Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Oiartzundik eman zaio hasiera sinbolikoa laster Euskal Herria kulturaz bustiko duen ekimenari

Hamarnaka artista eta udalerritako ordezkari elkartu dira ostegun honetan Oiartzungo Arizmendi Eneako lorategian Udalbiltzak antolatutako ‘Geuretik Sortuak’ egitasmoari babes ematera eta hasiera sinbolikoa irudikatzera. Argazki erraldoia atera dute bertaratutako guztiek.

Argazki erraldoia atera dute ostegunean Oiartzunen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Argazki erraldoia atera dute ostegunean Oiartzunen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Udalbiltzak antolatutako ‘Geuretik Sortuak’ kultur-proiektuari hasiera sinbolikoa eman zaio ostegun honetan Oiartzungo Arizmendi Eneako lorategian, egitasmoa babestu eta bultzatu duten 38 herrietako ordezkari batzurekin eta deialdi publiko bidez aukeratuak izan diren 26 kulturgileen lagin baten konpainian.

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak bertaratu diren guztiei eskerrak emanez hasi du Udalbiltzaren ekimenaren bigarren aurkezpen ekitaldia. Nabarmendu du proiektuak «ilusioa» piztu duela berdin sortzaileengan eta udaletako arduradunengan eta, hain justu, covid-19aren denboratan ilusioa dela euskal kulturak halabeharrez berreskuratu behar duen indarra. Parte hartzaile guztiei kultur proiektu erraldoi honetan murgiltzeko animoak emanez eman die hitza Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariari eta Koro Etxeberria erakunde honetako Batzorde Eragileko kideari.

Asurmendik gogoratu du urtebetez isilpean lanean aritu ostean Durangon 2020ko abenduan egindako aurkezpenarekin batera eman zitzaiola hasiera «bidaia kultural eder honi». «Kulturgile ezberdinekin egindako gogoetaren ostean jaio da proiektua, kezka komun batetik: euskarazko kulturari merezi duen bultzada ematetik», agertu du.

‘Geuretik Sortuak’ ekimena euskal kulturarentzako une egokian bultzatu dela azpimarratu du Udalbiltzako lehendakariak: «Covid-19aren krisiaren kudeaketak argi utzi du kultura bigarren plano batean dagoela instituzio batzuentzat; gizartearen borondate eta desirak, ordea, lehen planora ekarri du eta behar horri erantzuna emateko ikusi genuen proiektu hau aurrera eraman behar genuela».

Erantzun hori «herri bezala, elkarrekin eta elkarlanean» egin behar zela erabaki zuten Udalbiltzako kideek, Euskal Herriko sortzaileak, udalerriak eta eragileak saretuz.

Lan hori guztia egin ostean, prest da proiektuan parte hartuko duten udalerri eta sortzaileen zerrenda; idazle, zinegile eta antzerki konpainiek osatutakoa. Kartel «orekatua» dela nabarmendu du Asurmendik, izen ezagunek eta kulturgintzan hasi-berriak direnek osatutakoa; herri txiki eta handien aterpean.

26 udalerri edo udalerri-multzok parte hartuko dute proiektuan. Batzuek erabaki dute multzoka parte hartzea, beraz, orotara, 38 udalerritara zabalduko da ‘Geuretik Sortuak’, Euskal Herriko zazpi probintzietan barrena: Gipuzkoan, Oñati, Bergara-Antzuola, Usurbil, Amasa-Villabona, Zestoa, Zumaia, Zaldibia, Oiartzun eta Hernani. Bizkaian, Galdakao, Ondarroa-Berriatua, Arrigorriaga eta Larrabetzu. Nafarroan, Leitza, Bera-Lesaka, Lodosa-Sartaguda-Andosilla-Mendabia, Tafalla, Atarrabia-Ugarte, Etxarri-Aranatz eta Araitz-Betelu-Larraun. Araban, Zuia-Artziniega. Zuberoan, Ligi-Atherei-Liginaga-Astüe-Lexantzü-Etxebarre. Lapurdin, Uztaritze. Nafarroa Beherean, Baigorri eta Urepele.

Proiektuak herri bezala dakartzan erronkez eta ilusioez jardun da Aitor Elexpuru Berako alkatea. Lesakarekin batu da ekimen honetarako, eta proiektuarekin konpartitzen dituen bi zutabeak aipatu ditu: «Kultura euskaraz egitea eta gure kontakizuna sortu eta hedatzea». Esan du «erronka» izango dela halako proiektu bat antolatzea, baina ederra dela «covid garaiean horrelako eskaintza oparoa izatea gure herrietan».

Eñaut Castagnet zinemagile lapurtarra egongo da hiru astez Bera eta Lesakan, Elexpuruk esan bezala, Euskal Herriak «ariman» gordetzen dituen mugen inguruko proiektu batean murgilduta.

Artistak protagonista

Bestalde, deialdi publiko baten bidez artista ezberdinen 73 proiektu proposamen jaso zituzten, eta horrekin, «berretsi da euskal kulturak dituen kemena eta kalitatea benetan handiak direla», balioetsi du Koro Etxeberriak.

Aukeratutako 26 zinemagile, antzerkigile eta idazleek euren bizilekua ez den herri batean hiru asteko egonaldia egingo dute, eta han beraien kultur-proiektua aurkeztu. Horrekin batera, 16 ipuin, 5 antzezlan eta 5 film labur sortuko dira. Artista edo konpainia bakoitzak helmuga izango duen udalerriarekin elkarlanean aritzea eta bertako berezitasunak islatzea da asmoa.

Nobedade gisa, aurreratu dute ipuin-bilduma Udalbiltzak argitaratuko duela, horrela estilo, lizentzia eta formatu aldetik askatasun gehiago izango dutelakoan. Ipuin-bilduma lizentzia ireki batekin argitaratuko da; liburu fisikoa salgai egongo da dendatan, eta liburu elektronikoa doan eskuratzeko aukera izango da. Bost film laburrak 2022an film luze bakarrera bateratzeko ardura, berriz, Adabaki ekoiztetxeak izango du.

Oiartzungo ekitaldian kulturgileek ere izan dute parada Geuretik Sortuak ekimenaren inguruan hitz batzuk esateko. Itxaro Borda idazlea izan da horietako bat. Usurbilera joatea egokitu zaio, berak azpimarratu bezala, Laboa, Zumeta edo Artzeren herria.

Konfesatu du oraindik ez dakiela «zer aterako den» hiru asteko egonaldi horretatik, baina aipatu «arrano kultural» horien «hegalpean» zeozer aterako dela promestu du eta, aurreratu, Usurbilekin halako «harreman poetiko» bat ondu eta bide horretatik idatziko duela.

Amaitzeko, proiektuaren arduradunak eskertu ditu: «Ez da opari makala ‘Geuretik Sortuak’». Ekitaldia amaitutakoan, argazki erraldoia atera dute Arizmendi Enea lorategira bertaratutakoek, proiektuari hasiera sinbolikoa emanez.