Partida on batekin agurtu du Zubieta denboraldiak. Baina bertaratu diren 800 zaleen poza ez da osoa izan, ez eta gutxiago ere, Realaren lehen zati ederrarekin disfrutatu ondoren, Bartzelonaren erreakzioak markagailuari buelta eman baitio.
Donostiarrak nagusi izan dira lehen zatian. Alde batetik, Lluis Cortesek denboraldi amaigabe honen astean bere taldeak lau norgehiagoka jokatu behar dituela kontutan izan duelako, hainbat jokalari gazte eta ezohiko sartuz hamaikakoan, baina baita, bestetik, Realak berak jakin izan duelako txapeldunari nola jokatu.
Hasierako minutuetan baloia Quiñonesetik gertuegi egon da, beharbada, baina bederatzigarren minutuan Ceciliak sarbidea topatu du bere hegaletik eta Bartzelonari min egiteko bidea erakutsi die taldekideei. Oso gustora aritu dira zelai-erdiko eta, batez ere, erasoko jokalariak, beren mugimenduekin Bartzelonaren lan defentsiboa oztopatuz. Saria azkar lortu dute, Melaniek Amaiurri 14. minutuan egindako penaltia Eizagirrek sartu duenean.
Ez da konformatu Natalia Arroyoren taldea eta jo ta ke jarraitu du. Franssi, Cecilia, Amaiur eta Eizagirre oso gustora aritu dira eta gertuago somatzen zen etxekoen bigarrena berdinketa baino. Kalitateak, hala ere, bizirik mantendu du Kataluniako taldea, eta langak Amaiurren gola bakarrik ez eta Losadarena eta Aitanarena ere sahiestu ditu.
Partida goitik behera aldatu da bigarren zatian. Lluis Cortesek nahikoa izan du ordura arte ikusitakoarekin eta atsedenaldian hiru aldaketa batera egin ditu. Crnogorcevic, Patri Guijarro eta Jenni zelairatu dira eta emaitza berehala heldu da. 50.minutuan, Jennik korner batean lortu du berdinketa, dinamikaren aldaketa berretsiz. Are gehiago Mariona eta Graham Hansen zelairatu direnean.
66. minutuan Jennik bigarrena sartu du baina jokoz kanpo zegoen. Ez zaio larregi inporta izan, hat-trick bat lortu baitu azkenean. Aurretik Martensek eman dio abantaila bere taldeari. Quiñones makal ibili da Graham Hansenek egindako erdiraketan eta Martensek 1-2koa sartzeko aprobetxatu du.
Antzeko bi jokaldiekin borobildu du bere garaipena Bartzelonak azken hamar minututan: Marioaren pasea, Graham Hansenen erdiraketa eta Jenniren errematea, bigarrena orpoz.
Datorren astean Valentzia bisitatuko du Realak denboraldiari amaiera emateko.