, Bilbao Athletic eta Amorebieta.

Asteburu honetan zortzi talde sailkatuko dira bigarren fasea jokatzeko. Azken kanporaketa hau maiatzaren 22 eta 23an jokatuko da, futbol-zelai berdinetan, eta lau irabazleek igoera lortuko dute.

Euskaldunen artean, Xabi Alonso jokalari ohiak gidatzen duen Reala B taldeak Andorra –Gerard Pique Bartzelonako jokalariarena dena eta Eder Sarabiak gidatzen duena– izango du aurkari larunbat honetan (Almendralejo, 20.00).

Txuri-urdinen entrenatzaileak adierazi duenez, «asko espero dut kanporaketa honetan. Gure aldetik, ondo jokatzen eta lehiatzen jarraitu nahi dugu. 2021ean bereziki oso maila ona lortu dugu eta gure ideiarekin mantendu nahi dugu».

Donostiarrek bere taldean lider bezala amaitu dute. Beraz, kasu honetan, berdinketa batekin hurrengo fasera sailkatuko lirateke, Andorra bere taldeko hirugarren amaitu baitzuen.

Izan ere, gogoratu behar da partidek luzapena izan dezaketela, baina ez penaltiak. Azken egoera hau emateko, bi aurkariek sailkapen berdinarekin sailkatuta iritsi behar dira fase honetara.

Hori Athletic B taldearen adibidea da. Izan ere, Joseba Etxeberriaren jokalariek bigarren amaitu zuten aurreko fasea, eta igande honetan (Villanueva de la Serena, 20.15) izango duten aurkaria, Onesimo Sanchez Valladolid eta Bartzelonako jokalari ohiak gidatzen duen Celta B, bigarren amaitu zuen baita ere bere taldean.

Beraz, bizkaitarren eta galiziarren arteko partidak ezin du berdinketarekin amaitu. Kasu horretan, luzapena edota penaltiak egongo lirateke.

Hirugarren euskalduna Amorebieta da. Iñigo Velez de Mendizabalen taldeak larunbat honetan jokatuko du Linaresen kontra (Badajoz, 20.00). Bizkaitarren aurkaria bere taldeko liderra bezala iritsi da fase honetara.

Entrenatzaile gasteiztarrak azpimarratu duenez, bere taldea «oso ondo dago; kanporaketa iristeko eta jokatzeko gogotsu». Hori bai, «oso partida zaila eta lehiakorra» espero du, baina «polita bi afizioentzat».

Bere taldeari berdinketak ez dio balio, baina Velez de Mendizabalek argi du: «Niri horrek ez nau kezkatzen. Taldea beti irabaztera ateratzen da eta oraingoan ez da ezberdina izango».

Zaleen presentziarekin

Zenbait klubek eskatuta, astean zehar hiru partiden ordutegiak aurreratu dira, taldeen eta zaleen joan-etorria errazteko. Izan ere, Extremadura 1 alertan egonda, zaleen presentzia onartzen da futbol-zelaietan, beti ere %75a gainditu gabe.

Bigarren Mailara igotzeko faboritoen artean, Fernando Estevez gidatzen duen Badajoz ageri da. Bi partida besterik ez ditu galdu denboradian zehar –horietako bat Castillaren aurka, jokoan ezer ez zuenean– eta Bigarren B Mailako 102 taldeen artean onena izan da.

Orain, gainera, etxean jokatuko du igoera fasea. Ageri diren beste talde garrantzitsu batzuk hauexek dira: Raul Gonzalez Real Madrileko jokalari ohiak gidatzen duen Castilla bera; Salva Ballesta Sevilla, Valentzia eta Racingeko jokalari ohiak entrenatutako Algeciras; edota Amadeo Salvo Valentziako presidente ohiak zuzendutako eta Juan Carlos Carcedok –Unai Emeryren laguntzaile bezala 14 urte igarotakoa– entrenatutako Ibiza.

Larunbateko partidak:

- San Sebastian de los Reyes - Algeciras (Municipal Villanovense -Villanueva de la Serena-, 12.00)

- Burgos - Calahorra (Municipal Vicente Sanz -Don Benito-, 18.00)

- Real Sociedad B - Andorra (Francisco de la Hera -Almendralejo-, 20.00)

- Linares- Amorebieta (Nuevo Vivero -Badajoz-, 20.00)

Igandeko partidak:

- UCAM - Barcelona B (Vicente Sanz -Don Benito-, 12.00)

- Ibiza - Castilla (Nuevo Vivero -Badajoz-, 12.00)

- Bilbao Athletic - Celta B (Municipal Villanovense -Villanueva de la Serena, 20.15)

- Badajoz - Zamora (Francisco de la Hera -Almendralejo-, 20.15)