Manex Altuna
Entrevista
Mikel Saizar
Amorebieta taldeko atezaina

«Jokalari guztiak Euskal Herrikoak izateak nortasuna ematen dio Amorebieta taldeari»

Ibilbide oparoa egin du Mikel Saizarrek (Ibarra, 1983). Tolosan hasi, Athleticeko harrobira salto egin, etxera itzuli eta Real Unionetik iritsi zen Zubietara. Ez zuen Realarekin debutatzerik izan, baina Kordobarekin Lehen Mailan jokatu zuen eta, hainbat taldetatik igaro ostean, Amorebietan ari da.

Mikel Saizar, Amorebieta taldeko atezaina. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Mikel Saizar, Amorebieta taldeko atezaina. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Bigarren Mailara igotzeko azkenengo kanporaketak jokatuko dira asteburu honetan. Reala Bk Algecirasen kontra jokatuko du larunbatean eta Bilbao Athleticek Burgosen aurka igandean. Amorebietak, berriz, etxean jokatzen duen Badajoz izango du arerio bihar (22.00). Aurrekontu txikiena izan arren, gogotsu daude bizkaitarrak.

Zein sentipen dago taldearen barnean Bigarren Mailara igotzeko finalaren atarian?

Ilusioz gainezka gaude. Aurreko asteburuan Badajozera Linares taldea nolakoa zen jakin gabe joan ginen, bideo batzuk ikusita baina askoz gehiago ez. Partiduan, ordea, oso ondo sentitu ginen, indartsu, eta gure aukerak aprobetxatu genituen. Ez dut esango erraza izan zenik, baina nahiko eroso gainditu genuen kanporaketa.

Denboraldi hasieran horrelako aukerarik izateko itxaropenik ba al zenuten?

Joan den urtean jokalari askok kontratua berritu genuen, aurtengoa urte berezia izango zelako Bigarren B Maila Pro txapelketa berri hori zegoenez oso garrantzitsua zelako sailkapenaren goialdean geratzea. Bagenekien jokalari gehienak geldituz gero hor egongo ginela eta ekonomikoki askok esfortzua egin genuen Amorebietan jarraitzeko. Lortu genuenean Espainiako Federazioaren Lehen Maila deituko den txapelketa horretarako sailkatzea, hortik aurrera disfrutatzen ibili gara, inolako presiorik gabe, gozatuz. Gauzak oso ondo atera zaizkigu eta hor gaude, Bigarren Mailara igotzeko partida bakarrera.

Zergatik uste duzu taldean jarraitzea erabaki zenutela jokalari gehien-gehienek?

Nik uste klubak berak duen berezitasunarengatik izan zela. Talde umila da eta giro oso ona dago. Beti aipatzen da, baina aldagela hau benetan berezia da. Jende asko gaude esfortzu hori egiten eta klubak ere bere gain hartu du ardura atzean inolako babeslerik izan gabe. Denboraldi ona egiteko denon partetik egon den gogo horrek taldean jarraitzeko pausua ematera bultzatu gintuen eta orain emaitzek arrazoia eman digute.

Gure jokoa argi daukagu eta inolako presiorik gabe goaz

Adierazgarria da Amorebieta izatea jokalari guzti-guztiak Euskal Herrian jaiotakoak dituen Bigarren B Mailako talde bakarra.

Iaz kataluniar bat eta madrildar bat baziren, baina joatea erabaki zuten eta etorri diren guztiak Euskal Herrikoak dira. Egia esan, nabari da egunerokoan, denak baikara antzekoagoak; agian tontakeria bat da, baina, aldagelan entzuten dugun kantuetan adibidez, euskal musika jartzen dugu. Ez dakit zenbaterainoko garrantzia izango duen, baina den-denak hemengoak izateak beti laguntzen du. Nortasuna ematen dio taldeari.

Musikari dagokionez, nabarmentzekoa izan da ospakizunetan taldekide guztiak «Lepoan hartu» edo «Bizitza basatia» kantuak abesten ikustea. Nola aukeratu dituzue?

“Bizitza basatia” kanta Indar Gorrik abesten du Sadarren eta asko gustatzen zitzaigun. Orain dela urte eta piku, koronabirusaren aurretik, sagardotegi batean Osasunako jokalari batzuekin elkartu eta beraiek hori abesten zuten. Guri ere gustatzen zitzaigun, batera hasi ginen kantuan eta sekulako unea izan zen, ileak puntan jartzen dizkizuna; hortik aurrera aldagelan abesten dugu. “Lepoan hartu ta segi aurrera” abestiarena momentukoa izan zen. Espainiako Federazioaren Lehen Mailan izateko sailkapena lortu genuenean zelaiko megafoniatik jarri zuten kantua. Taldekide denak oso identifikatuta sentitu ginen eta ordutik garaipenak ospatzeko gure abestietako bat bilakatu da. Aurreko kanporaketara bidean ere autobusean kantatu genuen.

 

Futbol ikuspegitik begiratuta, non dago taldearen gakoa? Defentsan oso ondo moldatzen zarete, baina aurrealdean ere ondo baliatzen dituzue aukerak...

Talde honen indargune nagusia da oso lehiakorra dela partida guztietan. Ondo edo gaizki jokatu, egun txarra edo hobea izan, beti lehiatzen eta ematen dugu aurpegia. Beste taldeetako kirol zuzendari eta entrenatzaile asko ezagutzen ditut, urteak daramatzadalako futbolean, eta onartu izan didate ez dutela Amorebietaren kontra jokatu nahi badakitelako ondo lehiatuko garela eta egun txarra badute irabazi egin diezaiekegula. Gure jokoa argi daukagu, zuzen jokatzen dugu. Goian Obik, Orozkok eta Unzuetak lan asko egiten dute. Hori da gure futbola eta Bigarren B Mailan zer egin nahi duzun argi izatea oso garrantzitsua da.

Esperientzia handiko atezaina zara eta taldean Mikel Alvaro bezalako ibilbide luzeko beste jokalari bat ere baduzue. Azken kanporaketan horrek zuen alde joka dezakeela uste duzu?

Pixka bat ziur baietz. Azkenean esperientzia izateak gauzak lasai hartzeko orduan laguntzen dizu. Guk ez dugu inolako presiorik; Badajozek, ordea, bai. Gauzak ondo ateratzen bazaizkie beren alde egingo du, baina txarto hasten badira kontrakoa gertatuko zaie. Baina garrantzitsuena da futbola disfrutatzeko dela eta partiduetan gozatzen saiatu behar dela, nahiz eta minutu batzuetan sufritzea egokitu. Gu hori egiten saiatzen gara eta zelaian nabaritzen da.

Badajozen etxean jokatu beharko duzue, harmailetan 10.000 lagun inguru direla.

Badajozeko jokalari baten azalean jarri eta astelehenetik zozketan talde txarrena egokitu zaiela, etxean jokatu behar dutela, 10.000 lagunen aurrean... pentsatzen egongo dira. Goian ikusten dira eta partida ona ateratzen bazaie aurrera egingo dute, baina gu indartsu hasten bagara, gure jokoarekin, zorte pixka batekin aurretik jartzen bagara... aste osoan hain ondo ikusten duten hori guztia aurka jarriko zaie. Ziur ez dutela pentsatu agertoki horretan eta hori aprobetxatu egin behar dugu.