Ernai gazte antolakundeak agerraldi masiboa egin du ostegun eguerdian Donostian, Lakuak gazte antolakundearen zenbait jokaera Ertzaintzaren aurkako delitu izan daitezkeelakoan Fiskaltzaren esku utzi izanari erantzutera.
50 kide ingururen babesarekin, agertu dute «sinetsezina» dela Urkulluren Gobernuak lehen aldiz Fiskaltzara jotzea gorroto delituagatik. Are, «erridikuloa» deritzote tresna juridiko hori gazte antolakundearen aurka egiteko erabiltzea. «Gorroto delitua, hain zuzen sektore zaurgarriak babesteko tresna juridikoa denean; zerbait begi-bistakoa bada, hori da Ertzaintza ez dela inondik ere sektore zaurgarria, babesgabetasunean eta bazterkerian erortzeko arriskua duen sektorea. Are gehiago, frogatu izan da Poliziaren gehiegikeriak salatzea ezin dela gorroto delitua izan», esan dute.
«Kezkagarria» dela diote, bestalde, Poliziaren gehiegikeriak salatu eta polizia ereduaren inguruan hausnarketa eskatzen duena seinalatu eta kriminalizatzea, izan ere, Ernairen ustez, «Poliziaren gaineko kontrola eta birpentsatzea» da edozein herri demokratikok egin beharko lukeena. Batez ere, esan dutenez, Ertzaintzan «sektore ultraeskuindarrak daudela jakinda, horiek ez baitira «kasu isolatuak», EAEko Poliziaren baitan ematen ari den joera «gero eta egituratuagoaren» adierazle baizik. «Jaurlaritzak badaki, baina haiei men egitea erabaki du. Eta hori aldatu ezean, Ertzaintzak herri honekin arazo bat izaten jarraituko du», agertu dute.
Lakuako Gobernuak Ernairi gorroto delituak egoztea gazte antolakundeak azkenaldian gazteen «larrialdi egoera» mahaigaineratu eta salatzeko egin duen lanarekin zerikusia duela esan du Hernandok. Langabezia, emantzipatzeko arazoak, depresio eta estres kasuak gazteak egun pairatzen ari diren «espektatiben krisiarekin» lotuta daudela diote, eta arazook konpontzen saiatu beharrean, Lakuaren erantzuna baldintza hobeak aldarrikatzera kalera atera diren gazteak «jipoitu eta kriminalizatzea» izan dela salatu dute.
Gestio txarretik begiradak desbideratu
Dena den, Ernaikoen ustez, antolakundearen aurkako erasoa EAJk arreta desbideratzeko erabilitako estrategia da, «gestio onaren domina» erortzen ari zaiola iritzi baitute; Donostiako metroko obretako azken zuloa, Bidasoan hil zen migrantea, AHTko lanetako istripua, Zaldibarko zabortegiko ezbeharra eta pandemiaren gestio «negargarria» adibide.
«Baina Erkoreka jaunak ez du Ernai seinalatzea baino lan garrantzitsuagorik. Antza, kartel eta margoketak gorroto delituarekin lotzea da Segurtasun sailburu gisa gizarte honi egin diezaiokeen ekarpen onena», kritikatu dute.
Kriminalizazio mediatikoa
Donostian emandako prentsaurrean, Lakuako Gobernuaren zein komunikabide handien eskutik jasaten ari diren kriminalizazio kanpaina ere gaitzetsi dute. Josu Erkoreka Segurtasun sailburua gai honen inguruan komunikabideetan hitz egiten ari den bitartean, Ernaiko gazteei ez zaiela ahotsik eman segurtatu dute: «Denak ari zarete gutaz hizketan, baina gutxietsiz eta isilaraziz, gazteria kriminalizatzen ari zarete».
Aurrekariak
Joan den maiatzaren 7an, Ertzaintzak bortizki jazarri zituen Ernaik gazteen «larrialdi egoera»rako deitu zituen mobilizazioak, gizarte-aldaketa eta subiranotasuna eskatuz. Poliziaren oldartzearen ostean, hirurogei zauritu izan ziren eta zortzi atxilotuetatik lauk osasun laguntza behar izan zuten.
Ertzaintzaren gehiegikeriak kudeatzeko barne-mekanismoetaz aritu da gaur @jerkoreka.
— Ernai (@ernaigazte) May 12, 2021
Irudiek dena diote #Larrialdian pic.twitter.com/UI5QBodWzS
Mobilizazio horietan Ertzaintzak zauritutako gazte batzuen lesioen parteak erregistratu zituen Ernaik Gasteizko Parlamentuan.
Ertzaintzaren bortizkeriari erantzunez, Ernaik mezuak sinatu zituen sarean, kartelak jarri eta hainbat batzokitan margoketak egin zituen.
Mezu horietako bat baliatu zuen Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Legebiltzarrean, maiatzaren 14an, EH Bilduri leporatzeko kanpaina hori beraiek bultzatu zutela eta Zigor Kodeko 510 artikulua, gorroto delituari dagokiona, urratu zezakeela.
Hala, Lakuako Segurtasun Sailak Ernairen pintadak, kartelak eta mezuak bidali dizkio Fiskaltzari, Ertzaintzaren aurkako gorroto delitua izan ote daitezkeen jakiteko. Arabako Fiskaltzak ikerketa abiatu du deliturik baden argitzeko.
Zentzu berean hitz egin zuen asteazkenean Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak Onda Vasca irratian, EH Bilduri kontuak eskatuz eta esanez Ernairen mezuak -eta gazte antolakundeak sinatu ez bazituen ere berari egotzi zaizkion beste pintaketa batzuk- ez direla «onargarriak».