NAIZ

Lakuak laneko arriskuen prebentzioa ez duela «seriotasunez hartzen» salatu dute

Aurreko asteartean Lakuako Gobernuaren eraikin batean hildako langilea oroitzeko ekitaldi egin dute ELA eta LABek. Era berean, Exekutiboak laneko arriskuen prebentzioa ez duela «behar besteko seriotasunez hartzen» arbuiatu dute sindikatuek.

LAB eta ELAren elkarretaratzea Lakuako Gobernuaren egoitzan. (LAB)
LAB eta ELAren elkarretaratzea Lakuako Gobernuaren egoitzan. (LAB)

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek 20 minutuko elkarretaratze isila egin dute gaur eguerdian, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean, ekainaren 8an altuera handi batetik erorita hil zen Eduardo Muñoz langilearen omenez.

ELA sindikatuko ordezkari batek adierazi duenez, heriotza lantokian gertatu zen, eta jazotakoa argitzeko eskatu du, oraindik ez dakitelako «zehazki zer gertatu den». «Pertsona eskailera batetik behera erori da zazpigarren solairutik, eta oraindik ez dute behar bezalako azalpenik eman», kritikatu du. Era berean Gobernuko langile bat zenez, Exekutiboak «erantzukizun zuzena» duela gaineratu du.

ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, Lakuak «ez du behar besteko seriotasunez hartzen laneko arriskuen prebentzioa», eta EAEn dituen egoitza guztietan lan egiten duten 7.800 langileentzat, lau prebentzio-teknikari baino ez egotea kritikatu dute.

«Eusko Jaurlaritzak ez du behar besteko seriotasunez hartzen laneko arriskuen prebentzioa. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eraikin guztietarako lau teknikari bakarrik izatea ez da nahikoa», adierazi du.

«Eusko Jaurlaritzan lan arriskuak ekiditeko eta batez ere gaitz psikosozialak prebenitzeko plangintza eta kultura falta larrian gaudela aspaldi» esan du LABek.

Elkarretaratzeaz gain, sindikatuek bi orduko lanuztea deitu dute, 12.30etik 14.30era.