Estatuaren indarkeriaren biktimen senitarteko talde baten parte hartzea izan duen agerraldi batean, Egiar Zor Fundazioak eta Etxebarrieta Memoria ELkarteak Txabi Etxebarrieta euskal herritarraren heriotza oroitu eta argitzea helburu zuten ekitaldiekin gertatutakoa salatu dute Bilbon.
Azaldu dutenez, «Gasteizko Zentro memorial baztertzailea inauguratzen den aste berean», Txabi Etxebarrietaren heriotzaren inguruko memoria ekitaldiak «kriminalizatzen» ahalegindu dira, eta erasoa ez da ETAren biktimen zenbait elkarte eta fundazioren aldetik soilik etorri.
Bake eta bizikidetza planetan eta foroetan esaten denaren kontra, biktima batzuen memoria diskriminatu eta «oroimenerako eskubidea urratu» zaiela nabarmendu dute. Erasoen aurrean, gainera, ez dute erakunde publikoen aldetik babesik jaso, kontatu dutenez.
Argitu dute «memoriaren eta aitortzaren parametroetan» kokatutako ekimenak zirela Etxebarrietan heriotzaren ingurukoak. Hala ere, horien berri eman zutenetik jasan duten «erasoen zentzugabekeria» nabarmenduta, erakunde publikoen aldetik ez dutela inolako babesik jaso jakinarazi dute.
Bertan behera utzitako ekitaldi horien helburua azaldu dute. Adierazi dutenez, horietako bat Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari eta antropologo baten lankidetzarekin antolatutako hitzaldia zen, «frankismoan gertatutako heriotza kasu bat argitzen laguntzeko, zehazki 1968ko ekainaren 7an Benta Haundin gertatutakoa, Txabi Etxebarrietarena, hain zuzen ere».
Erantsi dutenez, asko idatzi da gertakariaz, «baina gaur egun oraindik gertatutakoaren inguruko bertsio kontrajarriak daude», eta «liskar armatua versus exekuzioa» bertsioen artean kokatzen den kasuaren inguruan, familiak dokumentazio berria lortu duela zehaztu dute.
Dokumentazio hori Sekretu Ofizialen legearen babespean egon da 50 urte baino gehiago eta horrenbestez kasuaren inguruko zalantzak argitzen eta datu berriak mahaigaineratzeko antolatu zela esan dute.
Era berean, zehaztu dute Txabi Etxebarrietari Guardia Zibil Frankistak urratu ziola bizitzeko eskubidea eta kasuaren aitortza ofiziala aldarrikatzeko ekitaldia zela antolatutakoa. Horren aurrean, jasandako erasoei gaineratu den Bilboko Udalaren jarrerak sortu duen «haserrea» azaldu dute, «hirugarren batzuen funtsik gabeko» salaketan oinarrituta, kontrastatzeari uko egin eta «bere egin» duelako «egiarako eta memoriarako eskubidearen aurrean delitua ikusten saiatzen direnen debeku asmoa».
Kontakizuna kolokan jartzen denean
Gertatutakoak Estatuaren biolentzia jasan duten biktimekiko Udalak duen jarrera diskriminatzailea erakusten dutela adierazi dute, eta «indarkeriazko heriotza kasu baten inguruan egia ezagutzeko dugun eskubidea oztopatu» duela nabarmendu dute.
Memoria elkarte bien ustez, instituzioek eurek babestu beharko lituzkete oraindik argitu gabe jarraitzen duten kasuak gogoratu eta argitu nahi dituzten ekimenak.
«Badirudi egia ofiziala zalantzan jartzen duten froga berriak agertzen direnean deserosoak direla batzuentzat, akaso inposatu nahi diguten kontakizuna kolokan jartzen dutelako, akaso ustezko demokrazia ere kolokan jartzen dutelako», bota dute hausnarketa gisa.