‘Ni naon tokin’, Dejabu Panpin Laborategiaren artefaktu berria
Liburuez biluzita, Errenteriako liburutegi zaharrean beste aktore bat gehiago da obra berrian. Ezohiko esperientzia biziko dute bertaratzen direnek. Zentzumen guztiak esnarazi eta fokua norbere barrura eta ingurura begira jartzeko gonbita.
Begi-belarriak bakarrik ez, zentzumen guztiak zabalik joatea komeni zaio ‘Ni naon tokin’ obra ikustera doanari. Ikustea baino bizitzea izango baita. Ezohiko esperientzia batez gozatzeko gonbita luzatu dute Dejabu Panpin Laborategiko kideek. Hitzordua, ostiral, larunbat eta igande honetan, Errenteriako liburutegi zaharrean.
Ikusmenaz eta entzumenaz gain, ukimena eta dastamena ere lanean jarriko ditu bisitariak. Gorputza pitzaraziko du. «Pandemiarekin eta musukoarekin iruditzen zaigu gorputzak are gehiago gogortu direla. Besarkatu ezin horrekin, defentsa puntu batekin ditugu gorputzak. Guretzat garrantzitsua da gure gorputza sentsorialak diren paisaiek zeharkatzea. Esnatu eta gure zentzuei gozamena ematea. Askotan ahaztu egiten ditugu eta saiatu gara estimulu horiek ahalik eta presenteen egon daitezen», nabarmendu du Ainara Gurrutxaga Dejabuko kideak.
Garai batean Guardia Zibilaren kuartela, gero gaztetxea eta azken urteotan liburutegia hartu dituen eraikina eraldatuta, bere funtzioa erantsita aurkituko du ikusleak. Lekuona Fabrikara lekualdatu berri dute liburutegia, eta liburuz hustu eraikina. «Herritarrak harrituta geratuko dira, ez dute errekonozituko –esan du–. Taldekide denok oreretarrak izanik oso berezia da guretzat, eraikinak historia luzea du eta hari lotutako memoria asko ditugu».
«Dena den, herrikoak ez direnek ere berdin-berdin gozatuko dute», argitu du Gurrutxagak. Aurreko proiektuetako ildoari jarraiki, gai partikularretatik unibertsalerako bidea egin dute taldekideek oraingoan ere.
Lekua, erabakigarria
Aktore bat gehiago da liburutegi zaharra. Izan ere, “Site specific” izeneko ikuskizun formatua landu dute oraingoan, alegia, espezifikoki bertarako sortuta dago obra. «Dramaturgiari, giroari, eragiten dio horrek», kontatu du. Horrek ez du eragotziko beste lekuetan eskaintzea. «Bertara egokituko dugu», dio.
Bi urtetik gora joan dira ideia sortu zenetik, baina duela hiru astera arte ezin izan dute espazioan lanean hasi. «Udalaren eta gure artean antolaketa handia eskatu digu. Ikusleek parte hartzen dutenean hasiko da obra eta konturatuko gara ze esperientzia mota sortu dugun». [barreak]
Bidaia. Ordubetez eraikinean zehar, ibilian, arituko dira ikusleak, aurikularretik entzuten den ahotsa lagun dutela. «Paisaia emozional ezberdinak, pentsamenduak kitzikatzeko elementuak, aurkituko ditu ikusleak. Ahotsak galderak luzatuko dizkio, gaiak pausatu...».
Giro goxoa sortuko da. «Bidaia sentikor eta sentimentala da. Norbere buruarekin konektatzea da, eta, era berean, baita komunitatearekin ere. Pausuz pausu, belarrira xuxurlatzen dion ahotsa entzungo du ikusleak, bere buruarekin elkarrizketan jarriko duena, baina, aldi berean, taldeaz inguratuta egongo da, espazio zabal batean eta galdera filosofiko amankomun batzuekin».
Bost pertsonako taldetan sartzen dira bisitariak eraikinera, ordu laurdeneko tartearekin. Eta une berean biziko dute esperientzia lau solairuetan zehar. «Pisu bakoitzean lauzpabost gela daude. Denetara sartuz osatu dugu ibilbidea», esan du.
Ikuslea erdigunean duen artefaktua. «‘Antzezlana’ esaten baduzu, italiar erako antzokian denez, publikoak ulertzen du besaulkian eserita egongo dela. Hortik ateratzen zarenean proiektua izendatzeko hitz faltan aurkitzen zara. Oraingo honetan proposatzen duguna ‘artefaktua’ da; mekanismo edo dispositiboa sortu dugu ikuskizuna gerta dadin».
Proiektua bada izurriaren aurrean emandako erantzuna ere. «Pandemiaren eraginez asko aldatu da antzerkiaren ekintza bera. Musukoak, edukiera erdia... Eta guk, artista bezala, publikoarengana beste modu batera gerturatu nahi izan dugu».
Gaur egun artista bezala dituzten galderak ikusleekin partekatu nahi izan dituzte. Norbanakoa non kokatzen da egun? Non geratzen da utopia? Kolektiboak zer funtzio dauka? Munduaren etorkizuna nora doa?
Soinu banda
Musikak berebiziko garrantzia du. «Soinu banda sortu du Ander Mujikak, ibilaldiaren hasieratik bukaerara. Badakigu musikak zer indar daukan erritmoak markatzeko, emozio zehatz batzuk iradokitzeko...», dio.
Aktoreak presente daude lanean, baina, kasu honetan, ez dira antzezle. «Posible al da objektu ez bizidunen –txotxongiloak, maketak, artefaktua, argia, paisaia, eszenografia– eta ikuslearen artean erlazio emozionala sortzea? Hori zen planteatu nahi genuen jolasa», kontatu du Gurrutxagak.
Eszenaratze minimalistaren bidez, inguruko errealitatea modu poetikoan taularatzen dute Dejabukoek, herri-memoriari, historia hurbilari, fokua jarriz.
Ludikotasuna presente dago obra berrian ere. «Gure lan guztietan dago. Guk, gainera, erakutsi egiten dugu tranpa, artefaktua edo lengoaia».
Pausu bat gehiago. «Obra guztietan gabiltza bila, saiatzen gara dagoeneko dakiguna ez errepikatzen. Gure eginkizuna artista bezala hori dela uste dugu. Etengabe garaikideak izatea, nola konektatu ikuslearekin, gure gogoetak ze formatutan parteka ditzakegun...».
Bide berriak jorratu. «Beti egin izan ditugu beste formatuetan egindako lanak, baina egia da azken urteotan pisu asko hartu duela antzokietan aktoreekin egindako lanak eta bagenuen gogoa geure burua kitzikatzeko», esan du.
Errenteriako Eztena jaialdian ikusiko du argia proiektu berriak. Antolakuntza taldeko kide izanik, pozik. Ekainaren 13tik 20ra askotariko proposamenak, berritzaileak, ikusteko aukera eskaintzen du jaialdiak. «Euskal Herriko artista garaikideenak Errenteriara gonbidatzeko gogo biziz jarraitzen dugu, antzerkigintzan gori-gori dauden proiektuak ekarri...».
«Pandemiagatik atzeratu beharra izan dugu eta azkenean izar denak lerrokatu dira ekainean izan dadin. Etxean izateak, eta Eztena jaialdiaren antolatzaile bezala gainera, ilusio handia egiten digu», adierazi du.
Hogei urteko ibilbide emankorra
Dejabu Panpin Laborategiak hogei urte bete ditu aurten. Antzerki gestuala eta txotxongiloak uztartuz hainbat lan eszenaratu ditu Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok sortutako antzerki konpainiak. ‘Riiru Xol’ (2001), ‘Zein polita den Panama’ (2002), ‘Zabor ontzia’ (2004), ‘Gizona ez da txoria’ (2008), ‘Azken portua’ (2009), ‘Errautsak’ (2011), ‘Gure bide galduak’ (2011), ‘Arrastoak’ (2014)... dira izenburuetako batzuk. Bakarka zein beste antzerki taldeekin elkarlanean sortutakoak izan dira eta hainbat sari eskuratu dituzte.
Bi hamarkada luzek denetariko abaguneak eskaintzen dituzte, gozagarriak zein malkartsuak. Atzera begira jartzeko eskatuta, «intentsoak» izan direla aitortu du Gurrutxagak. Esperientzia zailen adibide, duela urte batzuk bizitako une erabakigarria ekarri du gogora. «Prekariotasun egoeran egin ditugu urte asko eta gure buru-eskemak hautsi beharrean izan gara. Ekonomiari begiratzen hasi ginen, ordura arte ez bezala. Urrats handia izan da, begirada zabaltzea eskatu diguna. Nik, pertsonalki, aurreiritzi asko apurtu ditut. Apustua egin eta Udalari proposatu genion udal antzerki klaseez gu arduratzea. Emanaldiez gain beste arloetatik diru-sarrerak sortu ditugu profesionalizatzeko bidean. Hitz hori erabiltzen ere ez ginen ausartzen. Konpainiarentzat aldaketa handia izan da, beste ahalduntze bat gure baitan, eta poliki-poliki askoz hobeto gaude. Lan baldintza duinak ditugu».
Haize berriak etorri ziren Errenteriako Udalera eta haien eskutik dinamika eraldatzaileak, kulturgintza erdigunera daramatenak. Azpeitiarren ereduari jarraiki, udal erakundeen eta sortzaileen zein herritarren arteko elkarlanaren fruitua da berriki ateak ireki dituen Lekuona Fabrika. «Guk aurrez ez geneukan Administrazioarekin harremanik, eta orain ikusi dugu onura bi aldeentzako izan daitekeela. Batez ere Oreretako Udalarekin harremanetan hasi gara eta fruitu asko ari da ematen. Proiektuak elkarlanean garatzeko aukera ikusi dugu», kontatu du Gurrutxagak.
Niessenen egoiliarrak dira Kukai dantza taldearekin batera duela lau urtetik. Eta Lekuonan gidaritza partekatuari ekin diote. «Udalak gurekin kontatu du gure ezagutza mahai gainean jarri eta proiektuari sakontasuna emateko. Koiuntura aldekoa da, saiakera dago kulturari behar duen lekua emateko. Eta hori ez da batere ohikoa», aitortu du.
Ez da erraza izan baina eragozpenak gainditze bidean dira. «Gidaritza partekatuak maila legalean, politikoan, oztopo asko gainditu behar izan ditu. Ortodoxiatik ateratzen den edozein ereduk erronka handi bati egin behar dio aurre. Urte batzuk behar izan dira orain gauden unera iristeko», adierazi du.