NAIZ

Pandemiaren kudeaketa «itxuraldatzen saiatzea» leporatu diote Lakuako Hezkuntza Sailari

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Gasteizko Odon Apraiz zentroaren aurrean, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila pandemiaren kudeaketa «itxuraldatzen saiatu» dela salatzeko.

Sindikatuen elkarretaratzea Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxearen aurrean. (LAB sindikatua)
Sindikatuen elkarretaratzea Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxearen aurrean. (LAB sindikatua)

Lakuako Gobernuak langileek ikasturte honetan egindako lana eta ahalegina eskertzeko ekitaldia egin du asteazken honetan Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean. Bertan kontzentratu dira ere LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuetako kideak, Lakuako Gobernuaren «propaganda ekitaldia» salatzeko eta baliabide gehiago aldarrikatzeko.

Sindikatuek gogoratu dutenez, ikasturtea greba eta mobilizazioekin hasi zuten, Hezkuntza Sailari aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostua bermatzeko beharrezko baliabide zein neurriak hartzea exijituz.

«Lehenagotik ere urgentziazkoak ziren eta pandemiarekin are ageriagoan geratu ziren lan kargak eta ratioak murrizteko eskatu genion, baliabide gehiago jartzeko exijitzearekin batera. Ikasturtea amaitzear dago eta esan dezakegu gaur gaurkoz hezkuntza publikoan ez dela sakoneko aldaketarik egon», azaldu dute.

Pandemiaren inguruan hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakasta saldu nahi izatea egotzi diote sindikatuek Lakuari, eta errealitatea «oso bestelakoa» izan dela azpimarratu dute.

«Aurrez aurreko ikasturtea aurrera eramatea posible izan bada bertako langileek eginiko lanaren, dedikazioaren eta gain-karga fisiko zein emozionalaren ondorioa izan da. Osasun prebentziorako materiala eta giza baliabideak ez ziren garaiz iritsi, heldutakoak ere erabat ez-nahikoak izan dira eta ratioak ez dira era orokortuan jaitsi. Beraz, ikastetxeek plangintza eta protokoloak ahalik eta modu egokienean kudeatzeko egindako esfortzua izugarria izan da», nabarmendu dute.

Era berean, gogoratu dute hezkuntza publikoak plantilla gehiago eta behin-behinekotasun gutxiago beharrezkoak dituela bere erronkei aurre egiteko, «kalitatezko hezkuntza bermatzeko».

Horregatik, sindikatuok Hezkuntza Sailari eskatu diote «propaganda albo batera utz dezala», eta baliabide, ratio jaitsiera, enplegu sorrera eta kontsolidazioa gauzatzeko beharrezko pausoak eman ditzala.

Pausorik eman ezean mobilizazio dinamikak indartu eta bultzatuko dituela azpimarratu dute.