Patxi Gaztelumendi
Bilbo
Entrevista
Mikel Urbeltz
Kafe Antzokiko arduraduna

«Euskararen motibazio-ezagutza-erabilera indartzeko beharrezkoak dira gurea bezalako espazioak»

Isa Isazelaia, Mikel Urbeltz eta Jabi Zabala. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Isa Isazelaia, Mikel Urbeltz eta Jabi Zabala. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilboko Kafe Antzokiak iazko martxotik darama itxita. Ez dago kaferik euskaltegiko ikasle eta irakasleentzat, inguruko bulegoetako langileek ezin dute bertan bazkaldu, Bilbo eta inguruko euskaltzaleentzako kultur erreferentzia nagusiak ateak itxita ditu aspaldian. Ez kontzertu, ez hitzaldi, ez eta bestelako saiorik ere. Mikel Urbeltz Kafe Antzokiaren dinamikaz arduratzen da, eta inoiz baino lanpetuago sumatu dugu. Argazkiak egiteko sartu gara Kafe Antzoki barrura, eta une horretan bilera bat zeukan tabernariekin. Kafe Antzokiaren kultur esperientziatik, arduratik, etorkizunerako bide oparoan baikorra da bera. Kultur sorkuntzak eta hizkuntzak arnasa behar dutelako ari dira udazkenean berriro ateak irekitzeko prestatzen.

Kultur eta ostalaritzaren ikuspegitik 15 hilabete hauek ekarri duten galeraz gain, zer gehiago galdu da Kafe Antzokia itxita egon den denbora honetan guztian?
Kafe Antzokia martxoaren 12az geroztik dago itxita eta, noski, ostalaritza zerbitzuak, gaueko aisia eta ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, horrek gure etxearentzako, langileentzako, hornitzaileentzako, talde eta elkarteentzako zein bezeroentzako dakarren galerarekin. Itxiera 18 hilabetera arte luzatzen bada, eta hala dirudi, 450 ekitaldi inguru galduko dira, bakoitzak dakarren esperientzia edo bizipenarekin. Baina Kafe Antzokia, aurreko guztiak eskainiz, euskararen erabilerak espazioak irabazteko eta kultura herritarrei helarazteko sortu zen, gure hizkuntzaren erreferentzialtasuna indartzeko, euskaldungoa trinkotzeko. Erabilera esparru naturalik gabe, euskararen irakaskuntza hankamotz geratzen da, motibazio-ezagutza-erabilera soka indartzeko beharrezkoak dira-eta gurea bezalako espazioak.

Kafe Antzokia beti irudikatu dugu plaza ireki moduan eta horregatik kalearen jarraipen naturala da; bertan gertatzen diren harreman, lotura, saretzeek gurean dute isla. Ekitaldiek berez duten garrantziaz gain, aretoa betetzen duten herritarrek komunitatea gorpuzten dute behin eta berriz, hizkuntza eta kultura zabaldu, harremanak sendotu...

Orain, berriz, dena bilakatu zaigu portzentaje, distantzia, dezimal... eta, hain justu, harremanak debekatu zaizkigu mundu distopiko honetan; hau da, egiten dugun guztiaren muina. Kaleak eta plaza –Kafe Antzokia– hustu dira.

Eta ageriago egin zaizkigu gure nazioaren ahuleziak ere, zeren gutarrak diren nafar, lapurtar eta zuberotarrek are zailago izan dute gure plazan agertzeko.
 
Zein da egungo egoera, eta zer aurreikusten duzue?
Aretoa ordutik itxita dago eta langile guztiak, 50, aldi baterako erregulazioan gaude. Momentu honetan dauden limitazioek ez dute bideragarri egiten gure jarduna. Gaueko aisia ezin dugu zabaldu eta kontzertu eta ekitaldien aforoa, mugatua, jesarrita eta 1,5 metroko distantziarekin, benetan urria da, %10 inguru gelditzen baita. Irakurtzen dugu kultur ekitaldien ordutegia zabaltzeaz eta (22.00etatik 24.00etara), baina beste murrizketak kontuan izanik, ez dira aldaketa eraginkorrak gure jardueran. Diru galeretara eramaten gaituzten ezarritako aforo mugatuak, bai eguneko ostalaritza zerbitzuetan, zein kontzertu, kultur ekitaldi eta gaueko aisian, defizitarioak dira, musika, antzerki, dantza talde, areto, promotore... soka guztiarentzat.

Azken hilabeteetan egin diren emanaldiak, gehienbat, titularitate publikoko aretoetan edo egon zitekeen defizita diru publikoz estalitako emanaldi eta jaialdietan egin dira. Guk berriz, ez dugu horrelako aukerarik: gure defizita gure heriotza litzateke.

Herri ekimenetik sortuak garenok eta gure lanaren izaera publikoa aldarrikatzen dugunok, gure izaeraren publiko-pribatutasunaren irakurketa partziala dela-eta, beti ezbaian dugu egiten dugun lanaren aitorpena. Horrela, gertatzen da ostalaritza zerbitzuak eta urtero 300 kultur ekitaldi eskaintzen dituen Kafe Antzokia kultur sektoreari emandako dirulaguntzetatik kanpo utzi duela Jaurlaritzak, beste zenbait aretorekin batera. Gure bi jardun nagusien orekari esker bete ditugu 25 urte. Hala ere, hori ez da laguntzetan islatzen; ez dator bat kultur eta euskalgintza mailan Kafe Antzokiak duen pisuarekin eta sektoreak berak duen garrantzi estrategikoarekin, gure identitatearekin lotua.
 
Udan itxita egongo da, beraz, Kafe Antzokia. Ikasturte berrian, zer?
Gaur egun daukagun egoera aztertuta eta etorkizunak egoera hobe bat ekarriko duelakoan, urrian zabaltzeko plangintza lantzen gabiltza, betiere urrian murrizketak arindu eta gure lana bideragarria izango delako ustean. Iaz 25 urte bete zituen Kafe Antzokiak eta hurrengo 25ak ere egitasmoz eta lanez oparo ikusten ditugu, musika, dantza, bertso, zinema, antzerki sormenez beteak, eta euskaldunen harreman eta sareak trinkotzeko guztiz beharrezkoa den plaza lepo. Euskal kulturaren eta euskalgintzaren sarea txikia da, beste hizkuntza eta kulturekin alderatuta; baina daukaguna da, bakarra, garena, bereziki zaindu beharrekoa. Behar dugu zabaldu eta arnasa hartu, lagun, bezero, sortzaile eta bidaidez betetako Kafe Antzoki bat ikusi, kulturaz eta aisiaz gozatzen, orain arte izan direnen etxe eta berrien erakartzaile.