NAIZ

Alarma egoeraren testuinguruan, Polizia ezberdinen gehiegikeriak agerian utzi dituzte

Alarma egoeran eta baita honen amaierarekin batera, biderkatu egin dira Euskal Herrian Polizia ezberdinen jarreren aurkako salaketa publikoak. Hona hemen Erromo, Donostia eta Iruñeko hiru kasu, lekukoek grabatu eta jakinaraziak.

Polizia ezberdinen gehiegikeriak errepikatu gin dira azken hilabeteetan. Alarma egoeraren neurri berezien baitan eta baita hauen amaieraren testuinguruan, horietako hainbat ezagutu dira eta horren lekuko izan dira sare sozialak.

Horietako bat Erromon izan zen. NAIZek jakin ahal izan duenez, gazteak Artaza parkean biltzen hasi ziren gauetan, alarma egoera amaituta, lagun-talde ezberdinetan. Larunbateko 03:00ak aldera Udaltzaingoa eta baita Ertzaintza ere agertu ziren bertan. Ertzaintzaren agenteetako bi emakume batengana abiatu ziren eta, salatu dutenez, «arrazoirikgabe jotzen hasi zitzaizkion». Neska horren bikotea gerturatu egin zen, hau lagundu asmoz, eta kolpatu egin zuten, buruan zortzi puntu behar izateraino, lerro hauen azpiko irudian ikusi daitekeen moduan.

Sareetan ere oihartzuna izan zuen apirilaren hasieran Donostian Udaltzaingoak NAN-ik gainean ez zeraman adingabe batekin izan zuen jarrera. Twitter bidez salatu zutenez, kolpe ugari eta mehatxuak jaso zituen, hainbat ubeldura eraginez eta ezpaina ere hautsiz.

Hirugarren adibidea Iruñeko Arrotxapea auzoan grabatutako bideoa da. Bertan nafar hiriburuko Udaltzaingoak gazte bat dauka zoruaren kontra atxikita. Arnasa hartzen uzteko eskarien artean, tentsio uneak bizi izan ziren parke batean. Albistea osatzen duen bideoan ikusten denez, bat baino gehiago dira mugikorra atera eta polizia agenteen gehiegikeriak grabatzen dituztenak.