NAIZ

Basauriko kaleak hartuko dituzte gaur eraso homofoboa salatzeko eta neurriak eskatzeko

Hainbat eragilek dei egiten diete herritarrei arratsalde honetan Basaurin izango den manifestazioan parte hartzeko. Bertan gazte batek jasan duen eraso homofoboa salatu eta neurriak aldarrikatuko dituzte. «Bada garaia biktimek sufritzeari uzteko eta ekintza horien erantzuleak seinalatzeko».

LGTBIfobiaren aurkako kartela Gasteizen izandako manifestazio batean. (Endika PORTILLO/FOKU)
LGTBIfobiaren aurkako kartela Gasteizen izandako manifestazio batean. (Endika PORTILLO/FOKU)

Basauriko Asanblada Feminista (BAF), Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista, Hego Uribeko neska gazteak, Txarraska Gaztetxea, Koordinadora 28J, Intifada Marika, EHGAM, Sare lesbianista, Ozen! Taldea, Iris Taldea, Ukatu Uribe-Kosta eta Harro! plataformak dei egin diete herritarrei arratsalde honetan, 19.00etan, Basauriko Udaletxetik abiatuko den manifestaziora batzeko. Bertan ekainaren 6an izandako eraso homofoboa salatuko dute eta neurriak aldarrikatuko dituzte horrelako erasoak ez errepikatzeko. «Uste dugu beharrezkoa dela gizarte eta egitura ereduan sakontzea, hori baita horrelako erasoei bide ematen diena», adierazi dute ohar batean.

Haien iritziz, «gorputzei ezarritako dominazio sexualaren sistemak, egunero-egunero gutako bakoitzari, onartu ezin duen ororen existentzia baztertu eta ukatzera iristen da bere logikaren barruan, gizarteak inkulpatzen duen maila ugaritan. Horregatik, konbentzionalismo sozial orotatik kanpo, erdigunean jarri nahi ditugu arau patriarkaletik kanpo geratzen diren ‘beste’ guztiak, periferietan eta bazterretan dauden ‘beste’ horiek, beren identitate sexuafektiboa ezkutatzera behartuta daudenak, ezkutuan bizirauteko eta bizitzeko!», gaineratu dute.

«Edozein indarkeria mota jasaten dugun pertsona guztien gizarte-erantzuna behar dugu, langileena, emakumeena, genero disidenteena, pertsona arrazizatuena. Hori existitzen da, nahiz eta erakunde publikoek aitortu nahi ez izan, eta homofobiarik, transfobiarik, matxismorik, arrazakeriarik, misoginiarik eta xenofobiarik gabeko balioetan hezteko eta gizartea osatzeko behar adina baliabide ez eman. Eta hori zalantzan jartzea indarkeria da. Arazo horiek oraindik ez dira gainditu gizartean, eta ez dira soilik gizartearen atal fanatiko eta populistanbaten erantzukizuna. Indarkeria horiek egunero gauzatzen dira eremu guztietatik eta aukera politiko guztietatik. Ikusgarritasunak, hezkuntzak eta autodefentsak bakarrik salbatzen gaituzte», nabarmendu dute.

Eragileek adierazi dutenez, erakundeek ere «onartu behar dute horrek guztiak existitzen jarraituko duela eta gatazka honi benetako irtenbideak bilatzeko ardurak hartu behar dituzte. Ez da nahikoa argazki batean jartzea, komunikatu bat egitea edo balkoi batean banderan bat jartzea gaitz sozial hori serioski hartzen ez badute. Ez dugu beste pertsona batzuen bizipen, sentimendu eta bizitzekin fribolizatu, erabili eta jolastu behar joko politiko baten alde. Bada garaia biktimek sufritzeari uzteko eta ekintza horien erantzuleak seinalatzeko eta hezteko. Erantzun egin behar dugu, eta gure gizartea leku seguruago bihurtzen lagundu behar dugu. Urteko egun guztietan».