Alessandro Ruta

Cristiano Ronaldo, Coca Cola eta ekonomia likidoa

Cristiano Ronaldo, Cola Cola alboratu ostean. (UEFA)
Cristiano Ronaldo, Cola Cola alboratu ostean. (UEFA)

«Quando un uomo con la pistola incontra un uomo col fucile, quello con la pistola è un uomo morto»« («Pistola duen gizon batek fusila duen gizon bat topatzen duenean, pistola duena hilik dago»). Sergio Leoneren ‘Por un puñado de dolares’ pelikularen esaldi hori oso ezaguna da, zinema munduan. Clint Eastwoodek zer aipatu nahi zuen? Nahiz eta oso indartsu sentitu, beti egongo da zu baino indartsuagoa den norbait.

Nork dauka pistola eta nork darama fusila Cristiano Ronaldo eta Coca Colaren artean? Nor da handiagoa? Orain dela egun pare bat txapeldun portugaldarrak prentsaurreko batean argi eta garbi «salatu» zuen horrelako edariak ez direla osasuntsuak. «Nik ura edango nuke», gehitu du CR7-k, osasuna, letra xehez, asko estimatzen duen tipoa. Eta bere mahaitik bi Coca Cola botila kendu zituen.

Gogora ekarri behar da behin Ronaldok bere semeak patata frijitu eta Cola Cola (berriro) gehiegi kontsumitzen zituela salatu zuela. «Potentziala dauka futbolaria izateko, baina txerrikeriak jaten ditu». Cristiano Junior gaixoa! Ez zuen halako trataerarik merezi.

Estatu Batuetako edariak Eurokopa babesten duenez, irudiaren kaltea zoragarria izan da. Norbaitek azpimarratu du multinazionalak Burtsan hainbat bilioi galdu zituela. Beherakada hori Ronaldoren «hitzaldia» baino lehen gertatu zen, baina berdin da. Ondorioztatu daitekeen mezua argia da: futbolari batek ekonomiaren mundua alda dezake.

Noski! Nahikoa da, esate baterako, ikustea zenbat jarraitzaile dauzkan Ronaldok eta zenbat Coca Colak Instagramen. Harrigarria da datu hori, benetan: Portugaldarrak ia 300 milioi dauzka, aldiz edariak 3 «bakarrik». Eta espainiar Estatuan Coca Colak are eta gutxiago: 118.000.

300 milioi: Europak ez dauzka hainbeste biztanle. Ronaldo kontinente zaharra baino ezagunagoa da? Zalantzarik gabe.

Dena den CR7 industria bat da, Coca Cola bezalakoa, beharbada futbolaz kanpo futbolean bertan baino handiagoa. Aurpegia eman dezakeen industria bat. Iraganean, adibidez, Juventuseko txapeldunak Herbalife babestu zuen, eta hura zerbait oso osasuntsua omen zen. Baina 2006 Munduko Kopa aurretik, gauza bera egin zuen... Coca Colarekin.

Hau nahiko kontraesankorra da, ezta? Hau, agian, 300 milioi jarraitzaileek ez dakite. Beraz, ez ote dute hemendik aurrera Coca Cola edango? Ados egongo ote dira haien idoloarekin, eta bizitza osasuntsuagoa izango dute? Sutara botako dituzte Cola Colaren latak? Auskalo. CR7 Greta Thunberg bezalakoa izango ote da, borroka bat bideratzen duena? Tira, mesedez.

Influencer-ak, nolabaiteko ekonomia likidoa, edari baten modukoa. Coca Colak zerbait berreskuratu du dagoeneko Burtsan, azken egunotan. Sekulako publizitatea izan du, egia esan, munduko onenetakoa. Ronaldok une berean bi gol egin zituen, Hungariaren aurka, Eurokoparen pitxitxi historikoa bihurtu da. Eta horrez gain egunero sare sozialetan gero eta jarraitzaile gehiago dauka. Beraz, denak ari dira irabazten.

Eta nork dauka pistola, azken finean, eta nork fusila? Guk, kontsumitzaileok, pistola dutenak gara, Eurokopa ikusten Coca Cola bat edaten ari direnak, indarrez gainezka egoteko. Niretzat, bide batez, Coca Cola Zero, mesedez. Azukre gehiegi ez dut nahi-eta.