NAIZ

Jakin fundazioak krisi ekologiko, klimatiko eta sozialari buruzko jardunaldi bat antolatu du

‘Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?’ deituriko jardunaldia uztailaren 15 eta 16an ospatuko da Usurbilen. Izen-ematea zabalik da jada.

Jakin eta UEUren jardunaldiaren aurkezpen ekitaldia. (JAKIN)
Jakin eta UEUren jardunaldiaren aurkezpen ekitaldia. (JAKIN)

Jakin Fundazioak udako jardunaldien V.edizioa antolatu du, Usurbilgo Udalarekin eta Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean. Jakin fundazioko zuzendaria den Lorea Agirrek «zientziaren begirada, begirada sozio politikoa eta lekuan lekuko baliabide alternatiboak», uztartuz gaiaren inguruan gogoeta egingo dutela aurreratu du.

Horretarako, hamasei hizlarik hartuko dute parte jardunaldian. Haien artean unibertsitateko ikerlariak, glaziologoak, higrologoak, geologoak, biologoak eta beste hainbat espezialitatetako adituak izango dira.

Donostian izandako aurkezpen ekitaldian Agirrek azaldu du mundu «bizigarriago eta justuago» bati «galga» jartzen ari gatzaizkiola. Horregatik, jardunaldiak landutako gaien inguruko hausnarketa sustatzea bilatuko du.

Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak, herria «hitzaren, gogoetaren eta solasaldi pausatuaren parada» izatea nahi duela jakinarazi du. Hortaz gain, eskerrak eman ditu Usurbilgo atez ateko esperientzia ekimen praktikoen artean azaltzeko aukeragatik. Krisien harira, Solabarrietak adierazi du Usurbil «herri jasangarria, irisgarria eta bizigarria» bihurtzeko ezinbestekoa iruditzen zaiola krisien ikuspuntu orokor bat jorratzea.

«Klima krisiari aurre egiteko ezinbestekoa da politika feministak egitea», gehitu du alkateak.

Formatuari dagokionez, jardunaldia presentziala izango da. Kepa Sarasola UEUko zuzendariak azpimarratu du positiboa dela ekimena presentziala izatea: «Pertsonen arteko elkarrekintzatik esperientzien trukea gertatzen delako».