NAIZ

Enplegu publikoaren egonkortzea eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte EAEn

ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas, eta ESK sindikatuek deituta, enplegu publikoa sortu eta behin-behineko langileen kontsolidazioa eskatzeko elkarretaratze jendetsuak gauzatu dira astearte honetan EAEko sektore publikoko ehunka lan zentrotan. Ekainaren 5ean mobilizazioak deitu dituzte hiriburuetan.

Sektore publikoko enplegua kontsolidatzeko elkarretaratzea Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Sektore publikoko enplegua kontsolidatzeko elkarretaratzea Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

EAEko sektoe publikoko ehunka lan zentroetako langileak kalera atera dira astearte honetan enplegu publikoa sortu eta behin-behineko langileen kontsolidazioa exigitzeko. ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuem mobilizazio dinamikaren baitan kokatu da protesta egun hau.

Besteak beste, udaletxeetan, foru Aldundietan, Lakuako Gobernuko delegaritzetan, Lanbideko zerbitzu zentraletan, Osalaneko lan zentroetan, Osakidetzako ospitaleetan, haurreskoletan, ikastetxeetan edo EHUren unibertsitateetan egin dira elkarretaratzeak.

Sindikatuek adierazi dutenez EAEko sektore publikoan «enplegua sortu eta behin-behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langileen kontsolidazioa lortzeko beharrezko pausoak eman ditzatela» galdegiten diete agintari, erakunde publiko eta alderdi politiko desberdinei.

«Apirilaren 22ko greba ondorengo erantzun faltaren aurrean, maiatzaren 25ean Gasteizen manifestazio jendetsua antolatu genuen, Eusko Jaurlaritzari, Eudeli eta Euskal alderdi politikoei zuzendutako bilera eskaerak gauzatzeko idatziak erregistratzen genituen bitartean. Alderdi politiko batzuek erantzun digute bilera data proposatuz; Eudelek, aldiz, gurekin biltzeari uko egin eta udaletxe bakoitzera zuzentzeko planteatu digu. Eusko Jaurlaritza isilik dago momentuz», azaldu dute.

EAEko sektore publikoak Estatu espainiarreko eta Europako behin-behinekotasun maila handiena duela salatu dute sindikatuek, %40tik gorakoa eremu guztietan. Zerbitzu publikoen «ahultzea» eta langile publikoen «prekarizazioa» dakarten enplegu politika hauek, «azpikontratazio eta pribatizaziorako aurretiazko pauso gisa soilik uler daitezkela» azpimarratu dute.

Mobilizazioak ekainaren 5ean

Egoera horren aurrean eta administrazio publikoen erantzun ezaren aurrean mobilizatzen jarraitzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute sindikatuek. Ekainaren 5ean mobilizazioak deitu dituzte hiru hiriburuetan 11.30ean: Gasteizen Diputazio plazatik; Donostian Boulevardetik; eta Bilbon Arriagatik.