NAIZ

Sardina-saltzaileen jarduna goraipatzen duen liburu ilustratua argitaratu dute

Bizkaiko pertsonaia herrikoiak biltzeko ‘Ipuinak’ bildumaren barruan argitaratu dute ‘Sardinerak’, saskia eskuartean zutela eta oinutsik arraina saltzen lan egiten zuten emakumeen historia jasotzen duen liburu ilustratua. Gotzone Butronek idatzi du, eta Kike Infamek ilustratu.

‘Sardinerak’ liburuaren aurkezpena. (NAIZ)
‘Sardinerak’ liburuaren aurkezpena. (NAIZ)

‘Sardinerak’ Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen duen ‘Ipuinak’ bilduma ilustratuaren bosgarren liburukiaren izenburua da. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratutako album sorta da, lurraldeko pertsonaiak «modu ezberdinean, hurbilean eta ez-formalean» erakutsi nahi dituena dituena, eta batez ere publiko gazteari zuzendua dagoena.

«Liburu honek modu erakargarrian erakusten ditu sardina-saltzaileak; izan ere, saski obalatuekin, oinutsik eta gona goratuarekin arrain freskoa saltzen zuten emakume horien lan sakrifikatua erakusten du», azaldu dute aurkezpenean.

‘Sardinerak’ lana Gotzone Butron idazleak eta Kike Infame ilustratzaileak bututu dute eta Ipuinak bilduma Euskal Museoan, Liburutegi Foralean eta www.bizkaia.eus/argitalpenak atarian eskuratu daiteke.

Liburu honek bat egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak azken lau urteetan argitaratu dituen beste lau album ilustratuekin. Lehenengoa 2017an argitaratu zen, ‘Gargantua txapeldun’ tituluarekin, Mikel Gil Sojok idatzi eta Andrea Alonso Vargasek ilustratuta. Ondoren ‘Marijaia’ etorri zen, Idoia Barrondo idazlearena eta Nuria Hache ilustratzailearena. Ipuinak-en hirugarren liburua ‘Gigantes/Erraldoiak/Giants’ izan zen eta Begoña Elorrietak eta Alex Orbek egin zuten. Iaz Andoni Abenójarrek idatzitako eta Eider Eibarrek ilustratutako istorioaren protagonista ‘Eskarabillera‘ izan zen.

Azken hau, esan bezala, Gotzone Butron eta Kike Infamek osatu dute Butron (Urduliz, 1965) filosofian lizentziatua da eta, egun, liburuzaina da Abusuko udal liburutegian. 2017an Argihizkia saria irabazi zuen. 2018an Lanbro Beltza lehiaketan sari berezia jaso zuen eta 2019an Bilboko Aste Nagusiko Gargantua sariaren accesita. Hainbat idazleren artean idatzitako liburuetan parte hartu du: ‘Uribe Kosta Mungialdea Ipuinak-Cuentos’, ‘Relatos para el andén’, ‘Microrrelatari per l'erradicació de la violència de gènere’, etab.

Kike Infame (Bilbo, 1975). Diseinatzaile grafikoa, ilustratzailea eta komiki marrazkilaria da eta Euskal Irudigileak taldearekin kolaboratu ohi du. Aldi berean, marrazkilari moduan Astiberri (‘El hombre que vino del cielo’) eta Dolmen-ekin (‘Corina y el pistolero’, ‘Quatroccento’) egindako komikiak argitaratu ditu, eta komiki kolektibo, fanzine edo komiki-aldizkarietan parte hartu du.