Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Txarrenari onena aterata eta «jokoan difrutatzen», Bera Bera txapeldun

«Azkar esaten da baina esatea egitea baino errazagoa da». Bera Beraren balentrien atzean izerdi asko eta ondo ulertzen den talde bat dago. Behin liga irabazita, pasa den ostiralean Rocasa jipoitu izana ez da kasualitatea. Alba Menendez, Imanol Alvarez eta Tati Garmendia NAIZekin mintzatu dira. 

Gustukoa egiten gabiltzanez ondo pasatzen dugu, baina egiazki orain ikusten ditut jokalariak pistan gozatzen». Eta ez da lorpen makala gero. Imanol Alvarez pozez agertu da bere hirugarren Liga irabazi berritan –bigarrena bere bigarren etapan–, eta ospakizunen baitan ilea ere moztu zioten jokalariek. Harro dago taldeak egindako lanarekin eta ematen dituen azalpen guztietan nabaritzen da, nabaritzen den legez pasa den urteko Kopako porrotak gogor kolpatu zuela taldea. Nolanahi ere, Alvarez entrenatzailea eta Alba Menendez kapitaina bat datoz «horrek ekarri gaitu hona» irizterakoan.

«Niretzat porrot handia izan zen, inork ez baitzuen espero lehen partidan kanpoan geratzea, ezta nola izan zen ere. Frustrazioa, pena… Liga irabazi dugu bi jardunaldiren faltan eta agian Kopako porrotak Ligan ondo aritzera eraman gaitu», taxurik gabe hitz egin du kapitainak. Onartzen du hitz egiteko tartea hartu zutela porrot horren ostean, aberasgarria izan zela, «aitzakiarik ezin baita erabili horrelako porrot bat aztertzeko orduan».

Ezin da aitzakiarik erabili horrelako porrot bateko galderak erantzuteko

Jada bere zazpigarren Liga garaikurra irabazi du zarauztarrak; hau da, klubak irabazi dituen guztietan egon da Menendez. Kapitainaren hitzetan «zortea» eduki du Bera Beraren urte loriatsuenetan taldean egoteagatik. Berak ere, baina, badu lortutakoaren erantzukizunaren parte handi bat.

«Albari nabari zaio oso jende profesionalarekin inguratuta egon dela, bere jarreran, bere profesionaltasunean nabari zaio», dio Tati Garmendiak, klubeko arduradunak. Urte batez biak pistan kointziditu zuten, Menendezen lehen urtean eta Garmendiaren azkenean, alajaina. 

Bera Beraren esentzia

«Beteranoek Bera Beraren esentzia transmititzen dute; hau da, asteburuan irabazteko egiten dela entrenamendu bakoitza. Eta horrek lan-kalitatea ematen dizu», azaldu du entrenatzaileak. Talde donostiarrean «irabazteko jokatzen» baita. Horregatik, Kopako zortzi final jarraian jokatu ostean lehen kanporaketan kalera joatean, jende askok eraman zituen eskuak burura.

Patxadaz aztertu zuten porrota, «ez gaude galtzera ohituta eta, beraz, besteek baino gehiago aztertzen ditugu horrelako egoerak». Lesioek ere taldea egokitzera derrigortu zuten eta, Alvarezen ustez, berak ez du aldaketa nabaririk egin; giltzarria taldearen osaketan egon delakoan dago. 

Denboraldi hasieratik esan zuen Bera Beran inoiz eduki duen talde «osatuena» zela aurtengoa. Boada, Gil eta O’Mullonyren lesioek taldea ukituta utzi zuten, baina ermuarrak dio are «osatuago» dagoela taldea denboraldi bukaera honetan: «Eguna joan eguna etorri hamalau jokalari elkarrekin lanean egotea, minutuak orekaz banatzea, ez jakitea zeinek jokatuko duen hasieratik… Taldeak guztia erraztu du eta azken neurketetako datuek horixe diote. Elxen aurka zortzi baloi galdu genituen soilik eta, hala jokatuta, oso zaila da guri irabaztea».

Atletico Guardeseko entrenatzaile Pradesek ere horixe bera esan omen zion lehen faseko lehia amaitzean eta hor ohartu zen ermuarra Liga irabaztea errealitate bihur zitekeela. Beste arerioekiko bi puntuko abantailarekin iritsi zen bigarren fasera Bera Bera, baina lana errematatzea falta zen. Nola egin duen ikusteak «harrotasuna» pizten dio Alvarezi: «Guztiok une berean iritsi ginen fase erabakigarrienera. Guztiok geunden indartsu elkarren aurka jokatzeko, eta bi jardunaldiren faltan irabaztea meritu handiko kontu bat dela uste dut».

Nagusi, arerio zuzenen aurka

Azkar esaten da «baina esatea errazagoa da lortzea baino». «Fidagarritasun» handiarekin irabazi ditu arerio zuzenen aurkako norgehiagokak Bera Berak, duela pare bat urte Liga irabaztea galarazi zieten arerio horien aurka, hain zuzen. Eta horrek, Tati Garmendia bera ere harritu egin du. Ez da gutxi, kirol arduradun karguan dagoenetik urtero gutxienez garaikur bat irabazi baitu taldeak –hori ere aise esaten da–.

[Imanol Alvarezek] lasaitasunez kudeatzen ditu gauzak, patxadaz, ondo kudeatzen dakielako. Bertute handi bat da

Imanol Alvarez eta bere talde teknikoaren lana goraipatu du donostiarrak, irailean hainbeste zalantza sortu zituen talde batetik onena ateratzen jakin duelako «lasaitasunez. Hala kudeatzen ditu gauzak, patxadaz, ondo kudeatzen dakielako. Niri ezinezko egingo litzaidake; uste dut bertute handia dela». Era berean, entrenamenduez gain, uneoro datuekin lan izugarria egiten duela ziurtatu du: «Denbora asko eskaintzen dio taldeari».

Jende askoren lana dago atzean, jakina, eta, Alvarezi pertsonalizatzea gustatzen ez zaion arren, Esther Arrojeriaren izena erabili du ahoan: «Ez du bikaintasun goreneko ezer egin, baina bere bizkar gainean hartu du taldea; bere erritmora jokatu da eta nukleo indartsu bat osatu du, horrek nolabaiteko heldutasuna eman dio taldeari. Asko hazi da, ez soilik jokoan, baizik eta taldea gidatzeko orduan, eta, hori, askoz ere zailagoa da». Nola ez, Menendezen laguntzarekin egin du hori, usurbildarra eta zarauztarra izan baitira gehien parte hartu duten bi jokalariak. Biokin batera, Maitane Etxeberria ere garrantzitsua da taldean. Bada, hiru jokalariotatik abiatuta jarraitu nahi du hazten klubak. 

«Oxala urte askotarako taldean egotea hirurak, seinale ona litzateke», onartu du Alvarezek. Garmendiak ere azaldu du ondo funtzionatzen duen taldea mantentzea, taldearen filosofia hain ondo ulertzen dutenak gustura egotea lehenetsi behar dela fitxaketak egiterako garaian.  

Alba Menendezek hamabigarren denboraldia jokatu du Bera Beran eta oraindik berarentzat eskubaloia bukatu ez dela aurreratu du. Fisikoki eta, batez ere, mentalki, indartsu dago zarauztarra eta hori hainbeste denboran mantentzea ez da batere erraza: «Eta are gehiago Bera Bera moduko talde batean; ez zaude derrigortuta irabaztera, baina helburu hori beti dago buruan. Presio hori mantentzeko gai izan behar duzu».

Exijentzia, mentalki presioa mantentzeko gai izatea

«Bera Beran egotea exijentzia handikoa da, baina, era berean, baita estimulatzailea ere. Lanean guztiok behar dugu bizigarriren bat. Eta irabazteko jokatzea oso polita da. Hori bai, ulertu behar da beti ezin dela irabazi», azpimarratu du Alvarezek. «Normalena, kirol ibilbide batean, irabazi baino neurketa gehiago galtzea da, baina Bera Beran oso zaila da hori gertatzea eta horretan lanean jarraitu behar dugu», gehitu du. Hamabost urtean hogei garaikur irabazi ditu taldeak, azken bederatzi urteetaan zazpi Liga, lau Kopa eta sei Superkopa. 

Normalena, kirol ibilbide batean, irabazi baino neurketa gehiago galtzea da, baina Bera Beran oso zaila da hori gertatzea eta horretan lanean jarraitu behar dugu

«Egia esan, oso zaila da hainbeste urtean goian mantentzea. Nahi duguna bisualizatzen dugu entrenatzailearekin batera eta, ondoren, helburuak jartzen ditugu», kontatu du Tati Garmendiak talde irabazle bat nola eraikitzen den galdetzerakoan. Presioak ez duela laguntzen aitortu du, baina gero poza are handiagoa izaten dela ere onartu du.  Beraien filosofiak giltzarri hauek ditu: «Daukaguna baino gehiago ez xahutzea, helburu errealetaz hitz egitea eta taldea lehenestea». 

«Liberatua» sentitzen da Tati Garmendia, lehen aukeran irabazi baitzuten Liga. Imanol Alvarez disfrutatzen ari da bere bigarren etapan, beste konfiantza batekin ari da, eta «molestatu baino gehiago aportatzen» duelakoan dago, lehen etapan ez bezala –eta hori hiru titulu irabazi zituela!–. «Orain badakit noiz isildu behar dudan», dio barrezka. Harreman ona du jokalariekin, «eta hori oso atsegingarria da; orain egiten dudan lanak gehiago betetzen nau». Menendezek ere onartu du konfiantza sendoa eraiki dutela ermuarrarekin.

Egoera txarrenean onena aterata, talde irabazlea dela ondo baino hobeto erakutsi du Bera Berak pistan, baita pistatik kanpoko kudeaketan ere. Ez delako kasualitatea bederatzi urtez jarraian, urtero, gutxienez, garaikur bat irabaztea. Martxa honetan, Bidebietako apalak handitu beharko dituzte!