NAIZ

Alberdaniak ‘Ilezuri’ albuma argitaratu du, haurrei klima aldaketaz ohartarazteko

Ingurunearen Munduko Egunaren bezperan, Kris Etxabe idazleak eta Maite Marquez eta Mikel Maiza marrazkilariek ‘Ilezuri’ haur albuma aurkeztu dute ostiral honetan, haurrei klima aldaketaren arriskuez «modu ludikoan ohartaraztea helburu duen kontakizun hunkigarria».

‘Ilezuri’ haur albumaren aurkezpena, Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Dukearen aretoan. (NAIZ)
‘Ilezuri’ haur albumaren aurkezpena, Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Dukearen aretoan. (NAIZ)

Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Dukearen aretoan, Kris Etxabe idazleak eta Maite Marquez eta Mikel Maiza marrazkilariek ‘Ilezuri’ haur albuma aurkeztu dute ostiral honetan, Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak lagunduta.

Kris Etxabek eskarmentu handia du haur eta gazte literaturaren alorrean, alor horretan espezializaturiko liburuzaina baita Bilboko Udal Liburutegien Sarean. Lan honetan lankide izan dituen bi marrazkilariek ere ibilbide luzea dute, eta lantalde beraren bigarren emaitza da ‘Ilezuri’ albuma, 2000n ‘Altxorrik handiena’ albuma argitaratu baitzuten.

Liburuak kontatzen duen historiaren oinarrian benetako gertaera bat dago: duela hamar urte baino gehiago, Ipar Poloko hartz bat agertu zen Argentina hegoaldeko kostaldean, eta aditu guztiek zehaztu zutenez, gutxienez 2.000 kilometro igerian eginda. Arrazoi tragikoa zuen hartzaren balentriak: berotze globalak ez die janaririk lortzen uzten Ipar Poloan bizi diren hartzei, eta bizirik jarraitzeko, habitata aldatu behar dute. Hori da, hain zuzen ere, Poloko hartzak arriskuan dauden animalien zerrenda luzean egotearen zergatia.

Egileek, istorio honen bidez, haurrei ohartarazi nahi izan diete «klima aldaketaren zergatiez eta ondorioez, irtenbide posibleen inguruan hausnarketa egin dezaten». Horregatik, eta argitaletxearekin adostuta, Ingurunearen Munduko Egunaren bezperan eman nahi izan dute argitara liburua.

Marrazki eta testu «eraginkor, argi eta atseginez» kontatu dute ‘Ilezuri’ hartzaren bidaia, 38 orrialdeetan zehar. Editoreak azpimarratu duenez, «didaktismo merketik urrun, jolasean gozatzeko aukera eskaini nahi die album honek, bai haurrei, beraiek baitira jasotzaile nagusiak, bai haiekin irakurketa partekatzeko ohitura zeharo osasungarria duten guraso eta, oro har, helduei ere».

Izan ere, albumak 8 hegal tolestuak ditu barruan, irakurleak irekiko dituenak, azpian dauden testu eta marrazkiak ikusteko. Guztira, 6 orri hirukoitz ditu eta orri laukoitz bat.