Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Danimarka «Anaia Handia», Merkel espiatu duen sozioa

AEBek Danimarkako zerbitzu sekretu militarrak erabili dituzte Europako bazkideak espiatzeko. Alemaniako Angela Merkel kantzilerra, eta Europako beste lider politiko asko, Suedia eta Norvegiakoak, alemanak eta frantsesak, gobernukoak eta oposiziokoak, dei eta mezu guztiak kontrolatuta.

Angela Merkel, espiatu dutenetako bat.
Angela Merkel, espiatu dutenetako bat.

Danimarkako DR telebista kate publikoak eman berri du notizia: Edward Snoweden NSAko analista ohiak 2013an Europako liderrak espiatzeko programa filtratu ostean abiatu zen ikerketa baten arabera, Danimarkako zerbitzu sekretu militarrek Europako bazkideak espiatzeko laguntza eman diete AEBei. Bereziki hegoaldeko auzokide duen Alemaniako Angela Merkel espiatzen jokatu dute paper garrantzitsua daniarrek, konplize izan dira, izan zitezkeen ondorioen jakitun. Eta, jakina, horrek haserrea sortu du Europan.

Alemaniak, Frantziak eta Eskandinaviako herrialdeek azalpenak eskatu dizkiote Danimarkari. Berriok oso serio hartzen dituztela, eskandalagarriak direla esan diote. Europarren arteko kooperazioari egindako erasoa salatu dute eta Europar Batasunaren oinarriak hautsi izana ere aipatu dute, baina, hori bai, aho txikiarekin, denek onartzen baitute espioitza orokortuta dagoela, noranahikoa dela. Danimarkari “Anaia Handia” izatea kritikatu zaio, edo, benetako “Anaia Handia” AEBak izanda, estatubatuarren morroi aritu izana.

Salaketak salaketa, gertatutakoa ez da kasualitatea. AEBak eta Europa elektronikoki lotzen dituzten itsas azpiko kableak Danimarkako uretatik pasatzen dira, eta hori urrezko meategia da. Aski da kableak kontrolatzea Suediako, Frantziako, Norvegiako, Herbehereetako, Britainia Handiko liderren informazioa lortzeko. Europako figura politiko askoren dei eta mezu elektroniko guztiak kontrolatzeko. Tentagarria da, eta Danimarkak ezin izan dio tentazioari eutsi.

Ezagutzera eman denez, Danimarkak bere urrezko meategia ustiatzeko sozio bilakatu zituen AEBak. Baina zein paper jokatu du? Txotxongilo bezala erabili dute? Atlantikoaren bestaldeko aliatu handiari azpiegiturak zertarako erabiliko zituen jakin gabe eskaini zizkion? Beste edozein herrialderi utziko lioke bere lurraldean horrelako operazio bat egitea? DR katearen informazioaren arabera, Danimarka gertatzen zenaren jakitun izan da une oro, Europar Batasunean bazkide dituen herrialdeen gaineko informazioaren kontrola lortzea izan du xede.

Oihanaren legea

Gauza asko geratu dira agerian errebelazio hauekin. Espioitza kontuetan ez dago nazioarteko lege eta trataturik, oihanaren legeak agintzen du. Sozio eta aliatuen arteko espioitza jakina da, arau ez idatzia. Baina ez da hori bakarrik argi geratu. AEBek Europan duten boterea zein itzela den argi geratu da beste behin, baita zein urruti dagoen Europaren autonomia estrategiko baten hipotesia ere.

Eta gero badago ageriko faltsukeria bat ere: AEBek Txinari eta Errusiari beren barne arazoetan sartzea ia egunero egozten dieten garaiotan, argi ikusi da gero Europan nonahi, noiznahi eta nahi bezala nola jokatzen duten estatubatuarrek. Aspalditik gainera. Eta damurik gabe.

Irudi luke AEBek kontrola galdu duten superpotentzia legez jokatzen dutela, arau guztiak hankapetik pasatuta. Ez da bakarrik aliatu europarren soberania bortxatzen dutela, Europako presidenteek esaten duen guztia entzuten dutela ere bada, egunero, zernahirako. Eta gustu handiz laguntzen dietela horretan Danimarkak eta bestek.

Hemen ez da ezer gertatu

Informazioari oihartzun handiagoa emateko, DR telebista kate publiko daniarrak Suediako SVT, Norvegiako NRK, Alemaniako NDR eta WDR kateekin partekatu zuen albistea, baita “Suddeutsche Zeitung” eta “Le Monde” egunkariekin ere. Europa mailako komunikabideen kontsortzio moduko bat osatu zuten. Espioitza kasu honek Europaren irudia zein baxu uzten duen ikusita kezkatuta zeuden guztiak, baina, egia esan, iritzi emaile eta editorialetan ez da gero sorpresa handirik sumatu.

Bi aste barru biltzekoak dira Joe Biden AEBetako lehendakaria eta Europako presidenteak eta gaia mahai gainean izango da. Geroago bilduko da Biden Putinekin Suitzan, eta gai bera, beste norabide eta errudun batzuekin, izango da mahai gainean. Bazkide eta aliatu izanda ere, nazioarteko politikan espioitza baita araua, normalizatua den praktika. Hori bai, salaketak salaketa, ez da ezer gertatuko.