Bien partidak arras desberdinak izan dira, atzelariak erraz antzean atera duena ikaragarri sufritu behar izan du aurrelariak, baina elkar izutzeko moduko partidak jokatuta sailkatu dira hurrengo astean elkarren artean jokatu behar duten Jose Javier Zabaleta eta Jokin Altunak. Bezperan Rezustak egindakoaren bidetik, atzelariek ere Buruz Burukoan zeresanik badutela berretsi eta beste erakustaldi bat eman du etxarrendarrak eta 22-5 nagusitu zaio Dariori historia gutxiko partida batean. Jokin Altunak, ordea, asko sufritu behar izan du, Ezkurdia ere jokatzeko zegoen eta asko estutu du eta horrexek berak eman dio distira amezketarren garaipenari (15-22).
Lehenengo partidan, iaz horren itxura ona eman zuen Dario 3-4 aurreratu bada ere, gero tanto bakarra egiteko gai izan da erabat ezereztatu duen Zabaleta handi baten aurrean. XXI. mendeko atzelariak ere heldu dira Buruz Burukora eta Jose Javier Zabaletak, kolpeaz gain, bestelako dohain handiak dituela berretsi du. Sakean errioxarra baino askoz hobea izan da, kantxa ere bikain bete du eta apenas egin du huts bat.
Material aukeraketa egunean esana zuen Dariok Zabaletak Arteagaren aurka eskailera bat beharko zuela haren pilotak itzultzeko eta halaxe izan da, errebotean bi pilota ere jarri dituelako. Aurrelariak gainera ez du batere asmatu sakearekin eta izan dituen aukera apurrak ere ez ditu baliatu.
Altuna, oso sendo
Altunaren garaipenak ez du agian Zabaletarenaren ikusgarritasunik izan, ez behintzat markagailuan, baina meritu handiagokoa izan dela ere esan genezake, parean izan duen Joseba Ezkurdiak gauzak oso zail ipini dizkiolako. Zozketaren egunetik esan zen gaurkoa final aurreratu baten modukoa izan zitekeela eta hain dira ugariak bi pilotari hauek dituzten dohainak, halaxe izan dela esan genezakeela.
Partida hasiera latza izan da, erritmo bizian jokatua eta tarteka oso tanto luzeak jokatuta. Hala heldu dira seinakako berdinketara, partidako azkena, eta hortxe hartu du amezketarrak azkenerako erabakigarria izan den errenta. Nekeagatik edo, arbizuarrak atzera pausu bat eman duen bitartean, Jokin Altuna sekula baino oldarkorrago aritu da eta mina egin dio nafarrari. Binakakoaren azken aldera ez bezala, ezkerrez fresko eta konfiantzaz sumatu dugu gipuzkoarra eta sakearekin asmatuta ihes egin du (6-13).
Baina Ezkurdia ere jokatzeko zegoen eta Altunari gora ihes egin dion pilota bati esker sakea berreskuratu eta markagailuan gerturatzen joan da, bi tantora jarri arte (15-17). Euren arteko partida gehienak bezala, detaileek ere izan dute euren garrantzia eta Altunak oso behartuta jo duen boela bat asko zaildu zaio Ezkurdiari, arbizuarrak aukerako pilota utzi dio eta amezketarrak ez du barkatu eta zuzenean joan da 22. kartoira.
FITXA TEKNIKOAK:
Zabaleta: 22
Dario: 5
Pilotakadak: 165. Iraupena: 42,49 minutu. Markagailua: 1-1, 3-1, 3-4, 9-4, 9-5, 22-5. Sakeak: 6 Zabaletak eta 2 Dariok. Tantoak: 13 Zabaletak eta 1 Dariok. Hutsak: 1 Zabaletak eta 5 Dariok. Gorabeherak: Atano III.ean jokatutako Buruz Buruko final laurdenetako partida. Fermin Escudero izan da Zabaletaren botileroa eta Asier Gomez bere anaia Dariorena.
Ezkurdia: 15
Altuna III.a: 22
Pilotakadak: 280. Iraupena: 53,48 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 4-2, 4-4, 5-4, 5-6, 6-6, 6-13, 9-13, 9-15, 10-15, 10-16, 13-16, 13-17, 15-17, 15-22. Sakeak: 3 Ezkurdiak eta 4 Altuna II.ak. Tantoak: 11 Ezkurdiak eta 12 Altuna II.ak. Hutsak: 6 Ezkurdiak eta 1 Altuna II.ak. Gorabeherak: Atano III.ean jokatutako Buruz Buruko final laurdenetako partida. Mattin Ezkurdiak egin ditu botilero lanak anaia Josebarekin eta Gorka Altunak Jokin lehengusuarekin.