Ramon Sola

Orain jarri diote isuna Verterri, aurretik akatsak «garrantzi gutxiko»tzat hartu ostean

100.000 euroko isuna jarri dio orain Lakuako Gobernuak Verter Recycling enpresari, ingurugiroari kalte egiten dioten zenbait irregulartasun aipatuta. Bi langile hil zituen luiziaren aurretik ere jakinak zirenak baina ez zen zigor espedienterik ireki ere egin.

Lurra irekita Zaldibarko zabortegian, Beltranen bilaketa eteteko txosteneko irudi batean.
Lurra irekita Zaldibarko zabortegian, Beltranen bilaketa eteteko txosteneko irudi batean.

Vocento Taldeko egunkariek asteazken honetan argitaratu dutenez, lehenbiziko aldiz isuna jarri dio Lakuako Gobernuko Ingurumen Sailak Verter Recycling enpresari, Zaldibarko zabortegian ingurugiro arloko irregulartasunak zirela eta. 100.000 eurokoa da.

Erabaki honek enpresak aurretik mesede tratua izan ote zuen susmoa indartzen du. Izan ere, hasteko gogoratu behar da 2020ko otsailean zabortegia lehertu zen arte zigor espedienterik ez zuela abiatu Lakuako Gobernuak; astebete beranduago egin zuen.

Gainera, orduko Ingumen sailburu zen Iñaki Arriolak Legebiltzarrean onartu zuenez, hondamendia gertatu baino lehenago Sailak jakin bazekien irregulartasun ugari ari zirela gertatzen. Zehatzago, 23 joera okerren berri eman zuen Ertzaintzak, baina «garrantzi gutxiko»tzat hartu zituztela adierazi zuen Arriolak.

Honezaz gain, Vocento Taldeko egunkariek gaurko albistean aipatzen dutenez, azken urteotan maiz zigortu dituzte beste enpresa batzuk beren zabortegietan ingurugiro arloko irregulartasunak egiteagatik: Garbiker, Gardelegi, Artigas... 22 dira, osotara, 2016tik 2020ra bitartean, baina Verterren aurka ez da inoiz egin.

Hondamendiarekin harremanik ez?

Betiere informazio honen arabera, orain jarritako zigorraren arrazoiak ez dira bi langile hil zituen luiziarekin lotzen. Baina auzitegietan aurkeztutako ikerketa perizialak zein Joaquin Beltranen bilaketa eteteko txostenak zalantza hori ez dute guztiz baztertzen.

Kantabriako Unibertsitateko adituek Durangoko auzitegian aurkezturiko txostenean, Bartzelonako Unibertsitatekoan bezala, zabortegiaren egiturari dagozkion akatsei egozten zaie hondamendia, gehiegizko hondakin zamak gainditu zuelako. Baina Kantabriako horrek eransten duenez, bertan jasotako gehiena «lur eta zoru kutsatuak ziren»; bildutako guztiaren bi herenak, hain zuzen ere. Oraingo isunaren arrazoietako bat Zaldibarren jasotzen ziren hondakin motari dagokio.

Bestalde, bertan lurperatutako Joaquin Beltranen bilaketa bertan behera utziarazi zuen Lakuak aurkezturiko txostenak hondakin horien toxizitateari aipamena egiten dio zeharka, amiantoa nabarmenduz eta langilearen gorpua jada deseginda egon daitekeela aditzera emanez.